Albisteak

Diabeterako tratamendu zelular eta materialen garapena

Proiektuak, UPV/EHU partaide duenak, 8,9 M euroko europar finantzaketa jasoko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/23

Zelula nanokapsulatuak
Zelula nanokapsulatuak

DRIVE Europako proiektua partzuergo bat da, eta bertan parte hartzen du Bioingeniaritzaren, Biomaterialen eta Nanomedikuntzaren Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroak (CIBER-BBN), Carlos III.a Osasun Institutuaren mendekoak. Bada, proiektu horrek intsulina sortzen duten irla pankreatikoen transplantea eta iraupena hobetuko duten biomaterialak eta gailu kirurgiko berriak sortuko ditu, diabetesa tratatzeko.

DRIVE proiektua ekain honetan jarri da abian, eta 2020 Europako Programak 8,9 milioiko finantzazioa emango dio. Zazpi herrialdetako hamalau kidek osatutako partzuergo batek gauzatuko du; Garry Duffy doktorea izango da buru, Royal College of Surgeon in Ireland (RCSI) eskolakoa. CIBER-BBN zentroak NanoBioCel ikerketa taldearen bidez parte hartzen du; José Luis Pedraz doktoreak zuzentzen du talde hori, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hark koordinatzen du, halaber, U10-Sendagaien Formulazioa unitatea, NANBIOSIS Azpiegitura Zientifiko-Teknologiko Bereziaren (ICTS) barrukoa.

Diabetes mellitus gaixotasun kroniko bat da, eta odolean azukre maila (glukosa) altua izatearen ondorioz sortzen da. Bada, gutxi gorabehera, helduen heriotzen % 8,4 eragiten ditu mundu osoan. Diabetesa dutenek glukosa asko izaten dute odolean, pankreak ezin duelako intsulina nahikoa sortu (intsulina odoleko azukrea kontrolatzen duen hormona bat da). Gaur egun, diabetesaren aurkako tratamendu nagusia egunero intsulina injektatzea da. Kontrolatzen zailak diren pazienteei, ordea, zelula pankreatikoak transplantatzen zaizkie (izan ere, intsulina sortzen duten β zelulak dituzte). Hala ere, terapia horrek zenbait arazo ditu: besteak beste, pankrea emateko organo emaile gutxi dago, hiruzpalau pankrea erabili behar dira tratamendurako β zelula nahikoa lortzeko, eta mentuak gaitasun urria du transplantearen lekuan irauteko eta atxikitzeko.

DRIVE (Diabetes Reversing Implants with enhanced Viability and long-term Efficacy) partzuergoaren xedea da transplante horiek hobetzea, sistema guztiz berri bat garatuta, β zelula pankreatikoak modu bideratuan eta babestuan entregatu ahal izateko. Horren ondorioz, pankrea emaile gutxiago beharko dira zelulak transplantatzeko. Horrez gain, tratamendu eraginkorragoa eta iraunkorragoa lortuko da, eta, pankrea gutxiago beharko direnez, paziente gehiagori ezarri ahal izango zaie. Gainera, partzuergoak ikertu egingo du ama zeluletatik eratorritako β zelulak lortu ahal izateko, eta, hala, intsulinaren mendeko paziente guztiei ezarri ahal izateko irlen transplanteen terapia.

DRIVE proiektuak proposatzen duen sistema gel batez osatua dago; gel horrek pankrea imitatzen du, eta β zelula pankreatikoak ditu. Era berean, β-shell deituriko kapsula baten barruan babestuta dago. Helburua da sistema hori guztia entregatzea injekzio kateter espezializatu bat erabilita, eta gaur egungoak bezainbesteko zauririk sortzen ez duen prozedura kirurgiko baten bidez.

Gaur egungo transplante sistemak glukosa naturalaren kontrola eskaintzen die pazienteei, urtebeterako edo bi urterako. DRIVEk proposatzen duen sistemak helburu du 5 urtera arteko kontrola ematea, β zelulen transplantearen bizitza denbora luzatuz. Sistema horrek abantaila gehigarriak emango ditu, sendagai immunosupresoreak poliki askatuz; horren eraginez, pazienteak epe luzerako bazterketaren aurkako sendagai gutxiago beharko du, eta albo ondorioak ere murriztu egingo dira.

Azken 10 urteotan, intsulina sortzen duten zelula pankreatikoen (irletako zelula ere esaten zaie) transplanteak emaitza oso oparoak eman ditu Diabetes mellitusaren arazo larrienak sortu dituzten helduetan. "Orain, bermatu behar dugu pertsona gehiagok onura atera ahal izatea ia-ia batere inbaditzailea ez den tratamendu honetatik. DRIVE partzuergoak bioingeniaritzaren, zelulen biologiaren eta zelulen transplantearen arloko Europako ikertzaile nagusietako batzuk biltzen ditu, eta hauxe da helburu nagusia: alde batetik, mintz berriak sortzea, transplantaturiko irlak bazterketatik babesteko, eta, bestalde, irlen transplantea egiteko, pazienteak bazterketaren aurkako sendagaiak hartzeko beharrik ez izatea, arazo asko baitaude horiekin lotuta" azaldu du José Luis Pedraz doktoreak.

Proiektuak (erreferentzia zenbakia: 645991) EBko Horizonte 2020 Ikerkuntzako eta Berrikuntzako Programaren finantzazioa jaso du (https://ec.europa.eu/programmes/horizon2020).

CIBER-BBN

Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroa (CIBER) Carlos III.a Osasun Institutuaren (Ekonomia eta Lehiakortasuna Ministerioa) mendeko partzuergoa da. CIBER zentroa, Bioingeniaritzaren, Biomaterialen eta Nanomedikuntzaren arloan (CIBER-BBN), 46 ikertaldek osatzen dute; bikaintasun zientifikoaren arabera hautatu dira, eta nagusiki hiru zientzia programatan dihardute: Bioingeniaritza eta Irudi Medikoa, Biomaterialak eta Terapia Aurreratuak, eta Nanomedikuntza. Ikerkuntzaren xedea da hala prebentzio, diagnostiko eta jarraipen sistemak sortzea nola terapia espezifikoekin loturiko teknologiak (esaterako, Medikuntza Birsortzailea eta Nanoterapiak) sortzea. CIBER-BBN 2007tik ari da lan horretan, ikertzaileei laguntza, prestakuntza eta azpiegiturak ematen, eta, horrela, gure herrialdeko zientzia ikerkuntza sustatzen.

NANBIOSIS Nanomaterialen, Biomaterialen eta Biomedikuntzako Sistemen Ekoizpenerako eta Karakterizaziorako Plataforma, Centro de Cirugía de Mínima Invasión Jesús Usón (CCMIJU) zentroak eta CIBER-BBNk koordinatutakoa, ICTS mapa berriaren parte da. José Luis Pedrazek UPV/EHUn zuzentzen duen U10-Sendagaien Formulazioa unitatea ICTS osatzen duten 27 nodoetako bat da; nodo horiek Espainiako erakundeetan banatuta daude.

 

Argazkia: Argia Acarregui.