Eduki publikatzailea

COVID-19 epidemiari aurre egiteko prebentzio eta jardun arauak

UPV/EHUko Laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzua

Dokumentu honen bidez, egunotan unibertsitatean indarrean egongo diren prebentzio neurrien berri eman nahi du UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuak. Neurriok oinarritzen dira agintari eskudunek ezarri dituzten arau eta gomendioetan, kontuan izanik laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzuak koronabirusari aurre egiteko duen jardun prozedura.

1. Unibertsitateko kide guztientzako prebentzio neurri orokorrak

Unibertsitateko kide guztiek hartu beharreko neurri orokorrak:

1.1. Garbitu eskuak maiz. Horrela.

1.2. Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo mukizapi batekin. Bota mukizapia zakarrontzira berehala eta garbitu eskuak alkoholez eginiko eskuentzako desinfektatzaile batekin, edo urarekin eta xaboiarekin.

1.3. Mantendu gutxienez metro bateko distantzia eztul egin eta sukarra duten pertsonengandik.

1.4. Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.

1.5. Garbitu maizago eskuekin ukitzen diren etxeko eta leku publikoetako gainazalak. Horrela.

Pertsona batengan arnas infekzio akutuarekin bateragarriak diren sintomak agertzen badira (hala nola sukarra, eztula edo arnas hartzeko bat-bateko zailtasuna) eta/edo pertsona hori arrisku eremu batean edota kutsatutako pertsona batekin egon bada, etxean edo dagoen lekuan gelditu behar du, eta 900203050 telefonora deitu behar du. Sintomak dituen pertsonak 2 metrora gutxienez egon behar du beste pertsonengandik.

Neurri hauek aldizka eguneratuko dira web orri honetan.

2. Jendaurreko arretako langileak

Koronabirusa dela-eta Osasun Ministerioak prebentzio zerbitzuen inguruan argitaratu duen prozeduran, jendaurreko arreta guneetan diharduten langileak, besteak beste, aipatzen dira. Modu orokor batean egiten du, bi talde aipatuta (esposizio probabilitate txikikoa eta arrisku txikiko esposiziokoa), eta baloratu egin behar da lantoki bakoitzean agente biologikoekiko esposiziotik sortutako arriskua.

Beraz, jendaurreko arretan diharduten pertsonen kasuan, honako hauek dira prebentzio gomendioak:

2.1. Lehenik eta behin, kontuan hartu beharko dituzte aurreko atalean unibertsitateko kide guztientzat aipatu diren neurri orokorrak.

2.2. Jendaurreko arreta zerbitzuak behar dituzten pertsonei, gomendatzen zaie kontuan har dezatela baliabide telematikoak edo telefonikoak erabiltzeko aukera, aurrez aurreko arretaren ordez, eta baliabide horiek erabil ditzatela, ahal izanez gero.

2.3. Jendaurreko arretan, segurtasun distantzia mantendu eta kontaktu fisikoa saihestu behar da. Osasun Ministerioak 2 metroko gutxieneko segurtasun distantzia ezarri du beste babes modurik ez dagoenean (manpara).

2.4. Distantzia hori mantentzeko, hesi fisikoak edo lurrean seinaleak ipiniko dira.

2.5. Jendaurreko arreta unitateetako langileek, baldin eta unitate horietara doazen pertsonek entregatutako materialak eta dokumentuak manipulatu behar badituzte, UNE-EN ISO 374.5:2016 araua betetzen duten babes eskularruak erabiliko dituzte.

3. OSAKIDETZAko Zerbitzu Erakundeetako osasun langileak

OSAKIDETZAko Zerbitzu Erakundeetako osasun langileek aintzat hartuko dituzte erakunde publiko horren jarraibideak eta prebentzio neurriak.

4. Prebentzio neurri teknikoak eta antolakuntzakoak

Prebentzio neurri garrantzitsuak dira egiturazko babes elementuak erabiltzea, langileen kontrola eta antolamendu neurriak, eta instalazioen eta laneko tresneria berrerabilgarriaren garbiketa eta desinfekzio politikak. Hori horrela, osasun agintariek ezarritako neurriak aplikatuz, UPV/EHUk jarraibide batzuk ezarri ditu, hainbat arlotan:

4.1. Web espezifiko bat sortu da UPV/EHUk koronabirusari buruz emandako informazioa argitaratu eta eguneratzeko. Web horretatik, informazio kanpainak egingo dira UPV/EHUko kideentzat.

4.2. COVID-19ak (SARS-cov-2) eragindako alerta sanitario dela-eta, UPV/EHUk jardun protokolo bat ezarri du.

4.3. UPV/EHUko kideei azalduko zaie zein diren COVID-19 epidemiaren arriskuak eta zer prebentzio neurri hartu behar diren, arriskuaren sailkapenaren arabera.

4.4. Ezohiko neurriak ezarriko zaizkie Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei eta Irakasle-ikertzaileei.

4.5. Ikastegi, areto eta instalazioen arduradunak saiatuko dira unibertsitate barruko instalazioak etengabe aireztatzen, leihoak, sabai leihoak eta abar irekiz, edota aireztapen mekanikoa areagotuz, kasuan-kasuan.

4.6. UPV/EHUk, garbiketa enpresekin koordinatuta, instalazioen, aretoen, elementuen eta lan tresneriaren garbiketa eta desinfekzio politika berezi bat ezarriko du, birusarekiko esposizioak eragindako arriskua txikitzeko.

4.7. Ahal izanez gero, UPV/EHUko langileak saiatuko dira bertan behera uzten aurrez aurreko bilerak eta ekitaldiak, eta beste sistema batzuk erabiliko dituzte: hala nola bideokonferentzia edo aurrez aurrekoa saihesten duten beste sistema batzuk. Aurrez aurreko bilera eta ekitaldietan, saiatuko dira segurtasun distantzia mantentzen.

4.8. Une oro, aintzat harturik osasun agintarien eta unibertsitate agintarien jarraibideak, kontuan eduki beharko da litekeena dela unibertsitateko kideen mugikortasuna murriztu beharra sortzea: kontsultatu esteka honetan arrisku eremuei buruzko informazioa.

4.9. Amaitzeko, osasun agintariekin koordinatuta, beharrezkoa izanez gero, beste urruntze neurri prebentibo batuk ezarriko dira, kutsatze arriskua minimizatzeko.

Dokumentu honetan aipatutako prebentzio eta jardun neurriak plangintza barruan sartuko dira baldin eta ez badira berehala martxan jartzen. Eguneratuz joango dira, baldintzen, eskura dagoen informazioaren eta osasun eta larrialdi arloetako agintarien eskakizunen arabera. Edozein kontsulta, iradokizun edo eskaera egiteko, helbide elektroniko hau erabil daiteke: informes.prevencion@ehu.eus