Gai akademikoen inguruko ebazpenak

Ibiltorria, 2020ko urriaren 9koa, UPV/EHUko Gradu eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordearena, konfinamendu egoeretan gradu eta masterreko irakaskuntzak irakasteari eta ebaluatzeari buruzkoa.

COVID-19 pandemiak sortutako egungo egoeraren ondorioz, baldintza berezietan garatu behar da nahitaez 2020/2021 ikasturtea. Nolanahi ere, Unibertsitatearen eta berori osatzen dugunon ardura da bertako ikasleei ematen diegun laguntza akademikoa koronabirusak sor dezakeen edozein gorabeheraren aurrean (berrogeialdiak, konfinamenduak, indibidualak zein kolektiboak) babestuta geratzen dela bermatzea, betiere testuinguru eta ikasgai bakoitzaren idiosinkrasia eta espezifikotasuna kontuan hartuta.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 9ko saioan onartu zituen 2020/2021 ikasturterako irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak eta, hauen arabera, unibertsitateko irakaskuntza taldeek, ahal den neurrian, UPV/EHUko irakaskuntzaren izaera presentziala zaindu behar dute, baina urruntze sozialeko, edukiera mugatuko eta higiene eta osasun neurriak hartzeko egoeretara egokituta. Horrela, berrikuntza gisa, prestakuntza presentzialaren ikuspegi egokitua sartzen da, hau da, ahal dela presentziala, baina, hala badagokio, klase telematikoekin eta saio asinkronoekin osatua.

Dokumentu horretan, halaber, gerora sortutako egoerak aurreikusten dira, konfinamendu orokor zein partikularrak direla. Hala, konfinamendu masibo berririk balego, eGela eta Blackboard Collaborate (BBC) bidezko irakaskuntza telepresentzialera itzuli beharko dela agintzen da. Baina, era berean, aurreikusten da, UPV/EHUn ikasketen jarraipen presentzialean jarduteko aldi baterako ezintasunean dauden ikasleen kasuan, sailek egokitzapen akademiko eta pedagogiko egokiak egin beharko dituztela, bai irakaskuntzan, bai tutoretzetan edo ebaluazio sistemetan, ikasle horiek matrikulatuta dauden irakasgaietan, modu horretan beren ikasketek egoera horretan jarrai dezaten laguntzeko.

Ebaluazioari ere eragiten dio UPV/EHUk pandemia egoera honetan irakaskuntzaren funtzionamendu egokia zaintzeko argitara eman dituen orientazio dokumentuetan agindutako laguntza akademikoak. Orientabide horien arabera, eta normaltasun berria garatuko den salbuespenezko eta aurreikusi ezinezko inguruabarrak ikusita, irakasgaien ebaluazioa, ahal dela, ebaluazio jarraituko eta presentzialeko sistemaren bidez egin behar da; hala ere, aurrez aurrekoa ez den beste ebaluazio aukera bat egon behar da, COVID-19 delakoaren ondorioz sor daitezkeen egoerei erantzuna emango diena eta ebaluazio hori erregulartasunez egitea eragotziko duena, konfinamendu orokortu batek edo konfinamendu iragankorrek ikasleei zein ikasleei eragin diezaieketena. Ebaluazioa diseinatzeko orduan, kontuan hartu behar dira EHU edonondik eta EHU Edonondik/ebaluazioak emandako gomendioak, normaltasun berriko aldi honetan ere indarrean jarraitzen baitute.

Horrekin batera, kontuan hartu behar da UPV/EHUren graduko titulazio ofizialetako ikasleen ebaluazioa arautzen duen arautegia, masterretan subsidiarioki aplikatzekoa. Arautegi horrek beste proba bat egiteko aukera aurreikusten du, eta, besteak beste, ezinbesteko kasua, baldintza fisikoak edo bestelakoak jasotzen ditu eta, ikasle guztiei eragiten dietelarik, proben garapen normala baldintza dezakete. Kasu horietan, irakasleak, egoera eta baldintzak aztertu ondoren, probak egiteko beste data bat ezarri ahal izango du, betiere bere sailaren onespenarekin eta ikastegiarekin koordinatuta, har daitezkeen salbuespenezko neurriei kalterik egin gabe.

Aurreko guztia kontuan hartuta, ibiltorri hau diktatzen da sailei eta, hala badagokio, ikastegiei laguntzeko, gure graduko eta masterreko irakaskuntza ofizialen irakaskuntza kudeatzen eta ebaluazioa konfinamendu egoeretan garatzen.

 

  1. eGela eta Blackboard Collaborateren erabilerari buruz

    Ikasleei laguntza akademikoa bermatzeko eta graduko eta masterreko irakaskuntzetan ezarri behar izan diren irakaskuntzaren, tutoretzen eta ebaluazioaren garapenaren egokitzapenak erabat gauzatzeko, sail guztiek bermatu behar dute irakasten dituzten irakasgai guzti-guztietan eGela aktibo egongo dela, tresna unibertsala baita ikasleekin zuzeneko komunikazioa izateko, bertan plantea daitezkeelarik lan autonomoaz egindako eginkizunak zein online tutoretzak. Horrekin batera, egokia eta posible den guztietan, Blackboard Collaborate (BBC) erabiltzea gomendatzen da. Horrek ziurtatzen du irakasle eta ikaslearen arteko kontaktu birtuala, baina berehalakoa, irakaskuntza telematikoaren baldintzetan, dela irakasgaien plangintza bimodalaren parte delako, dela urrutiko irakaskuntza, gerora sortutako premia izan delako.

    Tresna horiek erabiltzea beharrezkoa da osasun agintarien aginduz mugatuta dauden eta, beraz, UPV/EHUn ikasketen jarraipen presentziala egiteko aldi baterako ezinduta dauden ikasleen ikasketekin eta tutoretzekin jarraitu ahal izateko, bai eta unibertsitatean duten lanpostura bertaratzeko ezinduta dauden irakasleen kasuan ere, betiere aldi baterako lan ezintasunean ez badago.

    Horretarako, sailek ikastegien laguntza eta ikuskapena izango dute, bai eta eCampus edo SAE-HELAZen aholkularitza ere, beharrezkoa izanez gero.

     
  2. Ebaluazioari buruz

    Gaur egungo baldintzetan, ebaluazio jarraituak eta modalitate presentzialak lehentasuna izan behar dute oro har, baina aurrez aurrekoa ez den beste ebaluazio aukera bat egon behar da, COVID-19ren ondorioz sor daitezkeen egoerei erantzuteko. Edonola ere, beren irakasgaien ebaluazioa ezartzeko orduan, sailek irakasgai horien ezaugarri espezifikoak hartu behar dituzte kontuan ebaluazio modalitate egokiena aukeratzeko, eta, era berean, ebaluazio prozesuetan baldintza berdintasuna bermatu behar dute.

    Hortik abiatuta, eta 2020/2021 ikasturtea garatzeko baldintzak kontuan hartuta, onartutako egutegietan aurreikusitako deialdi ofizialei dagozkien ebaluazio probak honako hauek kontuan hartuta egin behar dira:
    • Ebaluazio proba egiteko aurreikusitako egunean, ikasgaiko ikasleren batek egiaztatzen badu ezin dela ikastegira joan proba aurrez aurre egitera COVID-19ren ondorioz, ebaluazioa egiteko aukera eman beharko zaio, eta, horretarako, sailak hautabide hauetakoren bat aukeratu ahal izango du:
       
      • proba beste ikasle guztien egun eta ordu berean egitea, aurrez aurrekoaz besteko edo online modalitatearen bidez.
      • beste proba bat aurrez aurre egitea beste data batean, etsaminen aldi ofizialaren barruan, edo etsaminen aldi ofiziala amaitu eta, gehien dela, hamar egun naturalen epean.


      Ikasleek nahitaez egiaztatu beharko dute konfinatua izatea edo COVID-19ren aurrean kalteberak diren pertsonen kolektiboko kide izatea, arrazoi horiek direla-eta, ezin delarik aurrez aurre joan ofizialki aurreikusitako datan; eta egiaztatu beharko du egoera horren berri izan bezain laster, beti ere ebaluazio proba hasi baino lehen.

      Ikasleek egoera hori egiaztatu beharko dute irakaslearen aurrean edo, hala badagokio, irakasgaiaren ardura duen sailaren aurrean, bai eta ikasleen arazoez edo irakaskuntzaren antolaketaz arduratzen den ikastegiko zuzendaritza taldeko pertsonaren aurrean ere (ikasleen edo antolamendu akademikorako dekanordea zein zuzendariordea).
       
    • Probaren ardura duen irakaslea izango balitz, COVID-19ren ondorioz baina laneko bajan egon gabe, aurrez aurre ezin joan daitekeena aurreikusitako datan onartutako egutegian ezarritako ebaluazio proba bat egitera, irakasgai hori berori irakasten duten beste irakasle eta ikertzaile batzuk egongo dira proban (edo, halakorik ez badago, sailak horretarako izendatutakoak). Kasu horretan, eragindako irakasleak BBC bidez jarraitu ahal izango du proba, eta sortzen diren kontsultei erantzun ahal izango die.

      Irakaslea laneko bajan balego, irakasgaiaren ardura duen sailak ohiko neurriak hartu beharko ditu.

 

 

Leioan, 2020ko urriaren 8an.

 

Araceli Garín Martín
Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea