Eduki publikatzailea

Aditzera eman dute edoskitzeak babes dezakeela haurra autismo eta arreta-gabeziaren aurrean

UPV/EHUk parte hartutako ikerketak lotura ikusten du edoskitzaroaren iraupen luzeagoaren eta garapen kognitibo hobearen artean

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/22

Irudia
Irudian, ezkerretik eskumara: Jesús Ibarluzea, Manuel Sánchez de Miguel eta Enrique Arranz. (Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU).

Hainbat ikerketek lotu dute edoskitzaroaren iraupena haurren adimen-errendimendu hobeagoarekin. Hala ere, azterlan gutxik ikertu dituzte amagandiko edoskitzeak beste portaera-arazoengandik babesteko duen funtzioaren inguruan. Portaera horiek izan daitezke arreta-gabeziaren hiperaktibitate nahasmendua (AGHN) eta espektro autistaren nahasmendua (EAN). UPV/EHUko ikerlari batzuek parte hartu duten azterlan baten arabera, amagandiko edoskitzeak lotura positiboa du funtzio kognitiboarekin.

Azterlanean parte hartu dute Enrique Arranz eta Manuel Sánchez UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasleek eta Jesús Ibarluzea Biodonostiako ikertzaile eta Psikologiako Fakultatera atxikitako ikerketa-laguntzaileak. Ikerketak amagandiko edoskitzearen iraupena eta garapen kognitiboa, arreta, AGHN sintomak eta autismo-ezaugarriak lotu ditu, INMA Proiektuko datuak erabilita. Proiektu hori estatu mailako ikerketa bat da, nazioarteko beste ikerketa batzuekin koordinatuta, eta ingurumen-kontaminatzaileek haurren garapenaren alderdi ezberdinetan dituzten ondorioak aztertzen ditu. Luzera-ikerketa da, 2003an jaio zenetik nerabezarora bitarte garatzen ari dena estatuko puntu ezberdinetako haur-taldeekin.

Zehazki, orain egindako ikerketarako Asturias, Gipuzkoa, Sabadell eta Valentziako 1.346 haurren datuak erabili ziren. Ikertzaileek aztertu zuten ea loturarik zuten haurrek laugarren hilera arte jasotako edoskitzeak –iturri nagusia izan zitekeen (zukuak edo ura ere edaten zuelako) edo iturri bakarra (amagandiko edoskitzea besterik ez, osagarririk gabe)− eta garapen kognitiboak, espektro autistaren zantzuak edo AGHN sintomek. Datuak 2008an jaso ziren, haurrek, batez beste, 4,9 urte zituztela. Hainbat proba egin zizkieten haurrei.

Emaitza berritzaileak

Ondorioen arabera ikerketak lotura ikusten du, faktore sozioekonomikoak edozein direla ere, amagandiko edoskitzearen iraupen luzeagoaren eta garapen kognitibo hobearen eta espektro autistaren nahasmenduaren zantzu txikiagoaren artean. Hau da, orain artean, amagandiko edoskitzeak haurraren garapen kognitiboan eragin positiboa zuela uste zen (ama-haur interakzioaren ondorioz), eta hori ez dute jasotzen, adibidez, haur instituzionalizatuek. Hala ere, aurretiaz egindako azterlanen arabera, egun dauden datu-azterketarako teknikei esker, aldagaiak bereizita identifikatzeko aukera eman zuten, eta zehaztu zuten amagandiko edoskitzearen jatorri den gantz-azidoak aktibatu egiten duela sistema neurologikoaren sentsibilitatea estimulu sozialetara. "Azterlan honen ekarpen berria da edoskitzeak autismo-ezaugarrien aurrean babes dezakeela, lotura kausala ezarri ezin den arren, beste faktore batzuek ere esku hartzen dutelako eta, beraz, ikerketa berriak egin behar dira", adierazi du Jesús Ibarluzeak.

Beraz, ikerketa honek beste ebidentzia bat gehitu dio amagandiko edoskitzearen eta funtzio kognitiboaren arteko lotura positiboari, gizarte- eta ingurumen-faktoreez kanpo. Autismo-ezaugarrien aurka ere babesten duela eman du aditzera. Emaitzak, hortaz, bat datoz amagandiko edoskitzearen iraupena luzatzeko gomendioekin, haurren garapena sustatzea helburu.

"Emakumeak eta bere bikotekideak edoskitzeari buruz erabakitzeko informatu egin behar dira, baina erabakia askea izango da. Amagandiko edoskitzea onuragarria da, baina ezin da ezinbestekotzat hartu eta bularra ez ematea ez da astakeria", adierazi du Enrique Arranz katedradunak.

Erreferentzia bibliografikoa