UPV/EHU-N EUSKERAREN ERABILERA EZ-SEXISTARAKO GIDA

 

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Euskara eta Irudiak Era Ez-Sexistan Erabiltzeko Gida duzu esku artean.  Gida honek sexismorik gabeko komunikazioa eta hizkuntza sustatu nahi du Unibertsitatean. Hurrengo ataletan erakutsiko dugu nola erabil daitekeen hizkuntza (euskara) emakumeen eta gizonen arteko ekitatea bultzatzeko, bai irakaste-eremuan, bai ikerketa-eremuan, baita administrazioan ere.

Hizkuntza, komunikatzeko eta harremanak izateko funtsezko bitartekoa izateaz gain, bizi gaituen eta bizi dugun errealitatea partekatzeko bidea da. UPV/EHU-k, akademi erakundea den aldetik, errealitate jakin bat aurkezten du haren izenean agertzen diren agiri eta lanetan. Hala adostutako eta finkatutako terminologian, nola Unibertsitatearen ordezkariek (irakasleek, ikasleek, ikerlariek, administrazio eta zerbitzuen langileek...) erabiltzen dituzten adierazpen informaletan, Unibertsitateak dena eta izan nahi duena ematen du aditzera.

Lan horri ekiteko bestela pentsatzen eta jarduten hasi behar dugu: jarduteko jaso ditugun ohitura asko eraldatzeko eta pentsaera finkatu asko iraultzeko prest egon behar dugu. Gaizki-eginetan ikasi beharko dugu, nork bere burua antzaldatzen ahalegindu beharko du, azken buruan, Unibertsitatean sexuaren kariaz inor bazter ez dezagun.

Gida honek emakumeak eta gizonak beti izendatzearen eta agerikoak egitearen aldeko hautua egiten du, horretarako euskaraz zein erdaraz pareko tratamendua sustatuko da.