Arbelen mantentze lanen argibiderako dokumentua

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/10

Gasteizko Udalak, mantentze lanak burutzen dituen teknikari baten telefono deiaren bidez, 2015eko azaroaren 6an OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi zion zenbait ikastetxetako arbel modelo zahar batzuetan amiantoaren osagai bat aurkitu izana. Zehazki, arbel digitala instalatu behar zela eta, udaleko langile batek hauetako arbel bati mozketa egitean antzeman zen osagai hori.

Amiantoa edo asbestoa sustantzia mineral natural bat da, zuntz-silikatoa, eta zuntzezko osaera horri esker dituen ezaugarri fisikoengatik oso erabilia izan da eraikuntzako materialetan, automobilgintzarakoetan, oihalgintzako materialetan…

Arbeletan erabilitako amiantoa, amianto ez hauskorra da, eta egindako analisietan jasotako emaitzen arabera, laginek %10-15ean zuten amiantoa, krisotilo motakoa.

Material ez hauskorra, zuntzak matrizeari gogor hertsiak dituen hari deitzen zaio, eta eskuz jalki ezin den hari, horretarako erremintak erabili beharra izaten delarik.

UPV/EHUk, egoera honen berri izan du OSALANen bidez eta jakinarazten du ezen:

1. Material mota hau izan lezaketen arbelak, seguruenik 1990 urtea baino lehenagoak izango dira, gutxi gorabehera.

2. Arbel hauek normaltasunez erabil daitezke irakaskuntza zereginetan, inolako arriskurik gabe, baldin eta manipulaziorik eta alteraziorik eragiten ez bazaie.

Eta, ondorioz, burutu beharreko ondorengo neurri eta jokaerak ezartzen ditu:

1. Arbel horien manipulazioa dakarren ekintza oro debekatu egingo da (gainazala lixatu nahiz leuntzea, mozketak egitea, daratuluz zulatzea…), amiantoaren zuntzak aska baititzakete ekintzok, horrek lekarkeen arriskuarekin.

Irakaskuntzarako erabilerak ez du inolako arriskurik, hots, arbelak erabiltzen jarrai daiteke arriskurik gabe.

2. Bilerak egingo dira campuska ikastegi guztiekin, arbel digitalak eta arbel zuriak aparte utzita, bertan diren arbel klasikoen ikusizko azterketa nola egin behar den jakin dadin, bai eta arbelok eraldatuta egonez gero, hau da, kaltetuta, hautsita, zulatuta edo markorik gabe eta 2000. urtetik baino lehenagokoak badira, enpresa aditu batek berehalakoan kendu egingo dituela jakinarazteko.

Horretarako, UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuarekin harremanetan jartzea eskatuko zaie, honako helbide elektroniko honen bidez: informes.prevencion@ehu.eus, zuen ikastegietan egon litezkeen arbel hondatu edo manipulatuen berri emateko, kokapena eta gela zenbakia adieraziz.

3. UPV/EHUk, gerentziaren bitartez, arbelak berritzeko renove plan bat ipiniko du martxan, material hori izan lezaketen arbelak lehenetsiko dituena. Horrela, era progresiboan arbelik zaharrenak aldatzeari ekingo zaio, ondorengo egunetan jakinaraziko denez.

4. Amianto zuntza duten arbelak, edo gai hori izan dezaketen beste elementu batzuk, manipulatu dituzten langileak material horren eraginpean egon izana egiaztatzen den kasuetan, beharrezko izapideak burutuko dira langile horiei Lan egin Ondoko Zaintza bermatzeko.


Leioa, 2015.eko abenduaren 9an