Pedro Miguel Echenique honoris causa doktore izendatu du Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/08

Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoak (UASD) honoris causa doktore izendatu du Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) materia kondentsatuaren fisikako katedradun eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidente Pedro Miguel Echenique. Izendapenean, zientzialariak Zientzia Fisikoen arloari egin dizkion ekarpenak nabarmendu dituzte. Unibertsitateko errektore Ivan Grullón Fernández izan zen izendapenaren ekitaldiko buru, eta Echeniquek UASDko sinboloak eta Zientzien Fakultateko kapa laburra jaso zituen bertan.

Pedro Miguel Echeniquek eskerrak eman zituen, eta, esan zuenez, "sari honek ohore handiz kide naizen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen bikaintasuna erakusten du". Inbestidura hitzaldian, bere kontseilari garaian hasi zuen politika zientifikoa azaldu zuen, eta azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela baldintza egokiak sortzea sormena loratu dadin. "Sormena ezin da antolatu; berez sortzen da, talentutik… Kudeaketa on batek sustatu egin dezake, baina antolakuntza hierarkiko eta zurrun batek, burokraziak eta gehiegizko izapideek zaildu besterik ez dute egiten", gaineratu zuen. Zientziak duen edertasunaz eta sormenaz ere hitz egin zuen Echeniquek. "Zientzia abentura artistiko bat da funtsean, fedean, arrazoian eta gure unibertsoaren edertasunean oinarritutako eta diziplinaz gainezka egiten duen irudipenez beterikoa. Zientzia da gizakion artelan kolektiborik handiena". Honoris causa berriak Franz Kafkaren aipu batekin amaitu zuen hitzaldia: "Edertasuna ikusteko gaitasuna duena, beraz, ez da inoiz zahartuko".

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkaren iritziz, "Echenique doktorearen ibilbideari eta lanari egin dioten azken aitorpen hau Euskal Herriko Unibertsitateari eginiko aitorpena ere bada; izan ere, Echenique erakunde akademiko honetako kide da, jatorriz ez ezik, baita aukera kontziente eta pertsonal baten ondorioz ere. Ziur naiz Pedro Miguel Echeniqueren ikerketa bikaina adibide ona dela gure unibertsitatearentzat, erabateko konpromisoa baitu irakaskuntzarekin, ikerketarekin eta erantzukizun sozialarekin".

Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoa (UASD), "Primada de América" enblemagatik ezaguna, Santo Tomás de Aquino Unibertsitatearen oinordekoa da, zeina In Apostolatus Culmine Aita Santuaren buldaren bitartez sortu baitzen, 1538an. Paulo III.a Aita Santuak bulda horrekin ezarri zuen lehen unibertsitatea kontinente berrian. Gaur egun, UASD da Dominikar Errepublikako estatuko unibertsitate bakarra. Berrehun mila ikasle inguru ditu matrikulatuak bere egoitza nagusian eta eskualdeko bere 18 barruti eta ikastegietan. Estatuko unibertsitateak 90 ikasketa inguru eskaintzen ditu 52 eskolaren bitartez, eta 9 fakultate ditu. Horrez gain, 25 mila profesionalek espezialitate, maisutza eta doktorego ikasketak egiten dituzte. Estatuko akademia herrialdeko hezkuntza erakunderik handiena da hala ikasle kopurua nola geografia eremua kontuan hartuta.