Teknologia berrien gizarte-eraginak, nazioarteko eztabaidagai

Europako zazpi herrialdetako adituak UPV/EHUn bilduko dira Cyberworld delakoari buruz eztabaidatzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/08

Europako zazpi herrialdetatik datozen eta diziplina desberdinetakoak diren adituak bilduko dira Donostiako Carlos Santamaría Zentroan, irailaren 26an, 27an eta 28an. Bilkuraren xedea izango da azken ikerketak aurkeztea eta Cyberworld delakoaren baldintza kultural, ekonomiko, psiko-sozial eta filosofikoei buruz eztabaidatzea, izenburu hau duten nazioarteko jardunaldietan: "Agoratik Ziberplazara: espazio publikoaren dimentsio politikoak, sozialak, kulturalak, digitalak eta ez digitalak".

Gaur goizen egin da jardueraren aurkezpena. Bertan izan dira: Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; Xabi Paya, DSS2016ko Kultur zuzendaria; Nicanor Ursua, UPV/EHUko Filosofia Saileko zuzendaria eta CultMedia-ko kidea; eta, Joxe Murua, Laboral Kutxako Donostiako Bulego Nagusiko zuzendaria.

Ekimena Kultur Aniztasunaren eta Komunikabide Berrien Nazioarteko Sarearen (CultMedia) baitan sortu zen. Hain zuzen, erakunde hori Europako sare bat da, diziplina anitzekoa eta elkarlanekoa, eta "Komunikabide Berrien" aurrekontuak eta ondorio sozialak ikertzeaz arduratzen da, nazioarteko konparaziozko ikuspegi bati helduta.

Topaketa antolatzen lagundu dute Eusko Ikaskuntzak eta UPV/EHUk, eta Laboral Kutxaren babesa ere izan da. Halaber, 2016ko Donostiako Elkarrizketen baitan dago topaketaren programazioaren ildoa; hain zuzen, inguruko kultur eragileekin aliantzak ezartzeko eta Hiriburutzaren balioekin lotutako proiektuak babesteko diseinatuta baitago.

Alemanez edo ingelesez hitz egingo da topaketan, baina aldi bereko interpretazio zerbitzua eskainiko da (euskarara eta gaztelaniara).

Programazio eta gai biziak

Programa gogoetarako hiru jardunalditan banatuta dago, hiriari eta bizikidetzako espazio partekatu edota publikoei buruz. Era berean, elkarrengandik hurbil dauden baina bananduta dauden lau arreta gunek sortuko dituzte foro irekiak; horietako bakoitza hiri bat den izaki bizidun bakoitzaren "organo" edo funtzio batekin identifikatuko da: azala, birikak, garuna eta bihotza:

  • Hiriaren azala: hiriaren benetako dimentsioak eta dimentsio birtualak.
  • Birikak, hiria arnastuz: espazio publikoak eta topaketarako espazioak.
  • Hiriaren garuna: hiriaren dimentsio arrazionala; kontsumo digital berria.
  • Hiriaren bihotza: hiriaren dimentsio emozionala; espazio partekatua.

Irailaren 26an, astelehenean, jarriko da abian jardunaldia. Irekiera ekitaldian izango dira hauek: Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Xabier Etxagüe, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoa; eta Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako burua. Jarraian, Gergard Banse CultMediako buruak sareak dituen 14 urteak gogoraraziko ditu, eta atzera begirako ikuspegia baliatuko du horretarako.

Lehen agertokia, "hiriaren azala", jarriko da martxan segidan, eta Julius Erdmann-ek hitz egingo du. Haren hitzaldiaren ardatza espazio publikoko bitartekaritzaren dimentsio berriak izango dira. Atsedenaldi labur bat egin ondoren, eztabaida bat egingo da. Annely Rothkegel (Hildesheim, Alemania), Andrzej Kiepas (Katowice, Polonia) eta José Ignacio Galparsoro (UPV/EHU) arituko dira eztabaidan, eta Irene Krebs (Cottbus, Alemania) izango da moderatzailea. Sareak eta globalizazioak hirian eta biztanleengan dituzten eraginei buruz hitz egingo dute, jasangarritasunaren, funtzioen mutazioaren eta mendekotasunaren ikuspuntutik.

Arratsaldean, eztabaidari ekingo zaio berriro, eta hauek arituko dira elkarrizketan: Ignacio Ayestarán (UPV/EHU), Krzysztof Michalski (Rzeszow, Polonia), Andrés Merejo (Univ. Autónoma de Santo Domingo, Dominikar Errepublika), Aleksandra Kuzior eta Paulina Kuzior (Katowice, Polonia), Mariola Sulkowska-Janowska (Katowice, Polonia), Tadeusz Miczka (Katowice, Polonia) eta Xabier Insausti (UPV/EHU). Eztabaidaren moderatzailea Nicanor Ursua (UPV/EHU) izango da. Kasu honetan, eztabaidarako gaia espazio eta nortasun kontzeptuak izango dira cyberworld delakoan, eta horien funtzioak eta ikusmoldean izandako iraultza ere landuko dituzte.

Irailaren 27an, asteartean, goizean, "hiriko birikak" izango da langaia. Eztabaidan, hauek hartuko dute parte: Dirk Hommrich (Heidelberg, Alemania), José Mármol (Univ. Autónoma de Santo Domingo, Dominikar Errepublika), Zbigniew Oniszczuk (Katowice, Polonia) eta Magdalena Wolek (Katowice, Polonia). Moderatzailea Antje Zapf (Berlin, Alemania) izango da. Eztabaidan landuko diren gaiak hauek izango dira: garuna ulertzea ziberespazioan, nortasunaren adierazpena eta komunitateak sortzea, eta elementuen funtzionalitatea. Era berean, Sarean online lan egiten duten poloniarren jarduera bera azalduko da. Etenaldi bat egin ondoren, Björn Egbert (Freiburg, Alemania) moderatzaile lanetan jardungo delarik, Bogdan Zeler-ek (Katowice, Polonia) "Geniur Loci, Mass Media sozialak" aurkeztuko du, eta Konstantin Keulen-ek Kornelius Keulen-ekin (Potsdam, Alemania) batera "aldiberekotasunen aldiberekotasuna" eta Internet aurkeztuko dituzte.

Arratsaldeko saioan, "hiriaren garuna" landuko da. Gerhard Banse (Berlin, Alemania), Julián Pacho (UPV/EHU) eta Irene Krebs (Cottbus, Alemania) jardungo dira, Nicanor Ursua (UPV/EHU) moderatzaile dutela, eta garapen jasangarriaren, teknikaren eta kulturaren interdependentziez arituko dira, baita kulturen eta informatikaren artekoez ere. Bestalde, era digitalean ezagutza zientifikoen irakurgarritasunean eta ezaugarrietan sakonduko da. Eguna amaitzeko, "harrikatze digitala eta horri buruzko neurri zuzentzaileak" gaiari buruzko eztabaida egingo da, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jaso dutenekin: Juanjo Álvarez, Joxerramon Bengoetxea, Javier Echeverría, Javier Elzo, Daniel Innerarity, Gurutz Jáuregi eta Mariasun Landa.

Irailaren 28an, asteazkenean, programako azken jardunaldia egingo da, eta "hiriaren bihotza" landuko da. Goizean,  Mariusz Wojewoda (Katowice, Polonia), Petr Machdleidt eta Karel Mrácek (Praga, Txekiar Errepublika) eta Urszula Zydek-Bednarczuk (Katowice, Polonia) jardungo dira, Xabier Insausti (UPV/EHU) moderatzaile dutela. Komunikazioak esfera publikoan dituen alderdi etikoez hitz egingo dute, bai eta hiriaz ere gizakien Internet eta gauzen Internet topatzeko espazio gisa, eta puntuen antropologiaz ere Breslau (Wroclaw)-Donostia Kulturaren Europako Hirien deskribapenean. Ondoren, Ignacio Ayestarán (UPV/EHU) moderatzaile lanetan arituko delarik, Bruno Gransche-k (Karlsruhe, Alemania) Agora-ziberforoen eta kontsumo-tenpluen herentziak aurkeztuko ditu Agora birtual eta gaur egungo espazio komun gisa, eta Anja Hartmann-ek (Bonn, Alemania), berriz, informazio segurtasuna eta autodeterminazioa gizarte digitalean gaia aurkeztuko du.

Arratsaldean, Gerhard Zecha (Salzburg, Austria), Andreas Metzner-Szigeth (Bozen/Bolzano) eta Björn Egbert (Freiburg, Alemania) balio soziokulturalen balizko eraldaketaz arituko dira, eta kulturaren eta gizartearen eraldaketa tekno-komunikabidezkoak aztertzeko moduaz. Karel Mrácek (Praga, Txekiar Errepublika) izango da moderatzailea. Gainera, Ekintzailetza-Hezkuntza-Ikerketa trinomioa lantzeko espazioa ere izango da, curriculuma berrikusteko formazio ekonomiko orokorraren testuinguruan.

Azkenik, jardunaldiak amaitzeko, Nicanor Ursuak, Julián Pachok eta Xabier Insaustik (guztiak ere UPV/EHUkoak) topaketaren laburpena egingo dute eta jardunaldietan ateratako ikuspuntuak aurkeztuko dituzte. Era berean, antolatzaileen eta kolaboratzaileen balorazioa eskainiko dute.

Interesa duen orok parte hartu ahal izango du doan. Horretarako, Eusko Ikaskuntzaren web orrian (www.eusko-ikaskuntza.eus) eman behar da izena. Gainera, jardunaldien garapena jarraitu eta jardunaldietan parte hartu ahal izango da Twitter sare sozialean horretarako gaitutako traolaren bitartez (#cyberplaza). Hitzaldi guztietan eztabaidatu egin ahal izango da, dela aretoan bertan, dela online.
 

Argazkia: Joxe Murua, Iñaki Dorronsoro, Ana Arrieta, Nicanor Ursua eta Xabi Paya (ezk-esk). Eusko Ikaskuntza