Jarduera fisikoak gaixo kronikoetan duen garrantzia berretsi du azterketa batek

Gasteizen 2000 eta 2012 bitartean egindako ariketa-programa terapeutiko batean lortutako datuak aztertu ditu UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/04

UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaile batek egiaztatu du jarduera fisikoak berehalako hobekuntzak eragin dizkiela ariketa fisikoko programa bati atxikitako gaixo kronikoei. Horretarako, Zunzunegui doktoreak 2000 eta 2012 bitartean Mendizorrotzako Kirol Medikuntzako Zentroan egindako ariketa-programa terapeutikoaren atzera begirako azterketa bat egin du ikertzaileak. Programa haren helburua izan zen zenbait gaixotasun kronikoren sintomak hobetzea, arrisku-faktoreak murriztea, eta jarduera fisikoak beren gaixotasunetan eragiten dituen onurak jakitera ematea patologia kronikoak dituzten gaixoei.

Gasteizko Mendizorrotzako Kirol Medikuntzako Zentroan 2000-2012 bitartean Zunzunegui doktore zenak egindako lanean oinarritu du Irantzu Ibañez ikertzaileak bere lana. Ibañezen ikerketaren helburu nagusia izan da Zunzunegui doktoreak eta haren lantaldeak orduan jasotako datuak biltzea eta programaren ebaluazio bat egitea, programa eraginkorra izan zen edo ez jakiteko.

Zunzunegui doktoreak martxan jarritako ariketa-programa terapeutikoaren helburu nagusiak ziren zenbait gaixotasun kronikoren sintomak hobetzea —hala nola aparatu muskuloeskeletikoaren patologiak, II motako diabetesa, hipertentsioa eta obesitatea—, arrisku-faktoreak murriztea, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea eta bizimodu osasuntsu eta aktibo bat sustatzea. Programak bederatzi hilabeteko iraupena zuen, eta astean hirutan, ordubeteko saioak egiten ziren, ariketa aerobikoak, indar-ariketak eta malgutasun-ariketak konbinatuz. Azterketetan, aldagai hauek hartu zituzten kontuan: altuera, pisua, gerriaren perimetroa, aldakaren perimetroa, enborreko muskulu hedatzaileen malgutasuna, tentsioa, bihotz-maiztasuna eta bihotz- eta arnas gaitasunak. Bestalde, galdetegi batzuk bete zituzten parte-hartzaileek, beren motibazioa eta programaren amaierako gogobetetzea neurtzeko.

Tentsioa, motibazioa eta gogobetetzea hobetzen dira

Ariketen osteko tentsio-neurketek erakutsi zuten tentsio-maila zertxobait txikiagoak zituztela parte-hartzaileek, atsedenean egindako neurketekin alderatuta. Horrek frogatzen du jarduera fisikoak tentsioa txikitzeko berehalako eragina duela, eta agerian uzten, ariketa-aldi laburrek dituzten eragin onuragarriak.

Gutxieneko eraginak hauteman ziren gorputzaren konposizioarekin lotutako aldagai guztietan, baliteke ariketak egiteko estimulu gutxiegi izateagatik, programarekiko atxikimendu txikia izateagatik, dieta ez kontrolatzeagatik, gihar-masa handitu izanagatik, eta abar. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da tentsio-murrizketak ez zirela gorputzaren konposizioaren aldaketekin batera gertatu, eta horrek adierazten du zer garrantzitsua den jarduera fisikoa egitea pisua murriztu ez arren. Programak irauten zituen bederatzi hilabeteak igarota, 5 mmHg-ko murrizketak hauteman ziren tentsioan, eta horrek berresten du zer eragin positiboa duen jarduera fisikoak arrisku kardiobaskularra eta hilkortasuna murrizteari dagokionez. "Izen handiko ikerketetan frogatu dute murrizketa hori oso esanguratsua dela arrisku-faktoreak gutxitzeari dagokionez, batez ere hipertentsioa eta beste gaixotasun batzuk dituzten pazienteetan", azaldu du Irantzu Ibañezek.

Bestalde, aldaketak detektatu zituzten bihotz- eta arnas gaitasunean, baina ez ziren aldaketa handiak izan, "nahiz eta garrantzitsuak izan litezkeena gaixotasun larriak dituzten pertsona batzuetan", azaldu du. Programa hasi eta hiru hilabetera, malgutasun-hobekuntzak hauteman ziren parte-hartzaileetan; "aldaketa garrantzitsua da hori, funtzionalitatea hobetzen laguntzeko urrats gisa", adierazi du ikertzaileak.

"Programaren helburu nagusia zen jendeak ariketa fisikoak egitea eta ikastea eta ulertzea jarduera fisikoa oso tresna baliagarria dela haientzat, beren gaixotasuna kontrolatzeko", azaldu du Ibañezek. Horretarako, programan, askotariko mintegiak antolatu zituzten parte-hartzaileei ariketa fisikoarekin, elikadurarekin eta abarrekin lotutako informazioa emateko. Parte-hartzaileek, halaber, "adierazten zuten oso pozik zeudela programarekin —erantsi du—, eta beren gaixotasunen sintomak eta bizi-kalitatea hobetu zirela".

"Argi dago prebentzioa dela bidea —ondorioztatu du ikertzaileak—, eta gizarteak ulertu behar du hobe dela prebenitzea tratatzea baino, eta, gainera, merkeagoa. Ondo baino hobeto frogatuta dago epe luzean prebentzio-programak askoz ere eraginkorragoak eta merkeagoak direla tratamendua bera baino. Beraz, funtsezkoa da Zunzunegui doktore zenak martxan jarritako, eta bere garaian bertan behera utzitako, programa bezalakoak aktibatzea".

Informazio osagarria

Irantzu Ibañez Lasurtegi (Gasteiz, 1981) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da. Effect of an exercise program on the physical condition of individuals with chronic disorders izeneko doktore-tesia egin du UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailean, Susana Gil Orozkoren zuzendaritzapean (UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatea).

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.