Arabako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk bat egin dute Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua sustatzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/06

Ekimen hura diseinatzerakoan elkarlanean aritu dira arloko enpresekin eta erantzun ezin hobea emango diete euskal industriak gaur egun dituen premiei

Arabako Foru Aldundiak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) akordio bat izenpetu dute gaur Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradu berria sustatzeko; izan ere, aurten ematen zaio hasiera gradu horri UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolan, Arabako campusean. Uste dute biek titulazio hori estrategikoa dela bai UPV/EHUko prestakuntza eskaintzarako bai Araba eta Euskadirako, automobilgintzaren arloak egitura ekonomikoan duen garrantzia dela eta.

Gradu berritzaile hura sektoreko enpresen lankidetzarekin batera diseinatu da eta maila altuko prestakuntza premiei erantzun nahi die, titulazioko azken bi ikasturteetan bitariko prestakuntza izango baitute. Industria 4.0ko teknologiekin lotura estua du.

Hitzarmenaren bidez ikasleek hauek lortuko dituzte: estatu mailan erreferente izatea nahi den zentro bat automobilgintzaren arloan; automobilgintzan gaitasunak, interesak eta ibilbidea dituzten hainbat eragile eta enpresarekin elkarlanean aritu eta topagune eta lan esparru izatea; harreman eredu izatea unibertsitate-enpresa ardatzean; eta unibertsitatearen, enpresen eta erakundeen artean eman daitezkeen sinergia guztiak aprobetxatzea, ahaleginak bideratuz euskal industriarako interesgarriak diren teknologiak ustiatuko dituen maila altuko prestakuntza garatzera eta gaitasun zientifiko-teknologikoak garatzeko automobilgintzaren arloan.

"Seguru gaude gradu berri honek bide emango duela lan merkatuan egoki murgiltzeko, bai eta erantzuna emateko ere enpresetan ingeniaritza esparru honetan izan ohi diren aldaketa arinei", azaldu du Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak hitzarmena izenpetzean, "gaur egun enpleguaren kalitate eta kantitate aurreikuspenak ezin hobeak baitira eta oraintxe da aprobetxatzeko era".

Iván Igartua UPV/EHUko Arabako campuseko erretoreordea ere izan da izenpetzean, eta azpimarratu du titulazio berriak oso erantzun ona izan duela; izan ere, Euskadin 150 izen emate baino gehiago izan dira eta estatuan 60, graduak dituen 40 plazak betetzeko.

"Gradu hau ikasle eta sektore industrialaren eskaerari erantzun emateko jaiotzen da", esan du Iván Igartua erretoreordeak. "Horregatik ustekabean harrapatu gaitu izan duen arrakastak. Unibertsitate publiko batean horrelako gradu bat eskaintzen den lehen aldia da eta gainera, unibertsitate-enpresa sistema dual batean oinarritua dago, horrela ingeniaritza espezialitate honetan prestakuntza on bat bermatuz".

Akordioaren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak 150.000 euro bideratuko ditu proiekturako 2017an eta 200.000 euro 2018an ekipamendua erosteko, hala nola motor termikoen saiakuntza bankua, produkzioko lantegi lerroa, ikuspen artifizialeko kalitate kontroleko ekipoa eta 3D-ko simulazioak egiteko softwarea.