UPV/EHUk koordinatzen duen Graduondoko Latinoamerikako Sareak VI. Biltzarra egingo du

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/06

Azaroaren 7tik 10era da egitekoa Graduondoko Latinoamerikako Sareak antolaturiko ‘Zuzenbidea, Filosofia, Ekonomia, Soziologia, Psikologia eta Hezkuntza Mundu Globalean. Bakea eta justizia bizikidetza kultural komunikatibo baterako' Nazioarteko VI. biltzarra, Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan (Dominikar Errepublika). Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) sustatu eta zuzentzen du sare hori, eta Latinoamerikako 12 herrialdetako 16 unibertsitatek osatzen dute gaur egun.

Biltzarrari hasiera emateko ekitaldia asteartea, azaroak 7, 18:00etan egingo da Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan, eta honako hauek izango dira:

  • Pedro Miguel Echenique, UPV/EHUko katedraduna. Inaugurazio hitzaldia: "La sublime utilidad de la ciencia inútil (ciencia, cultura y progreso)"
  • Marcos Villamán, IGLOBALeko errektorea
  • Nekane Balluerka Lasa, UPV/EHUko errektorea
  • Iván Grullón Fernández, Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoko errektorea
  • Alejandrina German, Dominikar Errepublikako Goi Mailako Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia ministroa

Kongresuan egingo diren aktibitateen artean, ‘Diálogo y acuerdos como instrumentos democráticos para la política del s. XXI' mahai ingurua egingo da. Nekane Balluerka, Iván Grullón eta Marcos Villamánek koordinatuko dute ekitaldia, eta Kolonbiako Externado Unibertsitateko errektore Juan Carlos Henaok, Juan José Ibarretxe lehendakariak eta Dominikar Errepublikako presidente ohi Leonel Fernándezek parte hartuko dute.

Euskal Herriko Unibertsitateak zuzentzen duen Graduondoko Latinoamerikako Sarea bi urterik behin elkartzen da nazioarteko biltzar batean, ezagutza partekatzeko eta sareko doktoregaiak beren ikerketen alorrean egiten ari diren aurrerabideak aurkezteko. Orain arte bost edizio antolatu dira: Dominikar Errepublikan, Perun, Mexikon, Guatemalan eta Brasilen. Aurten, azaroaren 7tik 10era, seigarren biltzarra egingo da Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen hitzetan, "mundu globalak galdera berriei erantzuteko erantzun berriak eskatzen ditu. Dena den, galdera berriak, hemendik aurrera, gelditu gabe sortuko dira, eta aldaketari egokitzea etengabe eskatuko digu. Unibertsitateak eskaintzen digu tribuna pribilegiatu bat, testuinguru berri horretaz hausnartzeko eta mundu hobe baten aldeko ekarpen intelektual eta sozialak egiteko. Hau bezalako biltzarrak aukera ezin hobeak dira esperientzia akademikoak alderatzeko, ikerketa lerroak ebaluatzeko, irakasleen arteko bilerak areagotzeko, gure lan sarea sendotzeko eta gure mundu globala hobeto ulertzen aurreratzeko. Izan ere, mundu hori, historiaren ikuspegitik, aukera paregabea da gizadiarentzat".

Graduondoko Latinoamerikako Sarea

Europako eremutik harago, graduondoko ikasketen esparruan, Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea sortu zen duela zazpi urte, 2008an. UPV/EHUk zuzentzen du, eta, sortu zenetik, bertako irakasleek unibertsitate masterrak eta doktorego programak irakatsi eta doktorego tesiak zuzentzen dizkiete Latinoamerikako ikasleei. Gaur egun, 12 herrialdetako (Peru, Dominikar Errepublika, Txile, Bolivia, Mexiko, Brasil, Guatemala, Puerto Rico, Kolonbia, Venezuela eta Ekuador) 16 unibertsitatek osatzen dute sarea. Sare hau nagusiki honako arlo hauetan aritu da: Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Hezkuntza, Informatika, Hizkuntzalaritza, Ingeniaritza eta Arkitektura. Azken urteotan, 400 egresatutik gora izan dira, eta 120 doktorego tesi baino gehiago defendatu dira, eta beste hamar bat ikasturteon irakurriko dira.