Neolitikoko biztanleria europarraren eraldatzea

Europako lehen nekazariak tokiko ehiztariekin gurutzatu ziren, 3.000 urtez

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/09

Egun arte egin den ikerketa paleogenetikorik handienak, ‘Nature'-en argitaratua, Europako neolitizazioa argitu du. Orain dela 8.000 eta 4.000 urte inguru bitarteko Hungaria, Alemania eta Espainiako 180 genoma berreskuratu dituzte ikertzaileek.

Ehiztari-biltzaile izatetik nekazari izatera pasatzeak trantsizio demografikorik handiena suposatu zuen gizakiarentzat, milioika urtetan. Nekazaritza Ekialde Hurbilean sortu zen orain dela 10.000 urte inguru eta Europara zabaldu zen ondoren. Bertan, milaka urte gutxi batzuk eta gero, mesolitikoko ehiztariak ordezkatuko zituen (orain dela hiru urte apenas sekuentziatu zen mesolitikoko lehen genoma Leongo La Brañako gizonarena da). Bi talde horiek genetikoki ezberdinak zirela jakin, badakigu ere azken urteotan, ordezkapen prozesu horren tokiko dinamikak ia ezezagunak ziren orain arte.

Nazioarteko ikertzaile talde batek, non Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Javier Fernandez Erasok y Jose Antonio Mujika Alustizak parte hartu duten, Europako hiru eskualde ezberdinetako (Hungaria, Alemania eta Espainia) lagin zahar asko sekuentziatu ditu. "Sekuentziazioari esker jakin ahal izan dugunez hiru kasuetan, lehen nekazarien etorrera eta gero, azken hauek tokiko ehiztariekin gurutzatu ziren mende gutxitan zehar", azaldu du ikerketa taldeak. Hau da, Iberiar penintsulako neolitiko ertaineko, azken neolitikoko eta kalkolitikoko nekazarien genomek La Brañako ehiztarietatik jasotako % 25eko osagai genetikoa agertzen dute baina Europa erdiko genomek inguru hartako ehiztariekiko antza agertzen dute.

Zenbait kasutan, Europa erdian gehienbat, arbaso mistoak dituzten norbanakoak aurkitu dira, bai eta nekazarien artean bizi eta lurperatuak izan ziren ehiztariak ere. "Aurkikuntza horrek neolitizazio prozesuari buruz genuen kontzeptuaren irudi konplexuago bat ekarri du, prozesu hori ez baitzen nekazarien migrazio huts bat edo era bereko prozesu demografiko bat izan", adierazi dute.

Iberiar penintsulako norbanako gehiago aztertu eta gero, irudi hori osatzeko eta ondoren, metaleen etorrerarekin eta aro historiko ezberdinetan egondako migrazioekin batera gertaturiko aldaketa genomikoak hobeto ulertzeko gai izango gara. Une honetan, eskualde eta aro guztietako -mesolitikotik erdi arora- ia 400 genoma iberiar zahar daude eskuragarri. Horiek agertzen dituzten aldaketa genetikoak arkeologia mailan egondako aldaketekin lotzeko aukera izango dugu.

Informazio osagarria

Ikerketak Espainiako 38 lagineko datu genomikoak erabili ditu, horietako 17 ezezagunak orain arte, eta Burgoseko eta Arabako aztarnategiak barne hartzen dituztenak. Ikerketan lagundu dutenen artean, Carmen Alonso Fernandez eta Javier Jimenez Echevarria Burgoseko arkeologoak eta UPV/EHUko Javier Fernandez Eraso eta Jose Antonio Mujika Alustiza arkeologoak daude. Harvard Medical School (Boston) erakundeko David Reichek zuzendu du ikerketa; lehen sinatzaileak Mark Lipson eta Anna Szécsényi Nagi izan dira.

Erreferentzia bibliografikoa

Mark Lipson, Anna Szécsényi-Nagy, Swapan Mallick, Annamária Pósa, Balázs Stégmár, Victoria Keerl, nadin Rohland, Kristin Stewardson, Matthew Ferry, Megan Michel, Jonas Oppenheimer, Nasreen Broomandkhoshbacht, Eadaoin Harney, Susanne Nordenfelt, Bastien Llamas, Balázs Gusztáv Mende, Kitti Köhler, Krisztián Oross, Mária Bondár, Tibor Marton, Anett Osztás, János Jakucs, Tibor Paluch, Ferenc Horváth, Piroska Csengeri, Judit Koós, Katalin Sebők, Alexandra Anders, Pál Raczky, Judit Regenye, Judit P. Barna, Szilvia Fábián, Gábor Serlegi, Zoltán Toldi, Emese Gyöngyvér nagy, János Dani, Erika Molnár, György Pálfi, László Márk, Béla Melegh, Zsolt Bánfai, László Domboróczki, Javier Fernández-Eraso, José Antonio Mujika-Alustiza, Carmen Alonso Fernández, Javier Jiménez Echevarría, Ruth Bollongino, Jörg Orschiedt, Kerstin Schierhold, Harald Meller, Alan Cooper, Joachim Burger, Eszter Bánffy, Kurt W. Alt, Carles Lalueza-Fox, Wolfgang Haak & David Reich. ‘Parallel palaeogenomic transects reveal complex genetic history of early European farmers' Nature DOI: 10.1038/nature24476