Esnetako estrontzioa neurtzen duen larrialdietako metodo bat egokitu dute errutinazko azterketetan erabiltzeko

Larrialdi nuklearreko kasuetarako proposatutako metodo bat egokitu du UPV/EHUk errutinazko ingurumen-azterketetan integratzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/08

UPV/EHUko Segurtasun nuklear eta erradiologikoko ikerketa-taldeak parte hartzen du Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak proposatutako metodoak balioztatzen. Duela gutxi argitaratutako ikerketa batean, talde horrek esnetako estrontzio erradioaktiboa neurtzeko nazioarteko erakundeak larrialdi nuklearreko kasuetarako proposatutako metodo baten bideragarritasuna probatu du errutinazko zaintza erradiologikoan integratzeko.

Estrontzio elementua (Sr), istripu nuklear baten kasuan, atmosferara isurtzen da gehienbat. Estrontzioaren portaera kimikoa kaltzioaren portaeraren antzekoa da, eta lurzoruan, landareetan edo animalietan (batez ere, hezurretan) pilatu daiteke. Elementu horrek bi isotopo erradioaktibo nagusi ditu (90Sr eta 89Sr); bizitza eraginkor erlatiboki luzea dute gizakiarentzat, eta, hezurretan finkatzen denez, erradiazio-dosi bat ematen du urte askoan.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA) metodo bat proposatu du, besteak beste, esnetako Sr erradioaktiboa laster detektatzeko, larrialdi edo istripu nuklearraren kasuetarako.  Metodo mota hori, dena dela, ezin da erabili errutinazko ingurumen-neurketetan, kasu horietan detekzio-mugak larrialdi nuklearreko kasuetakoak baino askozaz ere txikiagoak baitira. Horregatik, UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko Segurtasun nuklear eta erradiologikoko ikerketa-taldeak, ikerketa batean, behar diren baldintzak eta parametroak lortu ditu EANAk proposatutako metodo lasterra errutinazko ingurumen-azterketetan integratutako zainketa-plan erradiologikoetan erabiltzeko moduko metodo bihur dadin.

Metodo bakar bat, larrialdietarako eta errutinazko azterketetarako balio duena

Segurtasun nuklear eta erradiologikoko ikerketa-taldeak aktibitate txikiko neurrien laborategia du, eta, ikerketa egiteaz gainera, zainketa erradiologikoko neurketak ere egiten ditu zenbait erakunderentzat; adibidez, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluarentzat. Raquel Idoeta doktorearen ustez —aipatutako taldeko ikerlaria da—, "metodo azkarra da, errendimendu ona du, eta metodoa egokitzea erlatiboki erraza eta ekonomikoa da". Ikerketan, egokitzeko parametroak eta baldintzak zehaztearren, neurketa esperimentalak eta zenbakizko simulazioak egin dituzte; halaber, Idoetak azaldu duenaren arabera, balorazio ekonomiko bat egin dute "ikusteko zenbateraino den erraza beste laborategi batzuentzat metodo hori egokitzea". Eta hau erantsi du: "edozein ingurumen-laborategik, baldin eta beta partikulak detektatzeko ekipamendua badu edo estrontzio-determinazioak egiten baditu, ez du ia ezer behar metodo hau integratzeko. Laborategi batek errutinaz aplikatuko balu metodo hau, nahiz eta ingurumen-arloko betebeharrak lortzeko gure ikerketan agertzen diren bolumen eta neurrietara egokitu behar lukeen, ez luke arazorik izango larrialdi batean erabiltzeko, eta modu horretan esnetako estrontzio erradioaktiboa azkar determinatu ahal izateko."

Informazio osagarria

UPV/EHUko Segurtasun nuklear eta erradiologikoko ikerketa-taldea Eusko Jaurlaritzako ikerketa-talde finkatu bat da. Aktibitate Baxuko Neurketen Laborategia  UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Sailaren barruan dago. Bilboko Ingeniaritza Eskolan kokatuta dago.

Erreferentzia bibliografikoa

M. Herranz, R. Idoeta, S. Rozas, F. Legarda. "Analysis of the use of the IAEA rapid method of 89Sr and 90Sr in milk for environmental monitoring". Journal of Environmental Radioactivity. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jenvrad.2017.06.003