Albisteak

Resveratrol eta pterostilbeno konposatuek gorputzean gantza metatzea prebenitzen dute

UPV/EHUko doktore-tesi batek frogatu du estilbenoek gantz-ehunean eta gibelean ondorio delipidatzailean eragina dutela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/28

Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Ana Gracia Jadraquek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean defendatutako doktore-tesian frogatu du resveratrolak eta pterostilbenoak, mahats edo ahabia bezalako fruitu gorrietan daudenak, gantz-ehunean eta gibelean gantz-metaketa murrizten laguntzen dutela. Bi konposatu fenoliko hauek metilo-taldean, DNAren metilazio gisa ezaguna denean, eta mikroRNAetan egiten dituzten aldaketak direla eta, gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezakete.

Azken urteotan, interes handia pizten ari da DNAren metilazio bidezko gene-erregulazioa; prozesu epigenetiko honek (geneen adierazpena erregulatzen duen mekanismoak) DNAren jardueran aldaketak eragiten ditu, sekuentzia bera aldatu gabe, eta DNA kontrolatzen du mikroRNA deituriko RNA zati txikien bidez. Erregulazio mota hori oso garrantzitsua da gure gizarteko hainbat ohiko gaixotasunen fisiopatologian, baita horien tratamenduan ere. Halaber, dietak erregulazio-prozesu horietan eragin handia daukala frogatu da. Zehazki, frogatu da elikagaietan presente dauden hainbat konposatu bioaktibok DNAren metilazioa eta mikroRNAen adierazpena aldatzeko ahalmena dutela.

‘DNAren metilazio eta mikroRNAen eragina gantz-ehun eta gibeleko estilbenoen efektu delipidatzailean' Ana Gracia Jadraquek defendatutako tesia obesitatea duten animaliekin probatu da eta emaitzen arabera, frogatu da pterostilbenoak metilazio-mailan aldaketak eragiten dituela entzimetako batean (proteina horiek erreakzio kimikoak sortzen dituzte organismoan) eta horiek de novo lipogenesian esku hartzen dutela; ibilbide horretan sortzen dira gantz-azido berriak, gantz-ehunean biltegiratzeko, eta marka epigenetikoak (DNMTak) sortzeko entzimekin zuzenean harremana dute.

De novo lipogenesiaren asaldura hori resveratrol tratamenduarekin gertatzen ez bada ere (resveratrola mahats edo ahabia moduko fruitu gorrietan aurki dezakegu), hainbat mikroRNAen erregulazioan aldaketak eragin zituen, gantz-ehun zurian. Aldatutako mikroRNA horietako batzuk lotura dute triglizeridoen metabolismoaren geneekin eta horietako batzuk zeharkako erregulazioa eragiten dute gantz-azidoen sorreran.

Gibelean egindako bigarren azterketa baten arabera, resveratrolak organo horretan nabarmen adierazten den mikroRNAen adierazpena murrizten duela frogatu da. Horren ondorioz, ikusi ahal izan da gantz-azidoen b-oxidazioan (gantz-azidoak degradatu eta energia sortzen duen ibilbide metabolikoan) esku hartzen duen entzima baten adierazpena eta jarduera areagotzen bada, resveratrolaren bidez mikroRNAren adierazpena modulatzeagatik izan daitekeela.

Bi konposatu fenoliko hauek DNAren metilazioan eta mikroRNAetan eragiten dituzten aldaketak direla eta, gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezakete.

UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldeak aurretik egindako azterlanetan aditzera eman zuten resveratrol eta pterostilbeno bezalako hainbat konposatu fenoliko gantz ase eta azukre sinpleko dieten ondoriozko obesitatea prebenitzeko ahalmena dutela animalietan. Konposatu horiek mekanismo epigenetikoetan eta mikroRNAetan dituzten ondorioei buruzko ezagutza urria dela eta, doktore-tesi honek bi alderdi molekular horiek triglizeridoen metabolismoan duten eragina izan du ardatz. Horretarako, bi ikuspegi erabili dira. Lehenengoan, resveratrolak eta pterostilbenoak gantz-ehunean triglizerido-metaketan DNAren metilazioan izan dezaketen eragina aztertu zen eta, bigarrenean, resveratrolak gantz-ehunean eta gantz hepatiko-metaketan mikroRNAen erregulazio post-transkripzionalean duen parte-hartzea ezarri zen.

Informazio osagarria

‘DNAren metilazio eta mikroRNAen eragina gantz-ehun eta gibeleko estilbenoen efektu delipidatzailean' tesia Ana Gracia Jadraquek egin du (Alberite, Errioxa), UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldearen baitan. Tesiaren zuzendariak María del Puy Portillo Baquedano eta Alfredo Fernández Quintela izan dira. Talde hori Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioaren alorreko CIBER-en baitan dago; Karlos III.a Osasun Erakundearen Sareko Ikerketa Biomediko Zentroa da. Horrez gain, doktoreak lau hilabeteko egonaldia egin zuen Stockholm-eko (Suediako) Karolinska Institutuan.