Eduki publikatzailea

UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak abian jarri dute matematikaren arloko mugaz haraindiko laborategi berria

Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusa sendotuko dute bi unibertsitateek, hiri frantsesean ospatzen ari den Euskampus-Bordeaux Sinposioan

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/26

Irudia
Luis Vega, Nekane Balluerka eta Manuel Tuñón de Lara

Egunotan (ekainak 26 eta 27), III. Euskampus-Bordeaux Sinposioa ari da egiten Bordeleko Unibertsitateko Talenceko Campusean, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusaren esparruan.

Gaurko inaugurazioan honako hauek mintzatu dira: Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea; Manuel Tuñón de Lara, Bordeleko Unibertsitateko presidentea; eta Matheiu Bergé, Euroeskualdearen, Mugaz Haraindiko Lankidetzaren eta Portu eta Aireportuen arloko eskualdeko kontseilaria. Lehenengo jardunaldi honetan memoradum bat ere sinatu da, Mugaz Haraindiko beste Lankidetza Laborategi bat abiarazteko, matematikaren eta haren aplikazioen arlokoa,  garatzeko. Horrekin hiru dira euroeskualdeko campusaren barruan dagoeneko sortu diren Mugaz Haraindiko Laborategiak.

Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusa 2014an formalizatu zen, bi unibertsitateek sustatuta, Bordelen egindako I. Euskampus-Bordeaux Sinposioan. Euroeskualdeko Campusa, hain zuzen ere, prestakuntzarekin, ikerkuntzarekin eta ezagutzaren transferentziarekin lotutako lankidetzarako gune bateratua da, eta bide ematen du Akitania-Euskadi ezagutzan oinarrituriko euroeskualde gisa finkatzeko eta nazioartean hedatzeko. Euroeskualdeko Campusa unibertsitate bietako kideek eta haien bazkide estrategikoek egindako jarduera partekatu jakin batzuen bidez egituratzen da: titulazio bikoitzak, doktoregoko tutorekidetzak, Europako proiektuak, ikerketa egitura elkartuak, ekintzaile programak, lan praktikak eta abar. Plan anbiziotsu horretan 120.000 pertsonak dihardute, tartean bi unibertsitateetako ikasleak (110.000), irakasle eta ikertzaileak (9.000) eta administrazio eta zerbitzuetako langileak (5.000). Euroeskualdea ekonomikoki garatzeko aktibo nagusietako bat da, Euroeskualdearen Plan Estrategikoan jasotzen den moduan.

III. Euskampus-Bordeaux Sinposioaren bitartez, bi erakunde akademikoen eta haien bazkide komunitateen arteko lankidetza sendotuko da. Halaber, lankidetza indartuko da Akitania-Euskadi euroeskualdearen jakintza triangeluan funtsezkoak diren proiektu eta jarduerak gauzatzen dituzten eragile sozial eta erakundeekin ere.

Lankidetza horren ondorioz, honako emaitza hauek lortu dira besteak beste:

  • Oraingo ikasturtean, bi titulazio bikoitz hasi dira: master ofizialeko bat, enologiaren arlokoa, eta berezko masterreko titulazio bikoitz bat, bioinformatikaren arlokoa.
  • Orain, hainbat diziplinatako 25 tesi ari dira egiten tutorekidetzan. Azken ikasturteetan, tutorekidetzan eginiko 6 tesi defendatu dira jada, eta datorren ikasturtean beste hamar hasiko dira. Komunitate bat jarri da martxan, tutorekidetzan edo zuzendarikidetzan dauden doktorego aurreko ikertzaileek eta haien gainbegiraleek osatua. Tutorekidetzan dauden ikertzaile horientzat, UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak aitorturiko prestakuntza ibilbide bat ari dira prestatzen, eta jada 5 workshop egin dira horrekin lotuta.
  • Azken urtean, Europako lau proiektu bateratu onartu dira. Onartutako azken proiektua (aurtengo apirilean onartu zen) "European Network for Alloys Behaviour Law Enhancement – ENABLE" da. UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoko Sailak zuzentzen du proiektua, doktoreak fabrikazio aurreratuaren arloan trebatzeko helburuz.
  • Berrikuntzaren arloko lau proiektu handi jarri dira martxan Euroeskualdearen esparruan, unibertsitateko gaitasunak eta Euskal Herrirako eta Akitaniarako funtsezkoak diren sektoreekin lotutako eragile ekonomiko eta sozialak elkarrekin lotzeko; sektore horietako batzuk dira, esaterako, osasuna (Chronicity Valley), ardoaren ekonomia (Euskadi-Vin-Aquitaine, EVA) eta itsas bioteknologia (Turquoise 00). Nabarmentzekoa da bi unibertsitateek mugaz haraindiko berrikuntza ekosistema bat aktibatzen dihardutela uretako lerradura kirolen ekonomiaren arloan (surfa, windsurfa, etab.). Berrikuntza ekosistema horren barruan, abian jarri da Ocean Living Lab, hau da, Sokoako gotorlekua prototipatzeko eta birgaitzeko plataforma bat. Helburua da, hain zuzen ere, bi unibertsitateek zuzenduriko prestakuntza eta berrikuntza plataforma bat sortzea. Ocean Living Labek European Networksen zigilua lortu zuen 2016an.
  • Mugaz Haraindiko bi Lankidetza Laborategi jarri dira martxan bi unibertsitateen artean, fabrikazio aurreratuaren eta  eskala kuantikoko fisika eta kimika teorikoaren alorrean (azken alor horretako laborategia Donostia International Physics Centerrekin eta CSIS-UPV/EHU Materialen Fisika Zentroarekin elkarlanean abiatu da). Bi laborategiak 2016an hasi dira lanean: tutorekidetzako tesiei buruzko proiektuak abiatu dira, workshopak egin dira eta askotariko lankidetza proiektuak gauzatu dira, hala nola aurrez aipatutako ENABLE. Esan bezala, sinposio honetan, Ulermen Memorandum bat sinatu da gaur goizean Mugaz Haraindiko beste Lankidetza Laborategi bat abiarazteko, matematikaren eta haren aplikazioen arlokoa, eta BCAM –Matematika Aplikatuaren Euskal Bikaintasun Zentroak ere parte hartzen du.
  • Horrez gain, unibertsitate biak ikasleak trukatzeko zenbait dinamika ari dira gauzatzen; esaterako, bi unibertsitateetako ikasleak zuzenbidearen arloan sartzen dituen egitasmo bateratu bat abiatu dute, lerradura kirolen ekonomiaren berrikuntza ekosistemarekin lotuta.

2014ko azaroan eta 2015eko azaroan, Euroeskualdeko Sinposioaren lehen bi edizioak egin ziren Bordelen eta Donostian, hurrenez hurren. 300 pertsonatik gora bildu ziren sinposio horietako bakoitzean, eta guztiek elkarlanerako agendak bete dituzte; horren ondorio dira, hain zuzen ere, aipaturiko emaitza horiek guztiak.

Hirugarren sinposio honetan, bi ikastegietako eta lotura duten erakundeetako 300 bat pertsona bilduko dira, eta askotariko lan tailerrak, bilerak eta jardunaldiak antolatuko dira, ikerkuntzarekin, prestakuntzarekin eta ezagutzaren transferentziarekin lotutako lankidetza egitasmoak ezartzeko edo areagotzeko, alde batetik, eta bi unibertsitateen administrazio egiturek elkarlanean jarduteko prozedurak hobetzeko, bestetik. Zehazki:

  • 10 zientzia tailer emango dira guztira, askotariko gaiak jorratzeko: osasuna, aeronautika, materialak, ekosistemak, neurozientziak, biofisika eta artea, besteak beste.
  • Gainera, prestakuntza eta berrikuntza pedagogikoarekin eta administrazio eta zerbitzuekin lotutako gaiei buruzko hainbat jardunaldi izango dira, eta administrazio eta laguntza egituretan diharduten unibertsitate bietako langileek parte hartuko dute.
  • Bestalde, erakunde bietako tutoretza edo zuzendaritza jasotzen duten doktoregaientzat, zeharkako gaitasunen seigarren workshopa egingo da, diziplinartekotasunari buruzkoa, unibertsitate bietako master eta doktorego eskolen bermearekin.
  • Horrez gain, alde biko topaketak ere antolatu dira, ‘P2P meetings' direlakoak: formatu txikiko bilerak dira, eta ez dute gai zehatzik lantzen, etorkizuneko lankidetzei ekiteko modua baizik.

Azkenik, azpimarratzekoa da Bordeleko Unibertsitatea Euskampus Fundazioaren patronatukide gisa formalizatuko dela; horrela, UPV/EHUrekin eta Euskal Herriko gainerako bazkideekin (Tecnalia, DIPC, Grupo Ormazabal, CAF eta Ikerbasque) daukan konpromisoa indartuko du.