Eduki publikatzailea

Txerto terapeutikoak helduen bakunologiarako etorkizuneko erronka gisa gailendu dira

Euskal Herriko Txertoei buruzko IV. Foroa eta Txertoen eta Patologia Infekziosoen Eguneratzeari buruzko IX. Jardunaldiak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/04

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) Inmunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia eta Pediatria sailek eta Mikrobiologia eta Osasun Elkarteak (AMYSek) Euskal Herriko Txertoei buruzko IV. Foroa eta Txertoen eta Patologia Infekziosoen Eguneratzeari buruzko IX. Jardunaldiak antolatu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren, Euskal Herriko Pediatria Elkartearen, Bizkaiko Medikuen Elkargoaren, Bizkaiko Erizainen Elkargoaren, Mediku Zientzien Akademiaren eta Txertoen Ikerketa Taldearen (Gevac/Seimc-en) laguntza jaso dute.

Etengabeko prestakuntzazko jarduera profesional horren helburua da txertoen eta txertoei buruzko politiken inguruko ezagutzak eguneratzea eta, horretarako, alorrean espezializatutako profesionalen lana eta bertaratutako guztien arteko eztabaida dira bitarteko. Foroa bi egunetan egituratu da, bata helduen txertoei buruzkoa izan eta bestea haurren txertoei buruzkoa.

"Pixkanaka, kontzeptu eta tresna berriak gehituko dira, hala nola, txerto terapeutikoak; inmunogeno zehatz baten aurkikuntzari esker, orokorrean infekziosoa ez den prozesu baten bidea alda daiteke, eta sendatzeko alternatibak sortu", baieztatu du Ramón Cisternak, Mikrobiologia eta Osasun Elkarteko (AMYSeko) presidente eta UPV/EHUko katedradunak. Azaldu duenez, bakunologiaren helburua da, orokorrean, "ahalik eta prozesu gehieni (infekziosoak izan ala ez) immuniazioaren bitartez aurre egiteko gai diren produktuak bilatzea".

Cisterna doktoreak baieztatu moduan, bakunologia haurren kasuan garatu da historikoki eta, beraz, ibilbide luzea dago egiteke oraindik herritarren beharrizan nagusiei aurre egiteko, gaixotasuna (gripe eta pneumokokoa) prebenitzeari eta bizi-kalitatea hobetzeari (Zoster) dagokienez. Ildo horretatik, arrisku handiko populazioak eta baldintza epidemiologiko ezberdinak dituzten herrialdeetara doazen bidaiariek informazio gehiago behar dute, adierazi du espezialistak.

Alor horretako berritasun garrantzitsuenei dagokienez, adituek honako aurrerapauso hauek aipatu dituzte: Zoster birusari aurre egiteko txertoak edukitzeko aukera, gripearen aurkako txertoak (lau antigeno gripal mota eta aplikatzeko aukera), baita helduetan ere, giza papilomaren birusaren aurka; birus horri lotutako tumore mota ezberdinak prebenitzeko ia aukera guztiak estaltzen dituzten bederatzi mota daude.

Haurren bakunologiaren erronkak

Javier Arístegui Pediatria eta Mikrobiologian espezialista, Euskal Herriko Txertoei buruzko IV. Foroaren zuzendari eta UPV/EHUko katedradunaren ustez, haurren bakunologiaren alorrean badaude, oraindik ere, erronka garrantzitsuak: "Beharrezkoa da haurren txertoen alorrean estaldura maila handiari eustea, txertoenganako mesfidantzaren eta txertoen aurkako mugimenduen hazkundea dela eta. Beharrezkoa da, baita ere, txerto berriak garatzeko ikertzen jarraitzea, haurrengan eragin handia duten prozesu infekziosoen kasuan, esaterako, tuberkulosi, IHES edo paludismoaren kasuan, baita arnas birus sintzitialaren moduko bestelako gaixotasunen kasuan ere".

Arístegui doktoreak arrisku-faktoreak dituzten haurrak ere aipatu ditu; infekzio larriak garatzeko aukera gehiago dituzte eta berariazko txertoen bidezko jarraibideekin ekidin daitezke: "Haur osasuntsu batek behar dituen txerto berdinak behar dituzte, baina erantzun immunea kontrolatzeko jarraibide zehatzekin eta, hala badagokio, dosi kopurua, indartzea edota kronologia doitu behar dira".

Azken urteotan hainbat teknika garatu dira, adinaren eta bestelako inguruneko faktoreen arabera haurren txertoak jaso bitartean mina arintzen duten farmazia-prozedura eta –produktuak. "Osasun alorreko profesionalak oso kontzientziatuak daude gai horrekin eta txertoen mina arintzea gehiengoaren nahia da haurren txertoen alorrean".