Eduki publikatzailea

«Elkarrekin lanean eta ikasten jarraitu nahi dugu»

Talde berri bat elkartu da ‘Beti bezperako koplak' animaziozko film laburrarekin izandako esperientzian sakontzeko

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/19

Irudia
Film labur berrian lanean

‘Beti bezperako koplak' filmak izan duen arrakasta ikusita, UPV/EHUko ikasleek, ikasle ohiek eta irakasleek osaturiko talde bat Arte Ederren Fakultatean bildu da asteburu osoz, proiektu harekin hasitako lankidetza prozesuarekin jarraitzeko eta beste film labur bat ekoizteko, Andoni Egañaren bertso bati buruzkoa oraingoa.

Leioa-Erandio eremua jenderik gabe dago, isilik. Ez dago ikaslerik inguruan, eta ohiz kanpoko lasaitasuna nabari da. Izan ere, gaur larunbata da, larunbat goiz eguzkitsua, eta ia ezertxo ere ez da entzuten unibertsitatean, inor ibiliko ez balitz bezala. Edo hori ematen du, zeren eta Arte Ederren Fakultateko II. Eraikinean ateak itxita ari dira lanean: barnetegi batean baleude bezala, 20 bat lagun batu dira animaziozko proiektu bati buruz elkarrekin lan egiteko.

Arte Ederretako ikasleak, ikasle ohiak eta irakasleak dira, eta, ‘Beti bezperako koplak' film laburrarekin hasitako lankidetzarekin jarraitzeko asmoz, prozesu hori sozializatu eta proiektu berri bat sortzeko bildu dira maiatzeko asteburu luze honetan. 2016an eginiko lehen lan horrek arrakasta itzela lortu du bai estatuan bai nazioartean, baita zenbait sari ere hainbat jaialditan. Eta, Arte Ederren Fakultateko Artea eta Teknologia Saileko irakasle Bego Vecarioren esanetan, "oraindik ere arrakastaren bidetik dabil".

"Lan egiteko modu baten jarraipena da. Lehen lan esperimentalak oihartzun handia izan du, jendeari gustatu zaio, eta, horregatik, sortzeko modu horretan sakontzea eta lankidetza noraino hel daitekeen ikustea pentsatu dugu", azaldu du Patxi Azpillagak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasleak.

Baina Bego Vicariok garbi dauka: ez luke nahiko ‘Beti bezperako koplak' filmak lortutako arrakasta hori berriz lortzerik. "Ez dugu arrakastan pentsatzen, ez dugu arrakastan pentsatu behar. Are gehiago, oso ondo etorriko litzaiguke arrakastarik ez izatea, bizitzan bezala, bestela gaizki ohitzen zara eta. Demagun bigarrenarekin ere oihartzun berbera lortzen dugula… Bada, hirugarrenean 100 pertsona izango genituzke hemen. Ez, ez, horri arrakastaren ondorioz hiltzea esaten zaio", esan du, barrez. Izan ere, Vicarioren ustetan, arrakasta da "jendea hemen egotea, 20 gazte, asteburu luze batez, asmo berberarekin. Ez dago hori baino arrakasta handiagorik".

«'Beti bezperako koplak' filmarena loteria baten modukoa izan da; bat-batean sekulako saria iritsi zaigu»

Patxi Azpillaga ere bat dator: "‘Beti bezperako koplak' filmarena loteria baten modukoa izan da; bat-batean sekulako saria iritsi zaigu, baina, atzera gauza bera lortuz gero, beti horrela izango dela pentsatzeko arriskua dago, eta beti ez da horrela izaten". Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslearen irudiko, benetako lorpena plataforma egonkor bat sortzea litzateke, "oinarri sendoak edukiko dituena eta aukera emango duena lanean jarraitu eta unibertsitatetik proiektu berriak sortzeko, ikasleen, ikasle ohien eta irakasleen arteko lankidetzan oinarrituta".

Biek ala biek onartu dute ‘Beti bezperako koplak' proiektuarekin asko ikasi zutela; besteak beste, "jendeak zerbait egin nahi duela eta lan egiteko prest dagoela", esan du Vicariok. Lanari beldurrik ez dioten horietakoak dira Kote Camacho eta Miriam Inza. Camachok bigarren urtea du hau, eta Inza aurrenekoz hasi da proiektu honetan. "Niretzat, proiektuaren alderdirik erakargarriena pelikula taldean filmatzeko planteamendua izan zen, hau da, barnetegi modura egiteko asmoa. Batik bat, deigarria egin zitzaidan ikustea nola bakoitzak bere zeregina betetzen duen eta nola horrek ikasteko balio dizun", azaldu du Inzak, Sorkuntza eta Diseinuko laugarren mailako ikasleak.

Arte Ederretako ikasle ohi Kote Camachok ere taldeko lana nabarmendu du. Camacho zinemaren industrian aritzen da ofizioz. "Nik neure kabuz egin ohi ditut proiektuak, eta honelako esperientziak oso positiboak dira, besteek nola funtzionatzen duten ikusteko, beste belaunaldi batzuekin harremanetan egoteko…", adierazi du.

Gai labainak

"Beharrezkoa da, gainera, landuko duzun gaian interesa izatea, gai horrekin konektatzea", azaldu du Miriam Inzak. ‘Beti bezperako koplak' pelikularen argumentua oso gogorra zen, Maialen Lujanbiok emakumeen kontrako indarkeriaz botatako bertso batzuetan oinarrituta baitzegoen. Oraingo proiektu honen ardatza Andoni Egañaren bertso batzuk dira, eta bertso hauek ere gai labain bat dute hizpide: gerra zibileko hildakoak, desagertutakoak eta hobi komunak. "Guk esan genion ‘Beti bezperako koplak' egin berri genuela, eta Andonik aukeratu zuen gaia", esan du Azpillagak.

Alde horretatik, Bego Vicarioren ustez, proiektu honetan funtsezkoa da elkartzea eta obraren alderdi guztiak bateratzea. "Egañak idatzitako bertsoetan, adosteko eta ardatz komun bat bilatzeko beharra dago. Lan honen egiturari txirikorda baten tankera hartzen diot: elementu batzuk agertuz eta desagertuz joango dira filmean, eta gero berriro azalduko dira, batzuk besteekin lotuz eta irudiak txirikordatuz", azaldu du Vicariok.

Proiektu hau egiteko, hainbat praktika landuko dituzte: argi mahaiak, eskanerrak eta teknika mistoak, printzipioz ikus-entzunezko ekoizpenarekin zerikusirik ez daukaten elementuekin nahasita, aurki argitaratuko den proiektuari garrantzia emateko.

Tailerretatik kanpo, berriro ere isiltasuna igartzen da campusean. Barruan, aurrera doa lana, Juanma Berasategiren gerizpean. Vicariok oroitzen duenez, Euskal Herriko animaziozko zinemaren aitzindaria eta aita izan zen Berasategi, eta proiektu honi ekin baino egun bat lehenago hil zen. "Hemen gauden gehienon lagun leiala izan zen, eta, beraz, gurekin dago birtualki".