Futboleko arbitroek partiden ondoren duten nekearen analisia

UPV/EHUko tesi batek kolektibo horrek partida ofizialetan dituen erantzun fisiko eta fisiologikoak deskribatzen ditu eta horiek eragiten duten nekea aztertzen du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/14

Daniel Castillo Alviraren doktorego tesia futbol arbitroek partida ofizialetan dituzten erantzun fisiko eta fisiologikoei buruzko lau azterlan zientifikoren eta horiek eragiten duten nekeari buruzko azterlanaren laburpena da. Lanak, bestalde, beren prestaketa fisikoa hobetzeko zenbait gomendio ere ematen ditu.

Partidetako errendimendu fisikoa eta futboleko arbitroen baldintza fisikoaren profila ezagutzeko interes zientifikoak gora egin du, nabarmen, azken bi hamarkadotan. Hori horrela, Daniel Castillo Alviraren doktorego tesiak (‘Cuantificación de las respuestas físicas y fisiológicas y análisis de la fatiga inducida por los partidos oficiales en árbitros de fútbol') JCR zerrendan indexatutako nazioarteko aldizkarietan argitaratu diren lau azterlan zientifiko ditu oinarri. Tesi honetan aurkeztutako azterlan guztiek jarraitzen diote tematika berari; tematika hori erantzun fisiko eta fisiologikoen deskribapenean eta futboleko arbitroetan partida ofizialek eragiten duten nekearen analisian oinarritzen da.

Arbitroek, edozein kategoriatan arbitratzen dutela ere, proba fisiko batzuk gainditu behar dituzte, denboraldiko zenbait unetan, eta horien emaitzen bidez, dagozkien Arbitro Batzordeek (nazioartekoak, nazionalak, autonomikoak edo probintzialak) prestatutako partiden txosten teknikoekin batera, gaikuntza eskuratzen dute beren jarduera betetzeko eta, hala badagokio, kategorian gora edo behera egiteko.

Ikerketa hori osatzen duten azterlanek erakusten dute zelaiko arbitroek distantzia gehiago egiten dutela eta batez beste abiadura balio handiagoa erregistratzen dutela partida ofizialetan laguntzaile dauden arbitroek baino. Gainera ikusten da beherakada dagoela 15 eta 30 metro bitarteko distantzietan esprintatzeko gaitasunean, partidaren ondoren, haren aurretik erregistratutako errendimenduarekin erkatzen denean, bai zelaiko arbitroetan, bai arbitro laguntzaileetan. Esprintaren errendimenduan antzeman den beherakada partidak eragindako neke eragiletzat har daiteke. Hala ere, ez da errendimendu galerarik ikusten bi aldetako eta alde bakarreko jauzi bertikalaren errendimenduan.

Halaber egiaztatu da beherakada dagoela neurtu diren beste parametro batzuen errendimenduan, edo arbitro laguntzaileek neke muskular handiagoa dutela eskuineko hankan, partidaren amaieran. "Horrek –dio Daniel Castillok– erakusten du arbitro laguntzaileek inplikazio handiagoa izan dezaketela jokoan eskuinaldeko beheko gorputz adarrean eta horrek, ondorioz, nekea eragin dezakeela, egiten dituzten ekintza bereziak eta esanguratsuenak beren eskuinaldean gertatzen direlako, penaltiaren eremua dagoen lekuan".

Kolektibo horretan prestaketa fisiko desegokia izateak partidetan beren ekintzak muga ditzakeenez eta horrek eragin negatiboa izan dezakeenez, besteak beste, kategoriaz jaisteko, tesiak ondorioztatzen du entrenamendu programa bereziak diseinatu behar direla zelaiko arbitroentzat eta arbitro laguntzaileentzat, beren errendimendu fisikoa hobetzeko lehiaketan. "Nahiz eta FIFAk test batzuk ezarri dituen zelaiko arbitroek eta arbitro laguntzaileek esprintatzeko duten gaitasuna baloratzeko, interesgarria izango litzateke ezaugarri hori baloratzea, distantzia laburragoetan, batik bat probintzia kategorietan. Gainera, prestatzaile fisikoek entrenamendu fisikoa jaso beharko lukete, azelerazio gaitasuna hobetzeko, zelaiko arbitroei eta arbitro laguntzaileei futbol partidak arbitratzeak eskatzen dizkien baldintza fisikoak kontuan hartuta", esan du Daniel Castillok.

Azterlanak

Tesia Javier Yanci Irigoyen eta Jesús Cámara Tobalina doktoreek zuzendu dute, UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Sailaren barruan, eta bertan batzen dira aurretiko lau azterlan zientifikoren emaitzak.

3. kapituluak ‘The influence of soccer match play on physiological and physical measures in soccer referees and assistant referees' azterlana jasotzen du; azterlanak futbol partidek nekean duten eragina aztertzen du, arbitroen errendimendu fisikoaren eta fisiologikoaren adierazleak aintzat hartuta.

Bigarrenak, ‘Impact of official matches on soccer referees' horizontal-jump performance', 4. kapitulua osatzen du. Azterlan horretan, lehiaketak ikasleetan jauzi horizontalaren errendimenduan duen eragina zehazten du.

5. kapituluan, ‘Relationships between internal and external match load indicators in soccer match officials' azterlana jasotzen da; horrek futbol partidetan barneko eta kanpoko kargen aldagaien arteko loturak aztertzen ditu.

6. kapitulua ‘Football match officials do not attain maximal sprinting speed during matches' artikuluak osatzen du; bertan, arbitroek lehiaketan eta test berezietan lortutako gehieneko abiadurak erkatzen dira.

Erreferentzia bibliografikoak

Castillo, D., Yanci, J., Cámara, J., Weston, M. ‘The influence of soccer match play on physiological and physical performance measures in soccer referees and assistant referees'. Journal of Sports Sciences (2016) 34(6), 557-563.

Castillo, D., Cámara, J., Sedano, S., Yanci, J. ‘Impact of official matches on soccer referees' horizontal-jump performance'. Science and Medicine in Football. Pages 1-6. Accepted 23 Apr 2017, Published online: 01 Jun 2017.

Castillo, D., Weston, M., McLaren, S.J., Cámara, J., Yanci, J. ‘Relationships between internal and external match load indicators in soccer match officials'. International Journal of Sports Physiology and Performance (2016) Dec 5:1-21. DOI: 10.1123/ijspp.2016-0392.

Castillo, D., Cámara, J., Castellano, J., Yanci, J. ‘Football match officials do not attain maximal sprinting speed during matches'. Kinesiology (2016) 48(2), 207-212.