Eduki publikatzailea

QUTIS Taldeak AEBko Energia Sailak finantzatutako proiektu batean hartuko du parte

Helburua da UPV/EHUko think-tank taldeak asmatutako simulazio kuantiko digital-analogikoan aurreratzea

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/07

Irudia
Mikel Sanz, Enrique Solano eta Lucas Lamata. Argazkia: UPV/EHU.

Estatu Batuetako Energia Sailak hiru milioi dolarretik gora bideratuko ditu hiru ikertaldetara, horien artean UPV/EHUko batera, konputazio kuantikoan eta adimen artifizialean eta teknologia kuantikoen garapenean aurreratzeko. Proiektuan UPV/EHUko Quantum Technologies for Information Science (QUTIS) Taldeak hartuko du parte, Estatu Batuetako Washingtoneko Unibertsitateko eta Oak Ridge National Laboratoryko (ORNL) bi ikertalderekin batera.

Proiektua ORNLko Pavel Lougosvki doktoreak koordinatuko du, eta bere helburua da simulazio kuantikoan aurrerapenak garatzea itxuraz kontraesankorrak diren bi kontzepturen batasuna erabilita: digitala eta analogikoa. Simulazio kuantiko digital-analogikoa eta proiektuaren beste ideia nagusi batzuk modu aitzindarian proposatu eta sortu ditu QUTIS Taldeak UPV/EHUn.

"Gure ideia eta proposamen gehienak planetako konputazio kuantikoko laborategi eta enpresa teknologiko handienetan egiaztatu dira. Horregatik, ORNLko lankideek gu deitu gaituzte DOEren diziplinarteko proiektu hauetarako", azaldu du QUTIS Taldeko zuzendari Enrique Solanok, ikerketetan parte hartuko duten UPV/EHUko ikertzaile nagusietako Lucas Lamata doktorearekin batera.

Proiektu honen helburu nagusia da arazo kritikoei soluzio sortzaileak proposatzea oinarrizko partikuletako eta kromodinamika kuantikoko materialen, konposatu kimikoen eta funtsezko fenomenoen diseinuan. "Hori lortzeko, hodeian erabilgarri dauden zenbait ordenagailu kuantikoren lizentzia erabilgarriak erabiliko ditugu, eta diziplinarteko lankidetza ORNLko eta Seattleko Washingtoneko Unibertsitateko adituekin", azaldu du Solanok.

Solanok nabarmendu du DOEren diru laguntzarekin langile oso kalifikatuak kontratatuko direla. Horrela, Mikel Sanz ikertzailea kontratatuko da garapen eta ekarpen nagusiak egiteko esleitutako funtsekin.

Gainera, proiektuak etengabeko harremanean jarriko du QUTIS Taldea urteetan zehar Washingtoneko Unibertsitatearekin eta ORNLrekin, eta hodeiko munduko ordenagailu kuantikorik indartsuenetarako sarbidea erraztuko dio. "Washingtoneko Unibertsitatearen eta ORNLren taldeek esperientzia handia dute superordenagailuen erabileran, materialen, oinarrizko partikulen eta fisika nuklearrerako kromodinamika kuantikoaren teorietan. Konputazio kuantikoko eta simulazio kuantikoko talde gazteak ere badituzte, datozen urteetan zehar gurekin batera eskutik lan egingo dutenak", azaldu du Solanok.

Ikerbasqueko irakasleak nabarmendu duenez, "gaur egun, diziplinarteko lana erabakigarria da, eta are gehiago munduko ahaleginean eta goi-mailako konpetentzian, bereziki teknologia kuantikoetan eta konputazio kuantikoan aurreratzeko".

Aplikazio zientifikoen bilaketa

UPV/EHU partaide duen proiektua beste batekin batera eta lankidetzan garatuko da, eta DOEk beste 7,5 milioi dolar bideratuko ditu hartara. Proiektu hori ere ORNLk koordinatuko du. Raphael Pooser doktoreak zuzenduta, hodeiko ordenagailu kuantikoak erabiliko ditu, D-Wave Systems-enak zein IBMrenak, funtsezko arazoak konpontzeko eta konputazio kuantikoan erabilgarriak diren aplikazioak garatzeko. "Gure UPV/EHUko lantaldeak zuzeneko sarbidea izango du ordenagailu kuantiko horietara Interneteko hodeiaren bidez", jakinarazi du Solanok.

Diziplinarteko proiektu horien helburua da aplikazio zientifikoen bilaketa zenbait ikerketa arlotan: eremuen teoria kuantikoan, kimika kuantikoan, material berrien diseinuan, materiaren eredu mikroskopikoetan, makinen ikaskuntza automatikoan, adimen artifizialean, konputazio kuantiko biomimetikoan, besteak beste.

UPV/EHUko Quantum Technologies for Information Science Taldea think-tank sortzaile bat da teknologia kuantikoetan, oso eragin handikoa mundu mailan, beste herrialde batzuen artean Estatu Batuetako, Kanadako, Txinako, Australiako, Singapurreko, Japoniako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Suitzako, Suediako, Holandako erakunde akademiko eta zientifikoekin lan egiten duena. QUTIS munduko liderra da konputazio kuantikoan eta simulazio kuantikoan. "Biomimetika kuantikoan eta konputazio kuantiko neuromorfikoan ere aitzindariak gara, baita erradiazio-materia akoplamendu ultragogorrean,  adimen artifizial kuantikoan eta makina kuantikoen autoikaskuntzan ere. Gure ustez, XXI. mendeak diziplinarteko batasuna behar du prozesu biologiko eta prozesu adimendunen artean teknologia kuantikoekin", nabarmendu du Enrique Solanok.

QUTIS Taldeari buruzko informazio gehiago: www.qutisgroup.com