AZP-entzat diren ebazpenak

Argibide oharra, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuan aipatutako baimen ordaindu berreskuragarria dela eta

Aztertu dugu onartu berri den 10/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, arautzen duena baimen ordaindu berreskuragarria funtsezko zerbitzuak eskaintzen ez dituzten inoren konturako langileentzat, pertsonen mugitzeko aukera murrizteko COVID-19 birusaren aurkako borrokan. Dekretuaren inguruan hainbat zalantza sortu direnez, honen bidez adierazten dugu indarrean jarraitzen dutela gerentearen eta Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen 2020ko martxoaren 12ko erabakiek -alarma egoera ezarri aurretikoak biak- zeinen bidez antolaketari buruzko ezohiko neurriak hartu baitziren administrazio eta zerbitzuetako langileentzat eta irakasle-ikertzaileentzat.

10/2020 Errege Lege Dekretua lan arau bat baino ez da, aldi baterako baimen ordaindu berreskuragarri bat erregulatzen duena, pertsonen mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin. 

Ez die eragiten administrazio publikoetako eta haien organismo autonomoetako langile publikoei, ez funtzionarioei ez lan kontratudunei, eta, hortaz, ezta Euskal Herriko Unibertsitatekoei ere.

Hori kontuan hartuta, ez da beharrezkoa 10/202 Errege Lege Dekretuko lehen xedapen gehigarrian aipatzen den ahalmena baliatzea, lehen aipatu diren unibertsitatearen erabaki horietan dagoeneko jasota baitaude gerta daitezkeen egoerak: ordutegiak malgutzea, etxean geratzea, bakartze egoera, telelana, eta jarduerak etetea atal edo languneetan.

Hortaz, ez deritzogu beharrezko bestelako jarraibiderik emateari, eta aipatutako erabakiek indarrean jarraitzen dute, oraindik ere aplikatzekoak baitira gaur egungo egoeran.