Albisteak

Neuroblastomaren tratamendua hobetzeko diana molekular berri bat aurkitu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/17

Nerbio sistema sinpatikoko minbiziaren, edo neuroblastomen, heriotza-tasa milioiko 10ekoa da urtean 0 urtetik 4 urtera bitarteko haurretan. UPV/EHUko eta Achucarro zentroko ikertzaileek parte hartuta egin den ikerketari esker identifikatu ahal izan dira hainbat mutazio genetiko, eta gaixotasun honen tratamendua hobetzen lagunduko dute.

Valentziako La Fe Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileek, Jaime Font de Morak zuzenduta eta UPV/EHUko eta Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Ikerbasque ikertzailea den José Luis Zugazaren laguntzaz, mutazioak identifikatu dituzte NGS bidez (Next Generation Sequencing) Tiam 1 genean, neuroblastoma duten pazienteen pronostiko hobea iragartzen dutenak. 

Neuroblastoma da haurretan garezurretik kanpora izaten den tumore solidorik ohikoena. Minbizi pediatriko guztien % 7 izaten dira, eta prozesu onkologikoen ondorioz haurtzaroan izaten diren heriotza guztien % 15en arrazoia dira. Bere intzidentzia milioi bat haurreko 8-10 kasukoa da urtean. Deskribatu dira familiako neuroblastoma-kasuak, baina ez dira batere ohikoak. Gaur egun oraindik ez da jakiterik izan nola sortzen den minbizi-mota arraro hau.  

Ikerketa honen arabera, gaixotasun honen progresioari aurrea hartzen dioten mutazio hauek GTPasas, Ras, Rac eta Myc proteinekin erlazionaturiko Tiam 1en domeinu ezberdinetan daude lokalizatuta (proteina horiek guztiak daude inplikatuta minbizi-mota honen etiologian eta progresioan).

Emaitzak Oncotarget aldizkarian argitaratu dira (minbizi-mota ezberdinetarako dianei buruzko lanetan espezializatua), eta adierazten dute Tiam 1ek kontrolatutako seinalosoma funtsezkoa izan daitekeela neuroblastomaren garapenean, eta, ondorioz, Tiam 1 neuroblastoma kasuetako terapiaren efikazia hobetzen lagundu dezakeen diana bat izan daitekeela.

Hurrengo urratsa izango da ikerketa horiek praktika klinikoan sartzea diagnostikorako erremintak eta prozedurak hobetzeko, gaixotasun hau duten haurrentzat tratamendu goiztiarragoak inplementatu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa