HITZARMENAK TRAMITATZEKO JARRAITU BEHARREKO PROZEDURA ETA SALBUESPENAK

Beste erakunde eta instituzio batzuekin hitzarmenak izenpetzeko lana errazte aldera, eta izenpetze hori ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izan dadin, Arabako Campuseko Errektoreordetzak prozedura bat diseinatu eta ezarri du bere eskumeneko hitzarmenak gauzatzeko.

Horrenbestez, hitzarmen guztiak, ondoren adieraziko diren salbuespenak salbuespen- errektoreordetza honen bidez tramitatu beharko dira, ondorengo prozedurari loturik (2019ko irailean gaurkotuta)

BEHARREZKO DOKUMENTAZIOA lankidetza hitzarmen bati ekiteko:

  • UPV/EHUko proposamena egiten duen organoaren ordezkariak sinatu/zigilatutako eskaria.
  • UPV/EHUko proposamena egiten duen organoaren ordezkariak sinatu/zigilatutako memoria hitzarmena justifikatzeko.
  • Hitzarmena sinatu behar duten beste aldeek sinatu eta zigilatutako aitorpena.
  • Hitzarmeneko testuaren zirriborroa. Hitzarmeneko testua izapidetu eta erredaktatzeko, Arabako Campuseko Errektoreordetzak hitzarmena proposatu nahi dutenei lankidetza hitzarmen eredu hau jartzen du horien eskura, hartara, hitzarmenak jaso behar duen gutxieneko edukia ezarrita geldituko da.

Ez da hitzarmen eredu itxi bat eta nahitaez erabili beharrekoa, baizik eta erakunde publikoen eta UPV/EHUren arteko lnakidetza hitzarmenak eta zirriborroak prestatzeko eskainitako tresna baliagarria. Erreferente bat izan edo jarraitu ahal den gida izateaz gainera, saihestu egingo du hitzarmenak izapidetu bitartean beharrezkoak ez diren orrazketak eta zuzenketak egin beharrik eta, ondorioz, ez da tramitazioan gogoz kontrako atzerapenik izango.

Hona hemen hainbat iradokizun zuzen erredaktatzeko. -> Iradokizunak


KASU BEREZIA:

Atzerriko erakundeekiko lankidetza hitzarmenak: Hitzarmen hauetan bete egin beharko da Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak xedatutakoa. Beraz, eskaera eta memoria onartuta egon beharko dira haien aldetik  Arabako Campusera bidali aurretik.

 

SALBUESPENAK: 

Hala ere,  SALBUESPEN  hauek ezarri dira:

  • Zientzia, teknika, giza zientzia edo arte arloko lanak egiteko hitzarmen edo kontratuak, bai eta espezializazio irakaskuntzak edo prestakuntzarako jarduera espezifikoak garatzekoak ere, baldin eta Ikerkuntzako Emaitzak Transferitzeko Bulegoaren bidez (IETB) tramitatu behar badira.
  • Hezkuntza lankidetza Programetarako hitzarmenak. Horiek tramitatu beharko dira  Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak erregulatzen dituen araudia betez, Akademia Antolakuntzako errektoreordearen  2012ko urriaren 16ko erabakiaren arabera (2012ko azaroaren 12ko EHAAn argitaratua, zk.: 218).