Eduki publikatzailea

UPV/EHU EGKren Gune Anitza Zigilura atxiki da

Bi entitateek aniztasunaren balorea zeharkako gisa izatearen garrantzia azpimarratu dute

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/10

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatea gaur goizean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren Gune Anitza Zigilura atxiki da. Ziurtagiri horrek adierazten du unibertsitateak bermatuko duela gazterian ematen den aniztasunarekiko babesa eta askatasun eta eskubideen berdintasun errealaren defentsa onarpen ikuspegi batetik, gune fisiokoetan zein birtualetan. EGK-k 2016an sortu zuen proiektua, eta 2017an ‘Erronkak errealitate bilakatzeko liburuxka' lanarekin osatu du. UPV/EHUren atxikimendua unibertsitateak aniztasunaren alde emandako beste hainbat pausoen artean aurkitzen da.

Zigiluarekiko atxikimendua sinatu dute: Idoia Fernandez, UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea eta Maialen Olabe, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren presidentea. Prentsaurrekoan, hauetaz gain, Leire Imaz, UPV/EHUko Berdintasun zuzendaria eta Norma Ageitos EGK-ko Berdintasun teknikaria ere izan dira.

Idoia Fernandezek nabarmendu duenez, UPV/EHUk aniztasuna unibertsitatean modu naturala eta normalizatua bizi nahi du. Giza eskubideen defentsan ezinbesteko da eredu desberdinak errespetatu eta babestea; eta honekin batera, argi utzi nahi da unibertsitatean ez duela inongo erasorik onartuko. Horren aurka aritzeko lanean ari da, hots, indarkeria eta jazarpenaren aurkako protokolo berria eratzen unibertsitate mailan.

UPV/EHU hezkuntzara bideratutako instituzio bat izaki, hezkuntza funtzioa ere badu aniztasunaren aldeko apustuak: bai unibertsitatean baita gizartean ere identitate, izaera eta harreman eredu ezberdinen arteko errespetua eta onarpena bultzatzen du.

Bestalde, EGKren presidentea Maialen Olabek azpimarratu duenez, "garrantzi berezia du atxikimendu honek. Milaka gaztek erabiltzen dituzte unibertsitateko espazio fisikoak, eta beste hainbatek honetan ikasten dute edota garatzen diren proiektuetan parte hartzen dute". Era berean, Olabek adierazi du gaurkoa pausu oso garrantzitsua dela, "proiektuak irabaziko duen ikusgarritasunagatik eta pertsona gazteen artean dagoen aniztasunarekiko onarpena ziurtatzeko".

Azkenik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Berdintasun teknikaria den Norma Ageitosek adierazi du garrantzitsua dela "aniztasunarekiko ongi etorria sustatzen duten jarrerak eta portaerak gero eta arruntagoak direla ikusaraztea. Bereziki bereizketaren bat bizi duten, hau da, LGTBI+ kolektiboko partaide diren pertsona gazteek beraien eskubideen defentsan bakarrik daudela senti ez dezaten. Akordio honen helburua UPV/EHUk erabiltzen duen hizkuntza nahiz sortutako baliabideak aniztasunaren onarpenaren adierazgarri izatea da, balorea zeharka txertaturik eraman dezatela".