Eduki publikatzailea

2012ko abenduko aparteko ordainsariaren 44 egun berreskuratzea

JARRAIBIDEAK, 2015eko MARTXOAREN 31koak, GERENTEARENAK, UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO LANGILEEK 2012ko APARTEKO ORDAINSARIA BERRESKURATZEKO GESTIO NEURRIEI BURUZKOAK.

Errektoreak 2015eko martxoaren 31n Euskal Herriko Unibertsitateko langileek 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruz emandako jarraibidetan gerenteari agindu dio beharrezko jarraibideak eman eta neurriak har ditzala langileek jaso gabe dituzten 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren zenbatekoak berreskuratu ahal izateko, betiere baldintza hauek kontuan hartuta:

  • 2012ko aparteko ordainsaria kendu izanaren ondorioz benetan jaso gabe geratu ziren zenbatekoak 2015eko apirilean ordainduko dira. Kontzeptu hau erabiliz egingo da ordainketa hori: "2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea".
  • Langile bakoitzak 20/2012 Errege Lege Dekretuko 2. artikulua aplikatzearen ondorioz jaso ez zituen zenbatekoetatik kontzeptu hori erabiliz ordain daitezkeenak izango dira abenduko aparteko ordainsariaren, berariazko osagarriaren ordainsari gehigarriaren eta ordainsari gehigarrien lehenengo 44 egunei dagozkienak. Langileari ez baldin bazegokion 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarria osorik jasotzea, lehenengo 44 egun horietako zenbatekoak osorik jaso beharrean, berari dagozkion egunen arabera proportzioan murriztuta jasoko ditu.
  • Jarraibide hauek aplikatuko zaizkie 2012ko uztailaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra arteko aldian UPV/EHUn lanean jardun zuten langileei, hau da, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria, berariazko osagarrien ordainsari gehigarria eta ordainsari gehigarriak kendu zitzaizkienei.
  • Ordaindu beharreko zenbatekoak onar daitezen, ezinbestekoa izango da egiaztatzea zenbateko horiek ez zirela benetan jaso 2012ko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarriak kentzeko errege lege dekretuaren aplikazioaren ondorioz.
  • Orain UPV/EHUn lanean ez dauden eta berarekin zorra duten langileen kasuan, jaso gabeko zenbatekoa zor hori konpentsatzeko erabiliko da.
  • Kitapena ezingo da inola ere izan aipatutako aparteko ordainsaria kentzearen ondorioz jaso ez ziren zenbatekoei dagokien zatia baino handiagoa.

 

Adierazitakoa betetzeko, eta aplikatuta Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuak onartzen dituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuko 189. artikulua ("Gerentea UPV/EHUren administrazio eta ekonomia zerbitzuak antolatu eta kudeatzeaz arduratzen da, Gobernu Kontseiluak emandako xedapenei jarraiki, eta errektorearen jarraibideen arabera jardungo du"), honakoa

 

XEDATU DUT:

LEHENENGOA.- Onartzea langileek jaso gabe dituzten 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren zenbatekoak berreskuratzeko prozedura. Prozedurarako baldintzak:

  • Aplikazio arauak:

 

  • UPV/EHUko langileak diren eta 2012ko uztailaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean unibertsitatean lanean jardun zuten langileek abenduko aparteko ordainsaria, berariazko osagarriaren ordainsari gehigarria eta ordainsari gehigarriak 44 eguneko sortzapen aldi bati dagokion heinean jasoko dituzte, kolektibo bakoitzean kolektibo bakoitzari aplikatu beharreko arauak betez.
  • Ordainsarien araubidearen arabera aparteko ordainsaririk ez daukaten langileei edo urtean bi ordainsari baino gehiago jasotzeko eskubidea daukaten langileei zenbateko hau ordainduko zaie: uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aplikatzearen ondorioz jaso ez zuten zenbatekoari aurreko paragrafoko kalkulu arauak aplikatu, eta hortik ateratzen den ehunekoak ematen duen zenbatekoa.
  • Langileari ez baldin bazegokion 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarriak osorik jasotzea 2012ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldi osoan lanean jardun ez zuelako, 1. puntuan ezarritakoaren arabera kalkulaturiko zenbateko hori proportzioan murriztuko da, benetan lan egindako denboraren arabera.
  • Jardunean dauden langileei 2012ko aparteko ordainsaria kendu izanaren ondorioz benetan jaso gabe geratu zitzaizkien zenbatekoak 2015eko apirileko nominan ordainduko zaizkie. Kontzeptu hau erabiliz egingo da ordainketa hori: "2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea".
  • 2015eko apirilaren 1ean jardunean edo antzeko egoeran ez dauden langileei, edo lan harremana amaituta dutenei, edo beste erakunde edo administrazio batera aldatuta daudenei, kasuan kasuko langileen erregistroan ageri den azken banku kontuan egingo zaie ordainketa. Banku erakundeak ordainketaren bat itzultzen badu,  norberak egin beharko du eskaera I. eranskineko eredua erabiliz.
  • Aurreko arauen arabera kalkulatutako zenbateko horiek ez dira ordainduko, ordea, baldin eta langileak beste edozein lansari baliokide jaso bazuen, edo 2012ko aparteko ordainsaria zehazteko arauek agindu bezala sortutako beste edozein lansari jaso bazuen, epaien betearazpenaren edo beste edozein gorabeheraren ondorioz jasotakoak barne.

Halaber, aurreko arauen arabera kalkulatutako zenbateko horiek ez dira ordainduko zenbatekook dagoeneko administrazio honetan jardunean edo antzeko egoeran ez dauden langileen zorra, edo lan harremana amaituta dutenena, edo beste erakunde edo administrazio batera aldatuta dauden langileena konpentsatzeko erabiltzen direnean.

Horrez gain, kontzeptu hori dela-eta dagoeneko zenbatekoren bat ordainduta baldin badago, zenbateko hori kendu egin beharko da 1. puntuan zehaztu bezala kalkulatutako zenbatekoetatik.

  • Kasu bereziak

 

  • Tokiko administrazio publikoekin, foru administrazioekin, erkidegoko administrazio publikoekin (Eusko Jaurlaritza ez den beste edozeinekin), estatuko administrazioekin, Europar Batasuneko administrazioekin edo batasunaz kanpoko administrazioekin gauzatutako programa, deialdi, hitzarmen edo bestelako tresna juridikoen onuradun izanik 2012ko abenduan kontratua indarrean zuten langileei kasuan kasuko programa, deialdia, hitzarmena edo tresna juridikoa finantzatzen zuen administrazioak onartutako arauak ezarriko zaizkie.

a.1 Onuradunei ez bazitzaien aparteko ordainsaririk ordaindu eta aparteko ordainsari hori itzuli gabe badago:

UPV/EHUk bere kabuz egingo du, hala badagokio, jaso gabe dagoen 2012ko abenduko aparteko ordainsariari dagokion zenbatekoaren ordainketa, kasu bakoitzean aplikatu beharreko arauek ezarritako kalkuluaren arabera.

a.2 Onuradunei ez bazitzaien aparteko ordainsaririk ordaindu eta aparteko ordainsari hori ogasun publikoari itzuli bazaio:

Lan harremana amaituta badago, ordainsariaren ordainketa interesdunak eskaera egin ondoren egingo da (eskaera hori I. eranskineko ereduaren arabera egin beharko da).

Gainerako kasuetan a.1) atalean zehaztutakoaren arabera jokatuko da.

a.3 Onuradunei aparteko ordainsaria ordaindu bazitzaien:

Kontrakoa egiaztatzeko agiririk aurkeztu ezean, bidegabeko ordainketatzat hartuko da eta ez da egokitzat joko, ondorio hauetarako, horretarako bidea ematen duten arau publikoek babestu ezin dituzten barne akordioak.

Horregatik, onuradunei bidegabe kobratutako ordainsaria itzultzeko eskatuko zaie.

  • Eusko Jaurlaritzako programa, deialdi edo hitzarmenen onuradunei UPV/EHUko langileentzat A atalean ezarritakoa aplikatuko zaie.

 

2015eko apirilaren 1ean jardunean edo antzeko egoeran ez dauden langileei, edo lan harremana amaituta dutenei, edo beste erakunde edo administrazio batera aldatuta daudenei unibertsitateak bere kabuz egingo die ordainketa.

Langile hauei kasuan kasuko langileen erregistroan ageri den azken banku kontuan egingo zaie ordainketa. Banku erakundeak ordainketaren bat itzultzen badu,  norberak egin beharko du eskaera I. eranskineko eredua erabiliz.

Zenbatekoak ordaindu behar dituen erakundeak ordainketak egiteko saiakerak egin arren ez badu lortzen horiek egiterik, beste bide batzuk erabili ahal izango ditu helburu hori lortzeko.

  • Deskontuak

 

  • Eskubide pasiboetarako hileko kuotetatik 2015erako erabakita dauden hileroko kuotak besterik ez dira deskontatuko.
  • Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipenetarako eta Gizarte Segurantzako erregimen orokorreko kotizazioetarako, berriz, aplikatu beharreko arauak hartuko dira kontuan.
  • Eskaera ereduak

 

Jarraibideotako I. eranskinean dago jasota 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzeko eskaera orria.

BIGARRENA.- Eman biezaie jarraibideon berri UPV/EHUko kasuan kasuko zerbitzuei, aurrera eraman ditzaten bertan adierazitako moduan.

Leioa, 2015eko martxoaren 31.

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa