Elizak erreferentziazko, integraziorako eta sozializaziorako lekuak dira etorkinentzat

Artzain mendekostearrak etorkinen integrazio-prozesuan bitartekari direla ikusi du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/12

Elizek zein artzainek etorkinentzat duten garrantzia aztertu du UPV/EHUko Soziologia II saileko ikerketa-lan batek. Gurtzako lekuak izateaz gain, pertsonak integratzeko eta sozializatzeko leku ere badira elizak, eta, artzainak, etorkin-populazioaren erreferentziazko pertsonak, komunitatea eratu eta antolatzen dutenak.

Saharaz hegoaldeko jatorria duten etorkinen integrazio-mailan, jainkozaletasuna funtsezko alderdi bat da; "ikusten denez, lotura sendo samarra dago bi faktore horien artean —dio Rafael Costa Cazarin UPV/EHUko Soziologia II saileko soziologoak—. Elizara doazenean, erlijio-gurtzeetan parte hartzera, komunitatean integratzeko aukera dute, baita harremanak egiteko ere". Erlijioek, elizek eta artzainek etorkinen integrazioan zer paper betetzen duten ebazteko helburuz, ikerketa bat egin zuen Cazarinek Saharaz hegoaldeko populazio ebanjeliko-mendekostearrarekin, eta, bereziki, Nigeriako eta Kongoko etorkinekin.

Erlijio ebanjeliko-mendekostearra guztietan garrantzitsuena da Saharaz hegoaldeko Afrikan; azkeneko 20 urteetan gehien hazi dena ere bada, bai Afrikan bai munduan, oro har, eta Latinoamerikan, bereziki. "Bertako jendeak existitzen direla ez badaki ere, Bilbon, adibidez, 6-7 eliza mendekostear hartu ditut kontuan nire ikerketan; metropolialde osoan, hala ere, bikoitza edo gehiago ere egon daitezke. Egia da, hori bai, oso egoera eskasean daudela eta leku marjinaletan egon ohi direla. San Frantziskotik oinez zoazela, eliza batzuetan eta besteetan asteburuetan izaten diren saioak iragartzen dituzten kartelak ikus daitezke", azaldu du.

Gurtze-saioetatik haratago, etorkin-populazioaren intereseko jarduera ugari ospatzen dira eliza horietan. "Elizetan sartzean, bertaratutako pertsonen jatorrizko herrialdeetako enbaxaden ekitaldiak egiten ari zirela ikusi dut behin baino gehiagotan. Horren arrazoia da artzainek izugarrizko eragina dutela etorkinengan, eta lidertzat eta itzal handikotzat dituztela etorkinek beren bizitza pertsonalean", adierazi du ikertzaileak.

Cazarinek zehaztu duenez, "artzainak zaindariak dira, bai eta komunitatea eratu eta antolatzen dutenak ere. Agiririk gabeko etorkinak joaten direnez askotan, interes orokorreko informazioa eskaintzen diete, hala nola non errolda daitezkeen, zer gizarte-laguntza eska dezaketen, edo zein den modurik onena probintzia jakin batean batetik bestera mugitzeko. Zenbait hizkuntza menperatzen dituzte, gainera, eta hori oso baliagarria da bitartekari-funtzio horretan. Halaber, askoz denbora gehiago daramaten hemen bizitzen. Alegia, oso pertsona garrantzitsuak dira komunitatean".

Elizak, integratzeko eta sozializatzeko leku

Bere ikerketan atera duen ondorio aipagarrienetako bat izan da elizak taldeak batzeko gune bihurtzen direla; "nazionalitate desberdinetako jendea elkartzen da, beste testuinguru batzuetan nahasiko ez litzatekeena", dio. Nazionalitate-nahasketa horrek, aldi berean, kulturak disolbatzea eragiten du. Hau da, "alde batera utzi ohi dituzte beren jatorriko herriko berezko ohiturak, eta denekin bat egiten dute; kohesioa bilatzen dute gurtze-leku ebanjelikoan". Hori dela eta, sozializatzeko eta dibertsitatea kudeatzeko leku bihurtzen dira elizak, erlijiotik haratago: "Artzainek diotenez, jende asko giza harremanak izatera, eta harreman afektiboak eta adiskidetasunak sendotzera joaten da elizara, haien egunerokoan eskasagoak baitira horiek, migrazio-prozesuak berekin dakarren bakardadearen eraginez. Elkartutakoan, beste gauza batzuk izaten dituzte hizpide, gurtzeen ondoren bestelako ekintzak egoten dira tarteka, eta abar".

Eskuartean informazio hori guztia izanda, Cazarinen ustez "estatuak ez du baliatzen elizei probetxu atera eta integrazio-politikak gauzatzeko aukera. Alde batetik, uste dute elizak oso urrun daudela politika horien helburu diren taldeetatik. Bestetik, ez da aintzat hartzen artzainek etorkin-komunitatean duten eragina. Immigrazio-tradizio handiagoko lekuetan, hala nola Alemanian, edo baita Katalunian ere, gehiago hurbiltzen dira haiengana, eta, hala, errazago iristen dira etorkinengana. Integraziorako zerbitzu publikoak gehiago hurbiltzen ez diren bitartean, pertsonek artzainengana joaten jarraituko dute, hura baitute pertsona gertukoena, erreferentziazkoa".

Bere ikerketan erlijio ebanjeliko-mendekostearra izan badu ere aztergai, Cazarinen ustez "beste erlijio batzuetara ere zabal daitezke emaitzak etorkinak tarteko daudenean, bereziki sozializazioari, kultura-dibertsitatearen kudeaketari, eta, batez ere, artzainek eliztar-taldeetan duten egitekoari dagokienez".

Informazio osagarria

Bere doktore-tesiaren zati izan da Rafael Costa Cazarin-ek (Brasilia, Brasil, 1986) egin duen ikerketa. Religion, emotion and social transformation along migratory processes. The cases of African church leaders in Spain and South Africa izan da tesiaren izenburua. Bilbon eta Johannesburgon (Hegoafrika) egin du azterketa, eta zenbait erakunderekin elkarlanean aritu da, besteak beste, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ISORekin (Investigacions en Sociologia de la Religio, identitat i memoria), Witwatersrandeko Unibertsitateko Migrazio eta Gizarte Zentro Afrikarrarekin, eta Oxfordeko Unibertsitateko Migrazioaren Nazioarteko Institutuarekin.

Erreferentzia bibliografikoa

R. Cazarin, E. Cossa. "Spiritual brokers: African Pastors and the mediation of migratory processes". Critical African Studies. http://dx.doi.org/10.1080/21681392.2017.1339246

R. Cazarin. "Emotions and Spiritual Knowledge: Navigating (In)Stabilities in Migrant Initiated Churches". Annual Review of the Sociology of Religion, volume 8, part 2 (8).  http://www.brill.com/products/book/annual-review-sociology-religion-2

 

Argazki-oina: Elizak oso egoera eskasean eta leku marjinaletan egon ohi dira. Irudian, Christ the Rock Ministries eliza ebanjeliko-mendekostearraren ataria; Bilboko Errekalde barrutiko Jaen kalean dago, eta bertako artzaina nigeriarra da. (Rafael Costa Cazarin)