Eduki publikatzailea

Amaya Suberviolaren ‘Montañas de papel' Hotel Carltoneko VI. Arte Lehiaketako irabazlea

Nagore Amenabarro eta Ainhoa Coloradoren ‘Sin título' eta ‘Atardecer en el pantano' artelanek bigarren eta hirugarren sariak eskuratu dituzte, hurrenez hurren

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/16

Irudia

Atzo eman ziren Bilboko Hotel Carltoneko VI. Arte Lehiaketako sariak. Ekimena hotelak berak antolatzen du, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearekin batera, arte eta kultura gazteenak sustatzeko helburuarekin. Lehiaketa aipatu fakultatean 2015/2016 ikasturtean zehar matrikulatutako ikasleei zuzendu zaie eta ekainean abiatu zen, ikasleek euren lanak aurkeztu zituztenean. Orduan, UPV/EHU, Hotel Carlton eta kultura arloko hainbat ordezkariz osatutako epaimahaiak lehiaketarako onartutako 30 artelanak aukeratu zituen. Pieza hauek ikusgai egon dira abuztuaren 20a eta irailaren 4a bitartean hoteleko lobbyan muntatutako erakusketan.

Edizio honetan hautaturiko artelanak Jesus Domingo Peña, Inma Peña Fernández, Sara Elisabet Gimeno Martínez, Pablo Abril Sánchez, Lexuri Pardo Altzibar, Adrián Cortadi Cámara, Elena Sierra García, Xabier Goikoetxeta García, Ander Gómez Miranda, Manuel Moral Vidal, Raúl Gancedo Montalvo, Jorge Gimeno Muro, Fernando Villena Irigolas, Ainhoa Colorado Cobos, Aritz Muguerza Horas, Raquel Miranda Pérez, Joana Etxebarria Akaiturri, Luis Olaso Garralda, Pablo Zabala Arana, Pedro Bella Hernández, Iván Chacón Villota, Amaya Suberviola García, Paula Martínez Domínguez, María Casanueva López, Ximon Aguirre Izco, Leticia Gaspar García, Nagore Amenabarro Irastorza, Ander Etxaniz Altube, Iñigo Fernández de Pinedo Eguíluz eta Mikel Del Río Moránenak izan dira.

Atzo, irailak 15, 13:00etan Hotel Carltonen ospatutako ekitaldian, hoteleko, UPV/EHUko eta Bilboko Udaleko ordezkariek hiru artelan irabazleei sariak eman zizkieten. Lehiaketako pintura irabazlea Amaya Suberviolaren ‘Montañas de papel' izan da. Saria 3.000 eurokoa da eta Nekane Alonsok, Bilboko Udaleko kultura zinegotziak, Facundo Quevedori eman zion, Suberviolaren izenean joan zena sari-banaketara. Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Nagore Amenabarrok eskuratu du, izenburutzat ‘Sin título' duen pinturarekin. UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea den Carmelo Garitaonandiak eman zion saria Amenabarrori. Azkenik, hirugarren saria Ainhoa Coloradorentzat izan da, ‘Atardecer en el pantano' pinturagatik. Alberto Gutiérrezek, Hotel Carltoneko zuzendariak, eman zion 1.000 euroko saria. Hiru artelan hauek Hotel Carltonen ondare izatera pasatuko dira.

 

ARGAZKIAK: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU