Albisteak

Grabazio magnetikoko teknika berriak

CIC nanoGUNE eta UPV/EHUko ikerketa batean garatutako materialen propietate magnetikoak oso aproposak izan litezke datuak gordetzeko teknika berrietarako

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/28

)
Lorenzo Fallarino nanoGUNEko Karakterizazio Fisikoko Laborategian (nanoGUNE).

Magnetismoa ikertzeko eta etorkizuneko aplikazio teknologikoetarako aukera handiak zabaltzen dituzten aleazio magnetikozko film finak eta geruza anitzeko filmak diseinatu, ekoitzi eta karakterizatu ditu UPV/EHUn doktoratutako ikertzaile Lorenzo Fallarinok, CIC nanoGUNEn. Laser bidezko tokiko berokuntzan oinarritutako grabazio magnetikoko teknika berrietan erabiltzeko material berriak landu ditu.

Zientziaren oinarri nagusietako bat da propietate berritzaileak dituzten material berriak bilatzea. Horrenbestez, berehalako helburu praktikorik gabe gauzatzen da oinarrizko ikerketa, naturak berak edo errealitateak berez dituzten oinarrizko printzipioen inguruko jakintza areagotzeko xedeari jarraituz. UPV/EHUn doktoratutako Lorenzo Fallarino ikertzailearen proiektuaren helburua izan da ordenagailuetako grabazio magnetikoko memoria-sistemak hobetzeko material berriak bilatzea, bai eta material horien propietate magnetikoak, fisikoak, elektrikoak eta elastikoak ikertzea ere.

Kobalto-aleazio kromodunak, ruteniodunak eta platinodunak, eta kromo oxidozko aleazioak diseinatu, ekoitzi eta karakterizatu ditu Fallarinok, CIC nanoGUNEko Nanomagnetismoko taldean. Ikertzaileak material horien propietate magnetikoak ikertu ditu, eta haien diseinua aldatuz joan da material horiek etorkizun handiko grabazio magnetikoko tekniketan erabiltzeko modukoak izatera heltzeko; izan ere, material horietan, propietate magnetikoak beren kristal-egituraren araberakoak dira zuzen-zuzenean.
Eskala nanometrikoko lodiera eta kristal-egitura perfektua duten materialak erabili ditu (1-2 nm eta 100 nm bitartekoak), zeinak silizio-olata fin-finen gainean ezartzen joan baitira.

"Tamaina txikiko gailuen eskari gero eta handiagoaren ondorioz, oso garrantzitsua bihurtu da eskala nanometrikoko material berriak ikertzea eta garatzea", azaldu du. Horrez gainera, "material horiek eskala nanometrikora murrizten direnean, fenomeno edo propietate fisiko berriak azaltzen dira, eragin handikoak bai zientzian bai industrian. Materialaren kristal-egitura aldatuz, adibidez, haien propietate magnetikoak alda daitezke, eta lortu nahi ditugun aplikazio teknologikoetarako doitu".

Transferentzia teknologikoa

NanoGUNEko Nanomagnetismoko taldeko ikertzaile adituen esperientziari esker, Curieren tenperatura manipulatzeko aukera ematen duten aleazioak fabrikatzea lortu du Lorenzo Fallarinok. Material ferromagnetikoak ferromagnetiko izateari uzten dioten tenperaturari esaten zaio Curieren tenperatura; alegia, tenperatura horretatik gora, iman gisa jokatu duten materialak iman izateari uzten diote. Oro har, oso tenperatura altua izaten da. Curieren tenperatura baxua (giro-tenperaturaren ingurukoa) duten aleazioak aztertu nahi zituzten taldeko ikertzaileek, "horren inguruan informazio-hutsune handia baitzegoen", azaldu du.

Lorenzo Fallarinok adierazi duenez, "oso zaila da ikerketa honen emaitzak epe laburrean ikustea memoria magnetikoetan", baina, haren iritziz, "material berri hauek aukera handiak zabaltzen dituzte laser bidezko tokiko berokuntza erabiltzen duten grabazio magnetikoko teknika berriak garatzeko"; beraz, emaitza horien transferentzia teknologikoak duen garrantzia nabarmentzen du, "industria izango baita material horien etorkizuneko garapenaren protagonista".

Bestalde, Fallarinok nabarmendu duenez, "ikusi dugu material horiek oso aproposak direla magnetismoaren oinarrizko fisika ikertzeko. Izan ere, dena dago ikertzeko eta ikasteko magnetismoaren inguruan".

Informazio osagarria

Lorenzo Fallarinok (Città della Pieve, Italia, 1985) Perugiako Unibertsitatean (Italia) egin zuen Fisikako lizentziatura, eta UPV/EHUn doktoratu da, Fabricación and characterization of magnetic thin films and multilayers izenburuko doktore-tesia nanoGUNEko Nanomagnetismoko taldean, Andreas Berger doktorearen zuzendaritzapean, egin ondoren.

Erreferentzia bibliografikoa