Eduki publikatzailea

Ospitaleko infekzioak eragiten dituzten bakterioak kontrolatzeko metodoen efikazia zalantzan

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, bakterioek 30 egun baino gehiago iraun dezakete bizirik ospitaleko hormetan, gainazaletan edo materialean

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/09

Irudia

Ospitalean hartzen diren infekzioek osasun-arazo garrantzitsuak eragiten dituzte, arazo ugari sortzen baitituzte eta infekzioak eragiten dituzten bakterioen erresistentzia handia baita. UPV/EHUko ikertzaile batek ikusi du bakterio horietako bati hainbat desinfekzio-prozesu eragitean zelula batzuek bizirik jarraitzen dutela, baina ez direla gai ohiko kultibo-inguruneetan hazteko. Horren ondorioz, zelula horiek ez dira detektatzen desinfekzio-prozesua ebaluatzeko metodoen bidez, metodo horiek zelulen hazkuntzan oinarritzen baitira.

Acinetobacter baumannii bakterioa da mundu osoko ospitaleetako epidemia-agerraldi askoren eragilea. Gai da kondizio gogorretan denbora luzean bizirik irauteko, lehortzearekiko erresistentzia eta antibiotiko eta desinfektatzaileekiko erresistentzia harrigarriak baititu. Bakterioa bizi den ingurunean zer portaera duen jakiteko asmoz, bakterioak ospitaleko ingurunearekin lotutako askotariko kondizioetan bizirik irauteko zer estrategia dituen aztertu du Zaloa Bravo mikrobiologoak. Bakterioaren erresistentzia ezaguna izan arren, ikertzaileak azaldu du "bakterioak egonkortasun eta bideragarritasun handia duela oso egoera gogorretan denbora luzez, 30 egun baino gehiagoz".

Horregatik, funtsezkotzat jotzen da ospitaleetan mikroorganismoak desinfektatzeko metodoak berme osoz erabiltzea. Ikerketan, hainbat garbiketa-metodoren eraginkortasuna aztertu zuen, bai erradiazioa erabiltzen duten metodoak, bai desinfektatzaileekin egindako garbiketak. "A. baumannii bakterioa eragile horien eraginpean jarri ondoren lortutako emaitzek agerian utzi zuten aztertutako desinfektatzaile bat ere ez dela gai mikroorganismo hori erabat ezabatzeko", azaldu du ikertzaileak.

Ezabatzen diren eta ez diren bakterioez gainera, ikerketa honen emaitza garrantzitsuenetako bat da ikertzaileak ikusi zuela erradiazioek eta oxidatzaile batzuek eragiten dutela mikroorganismoa egoera bideragarri ez-kultibagarrian sartzea (VBNC, viable but nonculturable), hain zuzen ere, zelulak ohiko kultibo-inguruneetan hazteko gai ez diren baina nolabaiteko aktibitate metabolikoa baduten egoeran. Horrek esan nahi du zelula aktiboak direla. "Acinetobacter baumanniik egoera bideragarri ez-kultibagarria hartzen duela frogatzen duen lehen lana da hau", adierazi du Bravok. VBNC egoeran dauden mikroorganismo patogenoak, oro har, ez dira gai gaixotasun bat eragiteko, baina birulentziari eusten diote eta, egoera lehengoratzen bada, infekzioa berriro has daiteke. Berez, "badira ikerketa batzuk frogatu dutenak beste mikroorganismo batzuk gai direla egoera horretatik berpizteko eta infekzio bat hasteko, baina egia da gai horren inguruan badela halako eztabaida bat komunitate zientifikoaren barnean", erantsi du.

Desinfekzioa ebaluatzeko teknikak, zalantzan

Egoera bideragarri ez-kultibagarrian dauden zelulak hauteman ondoren, hausnarketa hau egin du Bravok desinfektatzaileak ebaluatzeari dagokionez: "Osasun-zentroetan egiten diren kontroletan, bakterio infekziosorik badagoen edo ez hautemateko, bakterioak kultiboetan nola hazten diren behatzen da. Baina egoera bideragarri ez-kultibagarrian dauden zelulak geratu badira, alegia, halako inguruneetan hazteko gai ez direnak, litekeena da desinfektatzaileek eta kontrol-metodoek ez funtzionatzea espero zen moduan. Izan ere, pentsa daiteke zelularik ez dagoela, baina berez hor daude".

Hori dela eta, Bravok proposatzen duenez, ospitaleetan, ez lirateke kultibo-hazkundean oinarritutako analisiak soilik egin behar, ingurunean mikroorganismo patogenorik badagoen jakiteko; "bideragarritasuna detektatzen duten beste metodo batzuk erabili beharko lirateke, adibidez, gene-espresioa, halako mikroorganismorik badagoen jakiteko". Halaber, jakin beharko litzateke ea bakterio hori gai den VBNC egoera lehengoratzeko, eta ea infekzio-prozesu bat abiarazteko gai litzatekeen.

Informazio osagarria

Zaloa Bravok (Barakaldo, 1988) bere doktore-tesiaren testuinguruan egin du ikerketa hau. Tesiak Estrategias de supervivencia de Acinetobacter baumannii en el ámbito hospitalario izena du, eta UPV/EHUko Inés Arana Basabe irakasle titularraren eta Maite Orruño Beltrán irakasle atxikiaren zuzendaritzapean egin du. Gaur egun, UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko doktoretza-osteko ikertzaile gisa ari da A. baumanniiren isolatu kliniko batzuen desinfekzio-efektua ikertzen, bai eta desinfekziotik bizirik irten diren zelulek infektatzeko duten gaitasuna ikertzen ere.

Erreferentzia bibliografikoa