Breadcrumb

Albisteak

Gasteizko populazioaren osasunari buruzko diagnostikoa

Udalak eta UPV/EHUk ikerketa bat egingo dute Arabako hiriburuko osasun-desberdintasunen baldintzatzaileei buruz

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/04

Irudia

Berrogeita hamar aldagai inguru aztertuko dira Gasteizko biztanleriaren osasunari eta auzoen artean desberdintasunak sor ditzaketen faktoreei buruzko diagnostiko eguneratua lantzeko. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Gasteizko Udalak Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta 30.000 euro jarriko ditu. EHUko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak (OPIK) egingo ditu lanak, hamabi hilabeteko epean.

Ikerlana lehen urratsa da Gasteizko III. Osasun Plana izango dena idazteko. Osasunaren alorrean hirian lehentasunez garatu beharreko ekintzak jasoko ditu plan berriak, 2002an urratutako bideari jarraituz, orduan Espainiako Hiri Osasungarrien Sarean sartu baitzen Gasteiz (1989tik zen euskal sareko kide). Geroztik beste pausu batzuk eman dira bide horretan, esaterako, OMEk Europako Hiri Osasungarrien Sareko kide izendatzea.

"Sarean lan egitea, osasun gaietan bereziki, inoiz baino garrantzitsuagoa da. Europako Hiri Osasungarrien Sareko kide izateak ezagutzak partekatzea eta hurrengo osasun planaren oinarriak ezartzea ahalbidetzen digu. Gure lehen urratsa izango da herritarren osasun-mailari buruzko informazio osoena biltzea, zerk eragiten duen horretan eta zertan sor daitezkeen desberdintasunak zona batzuen eta besteen artean aztertzea, desberdintasun horiek zuzentzeko politikak proposatu ahal izateko", adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, zeinak eskerrak eman baitizkio UPV/EHUri ekimenean parte hartzeagatik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Ivan Igartuak, berriz, nabarmendu du "hitzarmen berria UPV/EHUren eta Gasteizko Udalaren lankidetza etengabearen erakusgarri ezin hobea" dela. "Oraingoan, hiriko biztanleriaren osasuna aztertzea da helburua, antzeman daitezkeen desberdintasunak konpontzearren, are gehiago aparteko egoera sanitarioan gauden honetan, osasuna ez ezik gure bizitza eta elkarbizitza ere baldintzatu baititu".

Gasteizko biztanleriaren osasunaren eta horren determinatzaile sozialen diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa baliagarria izango da arlo horretan desparekotasunak gutxitzeko, eta hirugarren plana definitzeko. Marko teorikoaren definizioa izango da abiapuntua: aztertu nahi diren eremuak hautatuko dira, ondoren datuak bildu eta editatzeko.

Osasunari buruzko informazioaz gain, osasunaren determinatzaileei buruzkoak ere bilduko dira auzoz auzo, izan daitezkeen desberdintasunak arindu edo desagerrarazteko ekintzak hobeto bideratzearren. Kontuan hartuko dira bai banakoen aldagaiak (ikasketa-maila, adina, gizarte-klasea...) bai zona jakin batean osasunaren banaketa nolakoa den islatzen duten adierazle kolektiboak. Ahalegin berezia egingo da adierazle guztiak generoaren arabera bereizita emateko, faktore horrek desberdintasunetan izan dezakeen eragina ere neurtzearren.