Eduki publikatzailea

Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdian Iratxe Fresnedaren filmak jaso du euskarazko lanik onenaren saria

‘Irrintziaren Oihartzunak' filmak Mirentxu Loyarte nafar zinemagilearen figura aitortu du

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/30

Irudia

Bilbon ospatu den Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdiaren 9. edizioan euskarazko lanik onenaren saria Iratxe Fresneda UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakaslearen filmak jaso du.

Filmak Mirentxu Loyarte nafar zinemagilearen  figura aitortu du, eta UPV/EHU, Euskal Herriko Filmategia eta Emakunderekin arteko elkarlana da. "Irrintziaren oihartzunak (2016) Mirentxu Loyarteren (Iruñea, 1938) sorkuntza-erbestearen erretratua da. Loyarte anonimotasunean dirauten Europako zinemako emakumezko aitzindari ausartenetako bat da; burutugabeko proiektuak gorabehera, Loyartek ez dio inoiz zinemagilea izateari utzi", azaldu du Iratxe Fresnedak.

Irrintziaren Oihartzunak honako zinemaldietan hautatua izan da: Donostiako Zinemaldian, Nanteseko 27. Espainiako Zinemaldian, 48 Nyon Doc Outlook International Market Nazioarteko Zinemaldian, Bartzelonako 25 Mostra Internacional Films de Dones Zinemaldian, 5 Sao Pauloko Move Cinema Arte Nazioarteko jaialdian, Bilboko IX. Zinema Ikusezina jaialdian edo Guangzhou Nazioarteko Zinema Dokumentaleko Jaialdian (Txina), besteak beste. Hainbat kultur gune eta filmateketan proiektatu da bestalde; hala nola, Kataluniako Filmategian, Nafarroako Filmategian, Tabakaleran eta abar.