EHUko errektoretza taldeak irmoki arbuiatzen du bere instalazioetan ke-poteak erabiltzea

Errektoretza taldearen adierazpena (2026.03.02)

EHUko errektoretza taldeak irmoki arbuiatzen du bere instalazioetan ke-poteak erabiltzea

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretza-taldeak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du gaur Arabako Campusean izandako istiluengatik.  

Gaur  goizean, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. Urteurrenaren bezperan, eta aurreko urteetan gertatu izan den bezala, ikasle talde batek ke-poteak arri ditu campuseko lau eraikinetan. Hori dela eta, prebentzio-protokoloa aktibatu da eta, ondorioz, hustu egin behar izan dira, suhiltzaileek dena bere onera itzuli dena baieztatu duten arte.  

Irmoak izan nahi dugu: Onartezina da ikastegiak hustea sustatzea eta, ondorioz, irakaskuntza etetea. Ezin dugu onartu protestarako eskubide legitimoa bahitua izatea pertsonen segurtasunaren, bizikidetzaren eta gainerako unibertsitate-komunitatearen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen aurka jotzen duten metodoen bidez.  

Hori horrela, gertatutakoaren aurrean, errektoretza-taldeak hurrengo adierazten du:  

  1. Pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen duen ekintza eta jokabide oro gaitzetsi eta arbuiatzen du, eta ohartarazi nahi du leku itxi eta jendetsuetan ke-poteak erabiltzeak ondorio pertsonal larriak eragin ditzakeela.  
  2. Bizikidetzaren eta aldarrikapen baketsuaren aldeko konpromiso irmoa adierazten du. Aldarrikapenerako eta protestarako eskubidea beti defendatuko ditugu, bai ikasleena, bai kolektibo ororena; unibertsitate bizi, kritiko eta aktibo batean sinesten dugulako. Baina jarduera hori pertsonak errespetatuz eta gizarte osoarenak diren ondasun publikoak zorroztasunez zainduta gauzatu behar da.  
  3. Konpromiso kolektiborako eta pertsonak zaintzeko deia berresten du. Gure lehentasun nagusia izan da eta izango da gure erkidego osoaren segurtasuna eta ongizatea zaintzea.  

EHUko errektoretza taldeak argi adierazi nahi du bere konpromisoa unibertsitate-komunitatea eraikitzen jarraitzeko elkarbizitzan, elkarrekiko errespetuan, elkarrizketan eta pertsonen eta espazio komunen zaintzan oinarrituta.  

Errektoretza taldearen adierazpena, O23an Vox alderdiak Arabako Campusaren inguruetan deitutako agerraldiaren harira

Errektoretza taldearen adierazpena (2026.02.20)

Errektoretza taldearen adierazpena, O23an Vox alderdiak Arabako Campusaren inguruetan deitutako agerraldiaren harira

Datorren astelehenean Gasteizen iragarrita dagoen VOX alderdiaren kontzentrazioa dela-eta, eta azken hilabeteetan Gasteizen eta Iruñean jazotako gertakari larriak kontuan hartuta, EHUko errektoretza taldeak erabaki du jarduera akademikoa egun horretan modalitate telematikora aldatzea.

Erabaki hau ardura instituzionaletik hartu da eta prebentziozko neurri gisa, unibertsitateko kide guztien segurtasuna eta osotasuna bermatzeko helburuarekin. Gure lehentasun nagusia ikasle, irakasle eta TEKAZEL langileen ongizatea da. Ondorioz, jakinarazten da adierazitako egunean aurrez aurreko eskolak eta jarduerak bertan behera geratuko direla, eta irakaskuntza jarduera guztiak baliabide telematikoen bidez garatuko direla.

Ez da kasualitatea, ez eta huskeria ere, alderdi ultraeskuindarraren ekimenak bat egitea 1981eko otsailaren 23an izandako estatu kolpe saiakeraren datarekin; zer esanik ez mundu mailan ultraeskuina aurrera egiten ari den testuinguru honetan.

Marko horretan, eta datorren asteleheneko ekitaldiak dakarren probokazioaren aurrean, EHUko errektoretza taldeak, batetik, neo-frankismoa eta mezu eta praktika totalitarioak arbuiatzen ditu; kolokan jartzen dituzte gure gizarte-eredu europarraren oinarriak. Gogora ekarri nahi dugu, unibertsitatearen baloreak, gure Estatutuetan aldarrikatzen direnak, bateraezinak direla Vox-en eta totalitarismo ororen mezu nazional-populistekin. Hasteko, EHUren misioak jasotzen du gizarte garapen jasangarria sustatzeko helburua. Gainera, unibertsitate anitza izateak ezaugarritzen gaitu, sorkuntza eta garapen libreak, gizartearenak nahiz unibertsitateko komunitatea osatzen dugun pertsonenak. Bakean, elkarrizketan eta askatasunean oinarritutako bizikidetza demokratikoa dugu jomuga.

Era berean, Arabako Campuseko komunitateko kideen zaintza eta segurtasuna bermatzeko, errektoretza taldeak ondorengo neurriak hartu ditu: (1) liskarrak arbuiatzea; probokatzera datozenek topa dezaten campus huts bat bere jardunarekin jarraitzen duena online modalitatean; (2) zentroetako dekanotza eta zuzendaritzekin biltzea, baita sindikatu eta ikasle mugimenduekin ere, eskatzeko kolaborazioa eta probokazioetan ez erortzea; (3) alderdi horrek ordezkatzen duenaren inguruko hausnarketa eta kritika sustatzea.

Unibertsitate publikook gizarteari zor gatzaizkio; derrigortuta gaude komunitatea zaintzera eta mehatxu totalitarioei aurre egiteko erantzukizuna gure gain hartzera.

Batzuek zarata egiten duten bitartean, EHUk deliberatu egiten du, aurre egin, jakintza, eta izpiritu kritiko eta ilustratuarekin.

Euskal Herriko Unibertsitatea, Eman ta zabal zazu.

Bakearen eta bizikidetzaren aldeko adierazpena

Errektoretza taldearen adierazpena (2026.02.11)

Bakearen eta bizikidetzaren aldeko adierazpena

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretza taldeak bat egiten du Lekeitioko Udalak 2026ko otsailaren 3an Arantza Zuluetaren aurkako epaiaren harira aho batez plazaratutako adierazpen instituzionalarekin.

13/13 makro-epaiketako auziaren inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia ez dator bat egungo testuinguruarekin, eta gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzearen aurka egiten du.

Epaiak EHUren master ikaslea den Arantza Zuluetaren kontra zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ebatzi du, eta beste hiru pertsona kartzelaratzea agintzen du (horien artean EHUko ikasle ohi bat).

EHUren errektoretzak salatzen du Euskal Herrian zabaldutako garai berriaren aurka egiten duela 13/13 Sumarioak eta hainbeste ahaleginei esker lantzen ari den bakea eta bizikidetza kaltetu besterik ez duela egiten Auzitegi Gorenaren erabakiak.

Halaber, bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten du errektoretza taldeak, baita unibertsitateko komunitateko kideen defentsa publikoa egiten ere, era bidegabean inplikatzen dituzten egoera ororen aurrean.