Arkitekturako ikasleak, Bienalaren protagonistak

UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak aktiboki parte hartuko du, berak bultzatuko baititu programatutako 115 jardueretako hogei bat

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/03

MUGAK Euskadiko Arkitektura Bienalaren lehen edizioa datozen hiletan garatuko da, 2018ko urtarrilaren 31 arte, Donostian. Guztira 115 jarduera programatu dira. Horietatik hogei inguru UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak bultzatutakoak dira, oso eginkizun aktiboa beteko baitu bienalean. Izan ere, inaugurazio astean, azaroaren 7tik 10era, ikastegiko 600 ikasle inguru bienalaren egoitzara joango dira, Miramar Jauregira, eskolak ematera, erakusketak sortzera, espazioak eraikitzera, hitzaldietan eta programatutako lantegietan parte hartzera. Ikasle horiekin batera arituko dira Montpellierko, Regensburgeko, Bordeleko eta Reusko arkitektura eskoletako beste ikasle batzuk ere. Hala, etorkizuneko 700 bat arkitektok aktiboki parte hartuko dute nazioarteko herritar guztiengana irekitzea xede duen bienalean.

"MUGAK bienalak arkitekturaren inguruko elkarrizketa eta artea eta filosofia bezalako beste diziplina batzuekiko konexioa bilatzen du; parte hartzearen bitartez, ideia laborategi bat sortu nahi dugu ikasleen, profesionalen eta gizartearen artean, eta helburu horretan eragin erabakigarria izaten ari da UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren inplikazio handia", adierazi du bienaleko komisario Pedro Astigarragak.

UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan José Arrizabalagak, bestalde, oso positibotzat jo du ikastegiak ekitaldi horretan parte hartzea. "Espero dut —zergatik ez— lehen bienal hau, ikastegia hain inplikatuta ikusita, arkitektura eskolak gai nagusitzat izango dituen etorkizuneko bienal baten ernamuina izatea".

UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren parte hartzea izango duten hogei bat jardueren artean, Woodtektura proiektua nabarmentzen da, MUGAK Bienalerako sarrera publiko bihurtuko den pabiloi iragankorra, Eraikuntzako laugarren mailako ikasleek iaz diseinatu zuten hamabi metro luzeko egitura. Irakasgaiko diseinuen artean bat hautatu zuten, Habic klusterreko enpresekin batera eta Donostiako EASO Politeknikoa Lanbide Heziketako Ikastetxearekin lankidetzan gauzatzeko. Arkitekturako eta LHko ikasleek, sektoreko enpresekin batera, Bienalaren egoitza nagusia izango den Miramar Jauregirako sarbideak transformatzen dituen diseinua lortu dute, atalasearen ideiarekin, eraikuntza baten barnealdearen eta kanpoaldearen arteko mugen ideiarekin jokatuta, argia zurezko lamen artean sartu eta atmosfera misteriotsua sortzen duela baliatuta. Halaber, intsinis pinuaren garrantzia nabarmentzen du, zur autoktono hori normalean ez baita erabiltzen gisa horretako egituren diseinuaren eta eraikuntzaren esparruan.

Erakusketak eta hitzaldiak

Etorkizuneko arkitektoek protagonismoa izango dute bienalaren esparruan programatutako beste jarduera batean ere. Zehazki, bosgarren mailako 60 ikaslek Gipuzkoa Brut erakusketa sortu dute, azaroaren 8tik abenduaren 9a arte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean bisitatu ahal izango dena. Erakusketak Gipuzkoako eraikin brutalisten garrantzia nabarmentzea du xede. Brutalismoa XX. mendearen 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan oso presentzia handia izan zuen mugimendu arkitektonikoa izan zen, bistako hormigoizko egitura handien erabilera bereizgarri zuena.

Gainera, bienalean inplikatutako UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle batzuek bisita gidatuak egingo dituzte RCR. Sormen partekatua erakusketara. Bienaleko erakusketarik garrantzitsuena izango da, Pritzker Sariaren 2017ko irabazle Rafael Aranda, Carme Pigem eta Ramon Vilaltak sortua.

Bestalde, hirugarren mailako ikasleak hizlari izango dira ‘Etxea zahartzen ari den gizartean' jardunaldietan, azaroaren 10ean, Miramar Jauregian, bienalaren egoitzan. Etxebizitzei eta zahartzeari lotutako hainbat arkitektura proiektu aurkeztuko dituzte. Horrez gain, UPV/EHUko ikasle ohi batzuek, hala nola Stockholmetik etorriko den Guillermo Sánchez Arsuagak, beren lanak ezagutzera emango dituzte inaugurazio astean, azaroaren 7tik 10era, egingo diren foro nagusietan. Arkitekturako ikasleek, halaber, Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroarekin batera parte hartuko dute Transvisible lantegian hainbat proiektu egiten.

Aldez aurretik

Bienalaren atariko modura, hura egin aurreko hilean, Eraikuntzaren Historiari buruzko X. Biltzar Nazionala eta II. Biltzar Iberoamerikarra egin zen, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak Eraikuntzaren Historiako Espainiako Elkartearekin lankidetzan antolatuta. Bi biltzarrak batera egin ziren eta Espainiako zein Iberoamerikako unibertsitateetako 250 parte hartzaile eta hizlari baino gehiago bildu zituzten, baita arlo horretako profesionalak ere. Biltzarrean, lau jardunalditan, garrantzizko zenbait gai landu zituzten: eraikuntza historian zehar, Historiaurretik XX. mendera arte; portuak eta itsasargiak; akueduktuak; gangak; gotorlekuak… Horrez gain, saio berezi bat ere egin zuten, ‘Espainiako itsasargi historikoak kontserbatzeko estrategiak' izenburupean.

Halaber, urriaren 18tik 2018ko urtarrilaren 19a arte, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren atondoan instalatuta egongo da ‘Iñiguez & Ustarroz: bizitza eta bizibide kasik paraleloak' izeneko erakusketa. Gehienbat beren eskutiko marrazkiek osatzen duten erakusketa horretan bi arkitektoen arkitektura proiektu nagusiak ikus daitezke, eta bereziki nabarmentzen da biek beren bizibidearen eta irakaskuntzan egin zuten lanaren artean ezarri zuten harreman estua. Erakusketarekin bat, Luca Ortelli, Gabriel Ruiz Cabrero eta Jean-Philippe Garric arkitektoak hizlari izango dituen hitzaldi zikloa antolatuko da 2017ko urriaren 20tik azaroaren 22ra.

Programa osoa

Informazio gehigarria: 

Bloga

Facebook

Youtube