Eduki publikatzailea

UPV/EHUk astelehenean hasiko du matrikulazio epea

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/14

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak astelehenean, uztailak 17, matrikulazio epea hasiko du. Data horretatik aurrera egingo da ikasle berrien matrikula, baita lehenengo mailatik gorako ikasleen automatrikula ere. Lehenengo mailako matrikula ikastegietan egin behar da; automatrikula, berriz, interneten bidez. Batean zein bestean, ikasleek bere hitzordua kontsultatu ahal izango dute bihartik aurrera (hilak 15).

Lehen mailako matrikulari dagokionez, lehenengo deialdian deitutako ikasleak uztailaren 17tik 20ra arte matrikulatuko dira. Bigarren deialdian, lehenengo matrikula-aldia bukatutakoan, hutsik geratu diren plazak banatuko dira; hitzorduak uztailaren 22an kontsultatu ahal izango dira, eta matrikulak hilaren 24an egingo dira. Hirugarren deialdiko hitzorduak hilaren 27an ikusi ahal izango dira, eta matrikulak hurrengo egunean egingo dira. Azkenik, irailean matrikula egiteko beste hiru txanda egongo dira. Guztira, UPV/EHUk lehenengo mailako 8.634 plaza eskainiko ditu 2017-18 ikasturtean, graduko 86 titulazioetan. 2016-17 ikasturtean plazen % 96 bete zen.

Bestalde, lehenengo mailatik gorako ikasleek automatrikula egingo dute uztailaren 17tik 28ra arte, interneten bidez edo ikastegietan matrikulatzeko beren esku jartzen zaizkien ikasgeletan.