Galeria publikoetan hasi, eta erakusketa pribatuagoetara jo zuen Paleolitoko arteak

UPV/EHUko ikertzaile batek proposatu du lan paleolitikoen kokapena eta ikusgaitasuna aztertzea besteak beste, zer helburu zuten ondorioztatzen saiatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/25

Blanca Ochoa UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak proposatu du Paleolitoko irudi artistikoak irudikatuta dauden espazioak aztertzea, espresio horien helburua zein zen jakiten saiatzeko. Egindako azterketan, desberdintasun kronologikoak ikusi ditu marrazki edo grabatuen kokapenean; baliteke horrek adieraztea horma-artearen funtzioa eta esanahia aldatuz joan zirela Goi Paleolitoan zehar.

Arte paleolitikoaren azterketa da "historiaurreko taldeen kultura eta gizartea ezagutzeko ditugun tresna urrietako bat", adierazi du Blanca Ochoa UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak. Irudi horiek nori zuzenduta zeuden jakiteak "adieraz lezake horma-arteak zer erabilera zuen historiaurreko taldeentzat: talde osoarentzako zerbait ote zen, kide guztiek partekatzen zutena, edo talde txikientzat ote zen, pertsona bakar batentzat ere bai, agian", azaldu du.

Ikerketa-lan horren helburu gisa ezarri zen zehaztea lehenespenik izan ote zen irudi paleolitikoak marrazteko edo grabatzeko espazioak aukeratzean Kantauriko erlaitzeko bederatzi barrunbetan, Asturiasen eta Kantabrian, hain zuzen. "Alderdi hori oso gutxi ikertu da orain arte", adierazi du ikertzaileak. Irudien ikusgaitasuna aztertzeko metodologia bat garatu zuten, zeinak barnean hartzen dituen haien kokapena (aretoaren tamaina, irisgarritasuna, argi naturalik badagoen, etab.)  eta irudiei berei dagozkien ezaugarriak: "ikusgaitasuna zehazten duten alderdi nagusiak dira lanen tamaina, zer altueratan dauden, eta, batez ere, zer teknikarekin egin ziren (pintura edo grabatua) —deskribatu du Ochoak—. Margolanak grabatuak baino askoz ikusgarriagoak dira; are gehiago, grabatua oso sakon egina ez bada".

Kokapen desberdinak, erabilera-aldaketaren balizko erakusgarri

Ochoak azaltzen duen bezala, ikerketa-lanean atera dituzten ondorioen artean interesgarrienetako bat da aurkitutako desberdintasun kronologikoak: "Goi Paleolitoan zehar, aldatuz joan zen grafien banaketa topografikoa: Goi Paleolitoko lehen faseetan, tamaina ertain eta handiko marrazkiak egiten ziren batez ere, haitzuloetako galeria nagusietan. Madeleine aldian, orain dela 20.000 eta 12.000 urte artean, gora egin zuen haitzuloetako ibilbide nagusitik kanpoko espazioetako erabilerak. Areto txikietan egiten ziren; haietako batzuk, ezkutuan. Irudiek tamaina txikiagoa dute, eta grabatuaren teknikaren erabilerak ere gora egiten du. Baliteke Madeleine aldiaren aurreko artea komunitatean ikusteko sortua izatea. Madeleine aldian espazio txikiagoak erabiltzeak, berriz, adieraz lezake artearen erabilera mugatuagoa izatera igaro zela, edo bestelako funtzioren bat zuela".

Ikerketa berria eta eremu geografiko mugatu batean egina izanik, Ochoak azpimarratu du lortutakoak lehen ondorio batzuk direla. Edonola ere, uste du "lagungarria izango dela arte paleolitikoa nori zuzenduta zegoen jakin ahal izateko oinarriak jartzeko. Egiaztatu dugu garatutako metodologiak funtzionatzen duela, eta Kantauriko beste eremu batzuetan eta handik kanpo aplikatzen jarraitu daitekeela. Gustatuko litzaidake ikerketarekin jarraitzea; izan ere, eremu honetarako emaitzak oso interesgarriak izan dira, eta ikusi nahi nuke guk atera ditugun ondorioak beste eremu batzuetara zabaldu daitezkeen. Dena den, ziur asko desberdintasun geografikoak egongo dira, eta taldeek desberdin erabiliko zuten artea.

Informazio osagarria

Ikerketa-lan hau Blanca Ochoa (Salamanca, 1987) ikertzailearen doktoretza-tesiaren barruan egina da. ‘Espacio gráfico, visibilidad y tránsito cavernario: el uso de las cavidades con arte paleolítico en la Región Cantábrica' tesia UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko IT-622-13 Historiaurreko ikerketa-taldean egin zen, Marcos García Diezen (UPV/EHUko irakaslea eta ikertzailea) eta Álvaro Arrizabalaga Valbuenaren zuzendaritzapean (UPV/EHUko irakasle titularra). Ikerketa-lanean zehar, Ochoak egonaldi bat egin zuen Parisko Muséum National d'Histoire Naturelle/Institut de Paleontologie Humainen.

 

Argazkiak: Nuria González. Blanca Ochoa. UPV/EHU.

Erreferentzia bibliografikoa