Eduki publikatzailea

UPV/EHUko ikertzaileek gaixotasun tropikalen kontrako txertoak sortzeko crowdfundinga bilatuko dute

Proiektu horrekin, irtenbide berritzaileak lortu nahi dituzte heriotza eragin dezaketen gaitzei aurre egiteko, hala nola leishmaniosiari eta Chagas-en gaixotasunari

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/14

Irudia
Ariel Mechaly, Diego Guerin, Aritz Durana eta Iñigo Ortiz de Salazar Díez.

Gizakiek, hainbat patogenoren ondorioz, gaixotasunak harrapatzeko arriskua dute. Patogeno horietako batzuk protozooak dira, organismo zelulabakarrak; oraindik ez dago patogeno horien kontrako txertorik, nahiz eta mundu osoan milioika pertsonari erasaten dieten. Kalkulatzen denez, urtero 10.000 pertsona inguruk harrapatzen dute lominaren gaixotasuna, 50.000 pertsona inguruk Chagas-en gaitza eta bi milioik baino gehiagok leishmaniosia. Gaixotasun horiek denek heriotza eragin dezakete.

Gaixotasunoi tropikalak esaten zaie, batik bat klima epeleko herrialdeetan erasaten dutelako: Ipar Amerikatik Hego Amerikaraino, ia Afrika guztian eta Asiako herrialde ugaritan. Leishmaniosia, baina, endemikoa da Europa hegoaldeko zenbait herrialdetan ere, eta, pertsonei ez ezik, etxeko animaliei eta animalia basatiei eragiten diete, hala nola txakurrei eta untxiei. Gaitzok, nagusiki, odolaz elikatzen diren intsektuen bidez transmititzen dira, baina baita plazentaren, transfusioen eta organo transplanteen bidez ere.

Biofisika Institutuko Birusaren Ikerketa eta Garapenerako Taldeak (UPV/EHU, CSIC), Diego Guérin buru dela, nazioarteko proiektu batean dihardu gaixotasun tropikalen kontrako txertoak sortzeko, hala nola leishmaniosiaren, Chagas-en gaixotasunaren eta lominaren gaixotasunaren kontrakoak. Ikerketa horren bidez, jatorri birikoko proteinen nanopartikulak ekoitziko dituzte. Ikerketa diruz laguntzeko, crowdfunding kanpaina bat egingo dute abuztuaren 8ra bitartean, Precipita plataformak babestuta.

"Txertoak ekoizteko modu tradizionala ez da oso eraginkorra gaixotasun hauekin, eta, horregatik, irtenbide berritzaileak aurkitu behar dira. Horretarako, immunitate sistema beste era batera estimulatzen duten txertoen belaunaldi berri bat esploratzen gabiltza. Txertook VLP (Virus-like particles) [birus motako partikulak, ingelesez] plataformako teknologiarekin ekoizten dira. VLPak nanopartikula artifizialak dira; ez dute infekziorik eragiten eta ez dute pertsonen osasuna arriskuan jartzen, eta profesional batzuk hasiak dira gripearen eta B hepatitisaren aurkako txertoetan erabiltzen", azaldu du Diego Guérinek, Biofisika Institutuko Birusaren Ikerketa eta Garapenerako Taldeko buruak.

«Helburua lortzen badugu, gaixotzeko arriskuan dauden milioika pertsonari gaixotasunok saihesten lagunduko diegu etorkizun hurbilean»


"VLPak ekoizteko erabiliko dugun teknika Madrilgo Bioteknologia Zentro Nazionalean sortu zuten, eta orain gure laborategian probatu nahi dugu. Txertoa egiteko, birus baten egituraren zati bat hartzen dugu –VLPa, kaltegabea–, eta aurre egin nahi diogun patogenoaren proteina batekin –antigeno bat– fusionatzen dugu. Horrela, gure gorputzak txertoa hartzean erantzun immune handiagoarekin erreakzionatzen du, birus infekzio baten hasiera simulatzen baitu, baina patogenoaren identitate marka bat dauka", adierazi du Guérinek. "Helburua lortzen badugu, gaixotzeko arriskuan dauden milioika pertsonari gaixotasunok saihesten lagunduko diegu etorkizun hurbilean".

Bildutako dirua

Kanpaina honetan biltzen den dirua VLPak ekoizteko gastuak ordaintzeko erabiliko da oso-osorik. Gutxieneko zenbatekoarekin (4.000€), lehengai nahikoa lortuko da Biofisika Institutuko laborategian txertoaren prototipo bat ekoizteko eta karakterizatzeko. Asko jota eskura daitekeen diruarekin (10.000€), berriz, VLP nahikoa lortu ahal izango da gutxienez hiru txerto prototipo egiteko. "Gehieneko zenbateko hori gainditzen badugu, hiru txertoen diseinuan aurrera egiten ahaleginduko gara. Esate baterako, animalien modeloetan (arratoietan) egingo ditugu probak, txertoek zenbateko gaitasun immunogenikoa sortzen duten zehazteko", esan du.

Bildutako diruarekin, laborategiko materiala erosiko da; batik bat, VLPak ekoizteko behar diren erreaktiboak eta haiek karakterizatzeko erabiltzen diren  tekniketarako. Erreaktibo horien artean daude, besteak beste, behin erabiltzeko plaka plastikoak, zelulak hazteko mantenugaiak, lerro zelularrak, txertoak egiteko bereziki sintetizaturiko polipeptidoak, mikroskopio elektronikoen zerbitzuek eragindako gastuak… Lagunduko diezu helburua lortzen?

Laguntzeko, sakatu hemen.

Argazkia: Birusaren Ikerketa eta Garapenerako Taldea (UPV/EHU, CSIC): Ariel Mechaly, Diego Guerin, Aritz Durana eta Iñigo Ortiz de Salazar Díez (ezkerretik eskuinera).