null

Haurtxoek nola koordinatzen dituzte keinuak eta bokalizazioa?

Haurtxoak hitz egiten nola hasten diren aztertu du UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikertalde batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/20

Asier Romero Andonegi, Aintzane Etxeberria Lejarreta, Ainara Romero Andonegi eta Irati de Pablo Delgado UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasleek ikergai izan dute 9 eta 13 hilabete arteko haurtxoak nola hasten diren zezelka egiteari utzi eta keinuak eta hizkera konbinatzen. Azterlana, ‘The interrelation of gestures and vocalization in early communication functions: Evidence from Basque language' izenekoa, hizkuntzalaritzari buruzko Signos aldizkari ospetsuan argitaratu dute.

Zientziak erakutsi duenez, giza lengoaia eta komunikazioa ezin dira aztertu soilik hizkeraren analisia eginda. Lan honen ekarpenen artean, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko ikertzaile Asier Romerok nabarmendu du eurena "aurreneko ikerlana" dela euskara ama hizkuntzatzat duten haurrekin erakusten duena haurtxoek "nola eta noiz" garatzen eta erabiltzen duten "keinuak hizketarekin koordinatzeko patroi bat".

"Ikusi dugunez, haurtxoak, 9 hilabeterekin zezelka egiteari eta silaba errepikatu eta luzeen kateak bokalizatzeari uzten diotenean eta 11 hilabete ingururekin hitz egin aurreko etapa konplexuena hasten dutenean, keinu gehienak ahozko ekoizpenarekin konbinatzen hasten dira, eta ez dituzte besterik gabe keinuak bakarrik egiten. Hau da, keinuen eta hizkeraren sistema elkarri estuki lotuta daude ordurako", azaldu du Romerok.

Ildo horretatik, ikertzaileak azpimarratu du keinuen eta bokalizazioaren konbinazio horietako keinuak "batik bat deitikoak" direla: "Zerbait egitearekin lotutako keinuak dira: zerbait seinalatzekoak, ematekoak, erakustekoak eta eskaintzekoak, edota helduen arreta haurtxoak lortu nahi duen objektu baterantz bideratzeko eskatzekoak edo helduari objektu jakin bat nahi duela adieraztekoak".

Romeroren hitzetan, azterlanak erakusten du hizkera eta keinuak "beharrezko bi elementu" direla giza komunikazioa ikertzeko; izan ere, gero eta froga gehiagok erakusten dute bi esparruak elkarrekin estuki koordinatuta daudela, eta "beharbada funtsezko baldintza da hitz egiteko etapan lehenengo lexikoa garatzeko".

Lagungarriak izan litezke hizkuntzaren nahasmenduak aurreikusteko

Gainera, ikertzaileak azaldu duenez, "gero eta zientzia ebidentzia gehiagok" erakusten dute haurtxoen zezelkatzearen eta keinuen arteko konbinazioak zerikusia daukala hizkuntzaren ondorengo garapenarekin; beraz, elementu prediktiboak dira. "Hori dela eta, gurea bezalako ikerketak lagungarriak izan litezke hizkuntzaren nahasmendu espezifikoaren asaldura linguistikoak iragartzeko", esan du ikertzaileak.

Lan aitzindari honen helburua izan zen ikertzea hizkuntzaz jabetzeko eta hizkuntza garatzeko prozesuak zer-nolako lotura daukan haurren keinuen eta hizketaren arteko koordinazio tenporalarekin. Horretarako, ikertzaileek bideoz grabatu zituzten familia euskaradunetan jaiotako bi haurtxo, 9 hilabete zituztenetik hasi eta 13 hilabete bete arte.

"Euren etxean grabatu genituen haurtxoak, gurasoekin batera. Bien artean, denera 1.260 komunikazio ekintzatik gora sortu zituzten 6 ordu inguruko grabazio batean, eta ondoren ELAN software espezifikoaren aplikazioarekin aztertu genituen ekintzok. ELAN tresnarekin, informazio linea digitaletan egin eta prozesa daitezke ohar guztiak, audioen eta bideoen hainbat artxibo motatarako", dio.

Bilboko Irakasleen Eskolako EUDIA ikerketa taldeko ikertzaileen argitalpen aitzindari honek lan ildo berriak ireki ditu, eta zenbait kasutan berretsi egin du haurtxo katalan eta ingelesekin egindako beste ikerketa batzuetan erakutsitakoa. Alde horretatik, aipatzekoa da ikerketa honi jarraipena emango zaiola, alde batetik, Irati de Pablo UPV/EHUren doktorego aurreko ikerketa beka baten bidez idazten ari den doktorego tesiarekin (‘Keinuen eta bokalizazioaren arteko harremanak bizitzaren lehen urtean: ebidentziak euskara hizkuntzatik') eta, bestetik, ikertalde hori orain gauzatzen ari den beste ikerketa batzuekin, zeintzuk "zabalik eta analisi eta interpretazio fasean" baitaude.

Erreferentzia bibliografikoa