Gaztetasun amaigabetik heldutasun prekariora

Diego Carbajo ikertzaileak gazteen estrategiak aztertu ditu, emantzipatzeko eta etxebizitza bat lortzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/03

Diego Carbajo

Nolakoa da gaztetasunetik heldutasunera igarotzeko prozesua? Tradizionalki, pertsona heldua eratzen duten ezaugarriak hauek dira: lan eta bikote egonkorrak lortzea, etxebizitza bat jabetzan hartzea eta familia osatzea. Etapa horiek bete eta gero, emantzipazioa sortzen da eta pertsona zentratua, autosostengatua eta independentea agertzen da, hau da, pertsona heldua. Hala ere, une honetan, trantsizio hori ez dago hain argi eta hain definituta, Diego Carbajo soziologoak Euskal Autonomia Erkidegoan egin duen ikerketaren emaitzen arabera. Gaur egungo egoera sozio-ekonomikoaren ondorioz, betekizun tradizionalak apurtu egiten dira, gaztetasuna luzatu egiten da, eta prekariotasuna heldutasunean ezartzen da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren eta 25 eta 34 urte bitartean dituzten erdi mailako klaseko 23 pertsonari eginiko elkarrizketak aztertu ostean, Diego Carbajok gazteria kontserbadorea aurkitu du eta, gazte horiek, estrategia berritzaileen bitartez, behin-behineko soluzioak bilatzen dizkiote emantzipatzeko daukaten arazoari. Bide horiek, askotan, iraunkor bihurtzen dira eta gazteak gazte izateari uzten dio, egoera prekarioan dagoen heldu edo "kuasiheldu" bihurtzeko. Prekariotasun hori areagotu egiten da emakumeen kasuan. Izan ere,  gizarte-, lan- eta kultura-egiturak gehiago baldintzatzen ditu emakumeak, eta euren mendekotasunak betikotzen ditu.

Duela hamarkada batzuk, "Alcántara familiaren" ereduak zehazten zuen pertsona bat noiz egiten zen heldu-independente, familia-harremanekin eta harreman afektiboekin, lanarekin eta betirako etxebizitzarekin. "Orain, egonkortasun hori dagoeneko ez da existitzen eta bitarteko egoera asko gertatzen dira. Egoera horien ondorioz, pertsonak birkonfiguratu eta berregituratu egin behar du, egunetik egunera mendekotasun gehiago kudeatzeko. Prekariotasun horrek itxura ematen die euren bizitzei, baina, hogeita hamar urte inguru betetzen dituztenean, alternatibak bilatzen dituzte pertsona heldu bati aurresuposatzen zaizkion betekizunak betetzeko", Diego Carbajok azaldu duenez.

Etxean bizitzea / etxetik kanpo bizitzea

Bizitokia lortu ahal izateko gazteek garatzen dituzten estrategietan oinarritu da soziologoak egin duen ikerketa. Ildo horretan, Carbajok nabarmendu duenez, krisi ekonomikoa eta lan-ezegonkortasuna gorabehera, etxebizitza baten jabetza lortzeak lehentasunezko helburu izaten jarraitzen du gazteentzat, eta, hori lortzeko, familiaren babesa bilatzen dute. "Horrela, baliabide oroz hornituta Ongizate Estatua ordezten duen Mediterraneoko familiaren eredua mantendu egiten da. Hala ere, egitura horrek ez dauka orain dela hamarkada batzuk izan zuen gaitasuna. Izan ere, orduan, familiako kide guztiak mantentzen zituen, eta, adibidez, familia osoak mugitu zituen estatuarteko migrazio-prozesuetan. Orain, familia txikiagoa da eta ahulduta dago; baina gizarte-imajinarioan daukan rola indartuta atera da. Gazteek familia beti hor egongo dela uste dute, eta horren arabera jarduten dute", nabarmendu du.

Heldutasunerako trantsizioan, gazteak estrategikoki luzatzen du bere egonaldia etxean, aurrezteko eta etxebizitza baten erosketan zorpetu ahal izateko. Hori bai, nolabaiteko autonomia lortzeko, "etxean bizitzearen" estrategia honako hauekin osatzen da: norberaren espazioak familiaren etxean, lonja bat alokatzea, furgoneta ekipatua lortzea edo bidaiak, besteak beste. Horrela, nolabaiteko independentzia- eta indibidualtasun-marjinak lortzen ditu, aurrezten duen bitartean, etxebizitza propioa erosteko, edo, bestela esanda, zor bat eskuratzeko.

Emantzipatzeko daukan beharra asetzeko "etxetik kanpo" bizitzea aukeratzen duenak familiaren bigarren etxebizitza onartzen du, jabetzako etxebizitza erosten du familiaren abalarekin zor hori egitean, edota pisu bat alokatzen edo konpartitzen du.  Hasieran behin-behinekoa zen azken konponbide hori behin betiko soluzio bihurtzen ari da hogeita hamar urtetik gorako pertsonen kasuan. Horrela, denborak aurrera egin ahala, prekarizazioan dagoen gizarte-egoera batean, etxebizitza konpartitzen duenak adiskidetasunetik haratago doazen harreman ia familiarrak eratzen ditu, eta antzinako elkar-laguntza moduak berragertzen dira. Antzinako modu horiek, berez, gehiago ziren herri eta komunitate txikietakoak hiri-inguruneetakoak baino.

Diego Carbajoren iritziz, "gaur egun alokairuko etxebizitzen eskaeren igoera egon bada ere, egia esan, joera horrek ez du kultura-aldaketa bat adierazten, baizik eta estrategia ekonomiko bat, beste irtenbiderik ez dagoelako.  Hamar urteko epean ikusiko da joera horrek benetan alokairua indartzen duen". Ikertzaileak adierazi duenez, "Babes Ofizialeko Etxebizitzen sistemaren bidez, etxebizitza-politika publikoek nahastu egin dituzte etxebizitza eskubidea eta jabetza-eskubidea, eta zorpetze-arazo nahikotxo sortu dituzte". Jabetzako etxebizitza bat bilatzearen eraginez, mendekotasun-egoerak normalizatu egiten dira, eta mendeko pertsonen eta pertsona independenteen kategoriak desegin egiten dira. "Zama ekonomikoak txikiagoak dira etxean bizi direnentzat etxebizitza bat erosten dutenentzat baino; baina, kanpoan bizi den eta egunero jatorrizko etxera jatera eta garbitzeko arropa uztera joaten den pertsona emantzipatuago dago gurasoen etxean bizi den baina etxean jan eta lo besterik egiten ez duen pertsona baino?", galdetu du Carbajok.

Heldutasunerako ibilbidean, lan-egonkortasuna nortasun-ezaugarria da, eta, aldi berean, etxebizitza bat jabetzan lortu ahal izatea errazten duen faktorea; horixe da, hain zuzen ere, elkarrizketatutako pertsonen helburu nagusia. Arrazoi horiek direla-eta, lanaren prekariotasuna gainditzeko helburuarekin, gero eta gazte gehiagok denbora gehiago erabiltzen dute etengabeko prestakuntzan eta ikaskuntzan. Aldi berean zeregina eta helburua dira bi horiek. Enplegu bat lortzeko modua da, enplegu horri eusteko edo hobetzeko modua, eta, ondorioz, etxebizitza bat eskuratzeko aukera izateko modua.  Gazteek denbora librean lan egiten dute, euren prestakuntza eta laguntza-sareak mugarik gabe handituz. Eta langabezian dagoenean, bere baliabide intelektualak eta prestakuntza-baliabideak mobilizatzen ditu, pertsona ekintzailea izateko. Oro har, guztiek izan behar dute euren buruaren enpresaburu eta euren burua esplotatu behar dute, egonkortasuna edo norberaren errealizazioa bilatzeko.

Hil arte bizitzen profesionalak

Aurrez aurre dugun gizartea osatzen duten pertsonek mugitzeko eta ekintzarako gaitasun handia daukate, estrategia berriak erabiltzen dituzte norbanakoaren eredu normatibo bat kopiatzeko; hau da, pertsona independente bat izatea, bere burua sostengatzen duena, lana eta bikotekide egonkorrak izatea, pisu bat jabetzan edukitzea eta familia osatzea. Hala ere, gaur egun prekarietatea gure gizartean instalatuta dago, eta ez dira betiko ez enplegua, ez harreman afektiboak; gizarte honetan, etxebizitza bat jabetzan edukitzea, egia esan, besteekin batera zor bat izatea eta hainbat mendekotasun kudeatzea da. Hala, denbora, dirua eta esfortzua baliatu arren, zaila da epe luzera ezarri dituzten helburuak lortzea.

Gaur egun, gazteak pozik daude hurrengo hilabetera iristeko gai baldin badira. "Ahal den moduan aurrera egiten profesionalak dira" azaldu du Diego Carbajo. "Ziurtasunik ez duen agertoki batean, okerrera egiteko aukera gehiago daudenean hobera egiteko baino, esku artean duten aukera bakarra orainean mantentzea da.  Haien gurasoek bazekiten denborari eta esfortzuari esker behin betiko emantzipatu eta 'progresua' lortu ahalko zutela. Gaur egun, pertsonak batek ez du bermatuta ez egonkortasuna, ez aurrera egitea edo hobetzea; bai, ordea, prekarietatea. Horregatik, gaztetasuna luzatzeak lotura estua du heldutasuna prekarizatzearekin."

Egileaz

Diego Carbajo Padilla (Vitoria-Gasteiz, 1981), Soziologian doktore da UPV/EHUn, eta "Vivir en precariedad. Trayectorias y estrategias residenciales de la juventud en la Comunidad Autónoma Vasca" tesia idatzi du; Bejamín Tejerina katedradunak eta Iñaki Martínez de Albeniz Ezpeleta irakasleak zuzendu dute. UPV/EHUko Soziologia 2 Saileko Identitate Kolektiboen Ikertegiko kidea da, eta Euskal Herriko okupazio mugimenduari (Bilbo, 2007) eta gazteen lokalen fenomenoari (Leioa, 2012) buruzko zenbait lan plazaratu ditu; horrez gain, Precariedad vital y juventud liburuaren egileetako bat ere bada (Vitoria-Gasteiz, 2012). Bere ikerketa arloak prekarizazio prozesuak, norbanakoaren soziologiak, gazteria eta gizarteen bilakaera dira. Gaur egun ekintzailetzaren inguruko diskurtsoari buruzko ikerketa proiektu bat prestatzen ari da.