AZP-entzat diren ebazpenak

Erabakia, 2020ko maiatzaren 12koa, UPV/EHUko gerentearena, COVID19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn administrazio eta zerbitzuetako langileak aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana eguneratzeko dena.

Martxoan hasita, eta betiere kontuan hartuta Prebentzio Zerbitzuaren gomendioak eta proposamenak, UPV/EHUk hainbat erabaki eman ditu, unibertsitateak jarraitu ahal izateko zerbitzu publikoa eskaintzen eta bere lana egiten, aldi berean osasun agintariek emandako gomendioak denik eta zorroztasun handienak betez, birusaren hedapena galarazteko.

COVID‑19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko apirilaren 27ko planak 7. atalean azaltzen du UPV/EHUko langileak aurrez aurreko jardunera itzultzeko hurrenkera, unean uneko osasun egoeraren araberakoa. Hauxe da hurrenkera:

1. taldea. Beren lana egiteko makinak edo laborategiko tresneria erabiltzen dutenak, edo beren zereginak telelanaz egin ezin dituztenak.

2. taldea. Kontratua 2021eko apirilaren 1a baino lehen amaitzen zaienak, hartara beren jarduna amaitu ahal izan dezaten ahalik eta eragin txikiena jasanda.

3. taldea. Jendaurreko langileak. Lanpostu horietan hartuko dira Prebentzio Zerbitzuak ezarritako arauak, gorago esan bezala.

4. taldea. Gainerako langileak apurka-apurka itzuliko dira, argitaratuz doazen osasun arau eta gomendioen arabera, eta kontuan hartuta ikastegi/sail/zerbitzu/atal bakoitzaren plana.

Lanera itzultzeko prozesu horretan ahalik eta gehien bermatu behar dira langileen segurtasuna eta osasuna, oinarri hartuta aipatutako itzulera planeko gomendioak.

2020ko apirilaren 28an Osasun Ministerioak argitara eman zuen normaltasun berrira itzultzeko plana, zeinaren bidez mugikortasuna eta pertsonen arteko kontaktua mugatzen duten ezohiko neurriak apurka‑apurka malgutzen joango diren. Plan horretako II. eranskinak dioenez, I. fasean unibertsitateak irekiko dira desinfektatzeko, egokitzeko eta administrazio eta ikerketa kudeaketetarako, eta unibertsitate laborategiak ere irekiko dira.

Bestalde, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren bidez malgutu egin dira alarma egoeraren ondoren ezarri ziren estatu mailako zenbait murrizketa, normaltasun berrira itzultzeko planeko 1. fasea aplikatuz, eta agindu horretako VI. kapituluan zehaztuta daude hezkuntza zentroak eta unibertsitateko ikastegiak berriro irekitzeko baldintzak. Era berean, VII. kapituluan zientziaren eta berrikuntzaren alorreko malgutze neurriak aipatzen dira. Azkenik, VIII. kapituluan, bibliotekak berriz ere jendearentzat irekitzeko baldintzak ezartzen dira, EAEn aplikagarriak izan daitezkeenak unibertsitateko Biblioteka irekitzeko unean.

Halaber, aginduko 3. artikuluan esaten denez, fase honetan behintzat, lana urrutitik egin dezaketen langileek telelana egiten jarraitu dezatela sustatuko da.

Adierazitakoagatik guztiagatik, honako hau

 

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.- - Administrazio ataletako administrazio eta zerbitzuetako langileek pixkanaka ekingo diote beren lan jarduera normalizatuari, beren ohiko zereginak antolatzeko eta betetzeko parametroen arabera.

Uztartu ahal izateko langileak aurrez aurreko jardunera itzultzeko UPV/EHUren itzulera planean zehaztutako hurrenkera eta normaltasun berrira itzultzeko Osasun Ministerioaren planean ezarritako arintze faseak (1. fasea gorago aipatu den maiatzaren 9ko aginduak arautzen du), maiatzaren 11ko astetik aurrera berriro ekingo zaio apurka‑apurka aurrez aurreko jardunari, erabaki honetako eranskinean zehazten den moduan.

UPV/EHUk instalazioak desinfektatzen eta garbitzen jarraituko du eta maiatzaren 11ko astean ikastegien, espazioen eta atalen kudeaketa logistikoari ekingo dio, norbera babesteko ekipoak banatuz, espazioak egokituz, ikastegietan seinaleak jarriz, manparak jarriz jendeari arreta emateko tokietan... Ikastegi eta unitateetako arduradunek jarduera horien plangintza antolatzearen eta zehaztearen erantzukizuna izango dute. Era berean, laborategiak irekiko dira.

Bigarrena.- Prebentzio Zerbitzuak, kontuan hartuta osasun agintarien jarraibideak, lanera itzultzeko irizpide orokorren salbuespenak ezarriko ditu, hala badagokio. Kalteberak direla adierazi duten langileen kasuan, Prebentzio Zerbitzuko osasun arloak langile bakoitzaren egoerari buruzko txostena egingo du eta, beharrezkoa izanez gero, hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu. Egoera horrek bere horretan jarraituko du kontrako erabakia eman arte.

Lehenengo eta behin, telelanean jardungo dute, hori bideragarria denean, lantokian COVID‑19arekiko esposizioa izanez gero kalteberatasun ezaugarriren bat izan dezaketen langileek, nahiz eta Prebentzio Zerbitzuak aurrez aurreko lanera itzultzearen aldeko txostena eman haientzat.

Hirugarrena.- Aurrez aurreko jardunera itzultzeko fasean detektatzen bada, telelanari eta kontziliazioari buruzko neurri guztiak hartuta ere, lanposturen batean ezinezkoa dela distantziaren baldintza betetzea, antolakuntza unitateko arduradunak beharrezko neurriak hartuko ditu, hala nola lanpostuak txandakatzea edo telelana indartzea, segurtasun eta osasun baldintza egokienak bermatzeko kasuan kasuko langunean.

Laugarrena.- Lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularreko 4. artikuluko c) atalean aipatutako telelana onartuta daukaten administrazio eta zerbitzuetako langileek modu ez‑presentzialean lan egiten jarraituko dute, organo eskudunak erabakiko duen unera arte.

Bosgarrena.- Adingabeak edo adineko pertsonak zuzenean zaintzeko kontziliazioa onartuta daukaten langileek langunera joan gabe egingo dute lan. Telelanaren modalitatea eta aurrez aurrekoa bateratu ahal izango dira hierarkian gorago dagoen pertsonak hala eskatuta, bereziki izendapen askea duten lanpostuen kasuan.

Adingabeak zaintzeko kontziliazio neurriak luzatuko dira COVID‑19aren ondorioz etendako eskola jarduerari berriro ekin arte, eta, nolanahi ere, ikasturte hau ofizialki amaitu arte.

Adineko pertsonak zaintzeko kontziliazio neurriak luzatuko dira kontrako erabakia eman arte.

Seigarrena.- Ikastegiek, sailek, zerbitzuek eta bestelako administrazio atalek beharrezko neurriak hartuko dituzte, bermatzeko langileen ohiko jardunean bete egingo direla aurrez aurreko jardunera itzultzeko planean zehaztutako jarraibideak.

Zazpigarrena.- UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langile guztiek bete egin beharko dituzte itzulera planean aipatzen diren prebentzio neurriak.

Zortzigarrena.- Administrazio eta zerbitzuetako langile guztiei gogorarazten zaie adi egon behar direla UPV/EHUren webguneari, iragarki oholari eta posta elektronikoari, aipatutako neurri eta gomendioetan aldaketarik egonez gero bide horietatik jakinaraziko baitira.

Bederatzigarrena.- Erabaki hau eguneratu egingo da, beharrezkoa izanez gero, betetzeko osasun, lan eta hezkuntza agintarien jarraibideak.

Hamargarrena.- Argitara ematea erabaki hau unibertsitatearen webgunean eta iragarki ohol elektronikoan (Ehutaula), eta langile guztiei helaraztea posta zerrenden bidez.

 

 

Leioa, 2020ko maiatzaren 12a

 

Lore Bilbao Artetxe

UPV/EHUko gerentea

ERANSKINA

1. taldea

Aldi honetako jarduera logistikoa antolatu ahal izateko, ondoren aipatzen diren langileek aurrez aurreko jarduerak egin beharko dituzte langunean:

a) Maiatzaren 14tik aurrera

  • Atezainak eta atezain nagusiak.
  • Mantentze zerbitzuko langileak.
  • Laborategiko makina eta tresneriarekin lan egiten duten kategoria eta espezialitate guztietako laborategietako langileak.
  • SGIKER, espezialitate guztiak.
  • Prebentzio Zerbitzua, pixkanaka, langileen itzulera gainbegiratzeko.
  • Barruko posta zerbitzua.
  • Biltegietako langileak.
  • Lanean hasiko diren langileen arduradun hierarkiko eta funtzionalak.

b) Maiatzaren 18tik aurrera

  • Telelanik egin ezin duten langileak.
  • Lanean hasiko diren langileen arduradun hierarkiko eta funtzionalak.

2. eta 3. taldeak: maiatzaren 25etik aurrera

a) Maiatzaren 25etik aurrera

  • Jendaurreko langileen % 50, gutxienez (ikastegietako idazkaritzak, erregistroa, Kopiagintza Zerbitzua, Biblioteka, telefonistak…).
  • Lanean hasiko diren langileen arduradun hierarkiko eta funtzionalak.

b) Ekainaren 1etik aurrera

  • Jendaurreko langileen % 100.
  • Atal guztietako langileen heren bat, gutxienez.
  • Lanean hasiko diren langileen arduradun hierarkiko eta funtzionalak.

4. taldea: ekainaren 8tik aurrera

a) Ekainaren 8tik aurrera

  • Atal guztietako langileen heren bi, gutxienez.
  • Lanean hasiko diren langileen arduradun hierarkiko eta funtzionalak.

b) Ekainaren 15etik aurrera

  • Atal guztietako langileen % 100.
  • Lanean hasiko diren langileen arduradun hierarkiko eta funtzionalak.

COVID‑19aren ondorioz etendako eskola jarduera berriro hasi ondoren, eta, nolanahi ere, ikasturte hau ofizialki amaitu ondoren, aurrez aurreko jardunera itzuliko dira adingabeak zaintzeko kontziliazio neurriak izan dituzten langileak.

Osasun baldintzek uzten dutenean, berriz hasiko dira lanean bat‑bateko kontziliazio neurriak izan dituzten langileak (egoitzak, eguneko zentroak eta abar itxita egoteagatik), bai eta bereziki kalteberak diren langileak ere.

 

 

OHARRAK:

  1. Langile guztien eguneko lanaldia izango da udako lanaldiaren parekoa, gerentearen 2019ko irailaren 30eko Erabakiko II. eranskinean jasota dagoena; hau da, 6:45 ordu (bai itzulera planeko 7. puntuan zehaztutako moduan aurrez aurreko jardunera itzuliko diren langileena bai ,telelana edo urrutiko lana egingo duten langileena), baina ezaugarri hauekin:
    1. ordutegi malgutasuna: bai sartzeko orduan bai irteterakoan, saihesteko jende pilaketak, eta telelanaren kasuan kontaketa asteka egiteko aukera;
    2. txandak eta errotazioak ezartzeko aukera, eranskin honen arabera atal bakoitzean aurrez aurreko jarduna egin behar duten langileen ehunekora heltzeko.
      Salbuespen moduan, 1. taldeko langilek bost orduko aurrez aurreko jarduna egingo dute maiatzaren 22ra arte eta, ahal duten neurrian, beren etxeetan osatuko dute lanaldia.
  2. Maiatzaren 18tik aurrera langile guztiek ordenagailuaren bidez fitxatuko dute, bai telelana edo urrutiko lana egingo duten langileek bai aurrez aurreko jarduna egingo duten langileek.
    Fitxatzeko era horren ezaugarriak erlojuaren bidezko fitxaketaren berberak dira. Presentzia Atarian sartuta, "Eskuzko markaketa" sakatu behar da eta, gero, "Egin eskaera". Horrela, langilearen ordutegi kontrolean jasota geratzen da, markaketa erlojuan egin izan balu bezala.
  3. Langileak pixkanaka itzuliko dira lanera, langileen segurtasunerako eta osasunerako berme guztiekin.
  4. Langileen salbuespen egoerak aztertuko dira: Horretarako, azalpen-mezu elektroniko bat bidali beharko da infopas@ehu.eus helbidera.