Eduki publikatzailea

Nanokableak, elektronikaren etorkizuna

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/18

Irudia

Tamaina txikiko gailu elektronikoen egungo eskariari erantzuteko, hurbilketa berriak behar dira diseinuaren arloan. Aurelio Mateo Alonso (UPV/EHUri atxikitako POLYMAT Bikaintasunezko Euskal Ikerketa Zentroko (BERC) Ikerbasqueko ikertzailea) buru duen nanokableei buruzko ikerketa gaur argitaratu da Nature Communications aldizkari zientifiko ospetsuan.

Polimeroen arloko Bikaintasunezko Euskal Zentroa (POLYMAT), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Bartzelonako Unibertsitatea, Bartzelonako Bioingeniaritza Institutua (IBEC) eta Aveiroko Unibertsitateari atxikitako ikertzaile-talde batek, POLYMATen lanean diharduen Aurelio Mateo Alonso Ikerbasqueko Ikerketa-Irakaslearen zuzendaritzapean, nanokable edo kable molekularren familia berri bat garatu dute, elektronika molekularrari bide berriak eta aukera berriak irekiz. Ikerketa gaur argitaratu da Nature Communications aldizkari zientifiko ospetsuan.

Gero eta gailu elektroniko txikiagoen eskariak hartu duen goranzko bilakaeraren ondorioz, nahitaezkoa da ahalik eta osagairik txikienak dituzten zirkuituak sortzea, eta horretarako, hurbilketa berriak behar dira diseinuari dagokionez.

Horren harira, elektronika molekularrak jakinmin bizia piztu du azken aldi honetan, izan ere, molekulak erabiliz zirkuitu elektronikoak fabrikatu ahal izango balira, horrek izugarri murriztuko luke zirkuituen tamaina. Nanokableak, zirkuitu horien barruan korrontea garraiatzeaz arduratzen diren neurri molekularreko hari eroaleak dira. Hortaz, kable hauen eraginkortasuna garrantzi goreneko erronka da.

Izan ere, Aurelio Mateoren taldeak garatutako nanokable edo kable molekular familiaren berritasun nagusietako bat bere eraginkortasun-maila altuan datza, sekulako aurrerapausoa ekarriko baitu zirkuitu elektronikoen miniaturizazioan.

Aurelio Mateo Alonso (Madril, 1976) UPV/EHUri atxikitako Ikerbasqueko Ikerketa-Irakaslea da eta POLYMATeko Material Molekularren eta Supramolekularren Taldea zuzentzen du, ikerketa-ibilbide luze bezain emankorra egin ondoren. Ikerketa arloan egindako lanagatik, estatuko zein nazioarteko hainbat sari jaso ditu: Triesteko Unibertsitateko Ikertzaile Gazteen Saria (2007); Friburgoko Unibertsitateko Eugen-Graetz Saria (2009); Espainiako Kimikako Errege-Elkarteko Ikertzaile Gazteen Saria (2011) eta Estatu Batuetako Elektrokimika Elkarteko Nanokarburoen Ataleko Ikertzaile Gazteen Saria (2012). 2016an, Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) "Consolidator Grant" beka ospetsua jaso zuen.

Erreferentzia bibliografikoa