Arte Ederretako lau ikaslek margotu dute Mikel Laboa plazako horma irudi itzela

Artelana, ‘Urratu dezakeen argia' deitua (‘La luz que puede desgarrar'), Laboaren abesti baten letraren oroigarri bat da

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/16

Borja Gómez, Jorge Gimeno, Eztizen La Cruz eta Iñigo Fernández de Pinedo Arte Ederren Fakultateko Pintura Masterreko lau ikasle dira, eta haiek margotu dute Leioako Campuseko Mikel Laboa plazako horma irudi itzela. Artelanari ‘Urratu dezakeen argia' deitu diote (‘La luz que puede desgarrar'), Mikel Laboaren abesti bateko letraren omenez, eta Arte Ederren Fakultateko lau ikasle horien talde lana da.

ñigo Fernández de Pinedo, Jorge Gimeno, Eztizen La Cruz eta Borja Gómez. Argazkia: Fernando Casavella. UPV/EHU

Iñigo, Jorge, Eztizen eta Borja atera ziren garaile 6 x 4 metroko horma irudi bat pintatzeko deialdian, beste 20 proiekturekin lehiatu ondoren, eta margolana "definitua eta garbia da", itxuraz "geometrikoa eta arkitektonikoa".

"Pintatu dugun margolana ingurunearekin nahasten den egitura bat gehiago da. Argiarekin eta inguratzen duten egiturekin (zutabeak, hormak…) jokatu dugu eta, era horretan, ilusio optiko edo begi amarru bat sortu", Iñigo Fernández de Pinedo masterreko ikasleak dioenez.

Eztizen La Cruzek azaldu duenez, horma irudiak kolore ilunak, "marroi ilun ia beltz bat, pastel tonuko koloreekin" konbinatu ditu. La Cruzek esan du artista askoren eragina izan dutela, eta zenbait pintore edo mugimendu aipatu ditu: "Hopper, Morandi, Rothko, los expresionistas…".

Pintura Masterreko lau ikasleek bi astetik gora eman dute horma irudia prestatzen, akuarela eta ordenagailuko bertsioak sortzen, eta beste hamar egun behar izan dituzte Mikel Laboa plazako horma irudia pintatzeko.

"Argi genuen lauon artean zerbait egin nahi genuela, elkarren oso desberdinak garen arren, baina pinturaz dugun ideiak uztartu gaitu. Bakoitzak adierazten zituen proposamenak lantzen hasi ginen, transformatu egiten genituen eta, gero, berriz aldatzen genuen, baina azkenean ados jarri gara. Azken batean, antzeko ikuspuntuak ditugu. Aldi berean, prozesu horretan Mikel Laboaren abestiak izan genituen bidelagun, eta inspirazio iturri bilakatu ziren", Borja Gómezek aitortu duenez.

Ez dago kontakizunik

Jorge Gimeno izan zen egitasmoarekin bat egin zuen azkena. "Zalantzati" sartu zen prozesuaren erdian, baina orain pozik dago burututako lanarekin. "Itxura arkitektoniko, geometrikoko horma irudia da, eta ilunetik argira doazen bi espazio erakusten ditu, kolore oso ilunetatik zurietara egindako bilakaera bat bezala", Gimenok kontatu duenez.

Lau artistek artelanari ‘Urratu dezakeen argia' izenburua jartzea adostu zuten arren, ez dute hura horma irudian agertzerik nahi, ez baitute beren ikuspuntua "ezarri" nahi. "Gure horma irudian —ikusizkoa eta plastikoa— ez dago irudikapenik, ez dago kontakizunik; ez diegu gure ikuspuntua ezarri nahi ikusten duten pertsonei. Pintura bere kabuz eraikitzen joan da, gu gorpuztu duen eskua gara bakarrik", Borja Gómezek bukatu duenez.