UPV/EHUko estatutuak

UPV/EHUko AURREKO ESTATUTOAK

3. Artikulua.

  • UPV/EHUk bere kide guztien berdintasuna bermatuko du eta ez du inor diskriminatuko arrazoi hauengatik: jatorria, arraza, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako baldintza pertsonal edo sozialen bat.
  • Estatutuen gaztelaniazko testuan aipatutako izen guztiak (gobernu organoak, ordezkaritzak, karguak, eginkizunak eta unibertsitateko kideak) eta genero maskulinoan agertzen diren gainerakoak femeninoan ere ulertuko dira, kasuan kasuko titularraren sexuaren arabera.

 

UPV/EHUko EGUNGO ESTATUTOAK

Emakumeen eta Gizonen berdintasuna UPV/EHUko Estatutuetan

4.3 artikulua: UPV/EHUk emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du bere baitan eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Beraz, UPV/EHUk aintzat hartuko ditu honako printzipio hauek: aukera berdintasuna, aniztasunaren eta diferentziaren errespetua, genero ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak baztertzea, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza parekatua.

13.1 artikulua: Unibertsitateko kideek eskubide hauek izango dituzte, gainerako arauetan eta estatutu hauetako beste artikuluetan jasotakoez gain:
c) Berdintasunerako eskubidea eta diskriminatuak ez izatekoa.
d) Norberaren intimitatea, irudi propioa, duintasuna eta joera sexuala errespetatzea, eta jazarpenaren aurkako babesa izatea.
e) UPV/EHUko gobernu eta ordezkaritza organoetan parte hartzea.
h) Eskubideak bermatua izatea, prozedura egokien bitartez eta, beharrezkoa bada, aldezleak esku hartuta.

13.2 artikulua: Unibertsitateko kideek betebehar hauek izango dituzte, gainerako arauetan eta estatutu hauetako beste artikuluetan jasotakoez gain:
a) Beste pertsona guztien eskubideak errespetatzea eta estatutu hauei eta gainerako arauei jarraiki aritzea.
b) Beste pertsona guztiak errespetuz eta diskriminatzeke tratatzea.
c) Egin beharreko lanak profesionaltasunez betetzea, unibertsitateko gainerako kideekin elkarlanean, UPV/EHUren helburuak betetzeko eta, modu horretara, funtzionamendu hobea lortzeko.

17.1 artikulua: UPV/EHUko ikasleek eskubide hauek izango dituzte, indarrean dagoen legerian eta estatutu hauetan jasotako beste eskubide edo ahalmenez gain:
a) UPV/EHUn ikastea, aukera berdintasuna errespetatuta eta indarrean dagoen unibertsitate legeriari jarraiki.
b) Irakaskuntzako programazioan

24.1 artikulua: UPV/EHUk bermatuko du unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasleek eta lan kontratudun irakasle iraunkorrek eskubide eta betebehar berberak dituztela, indarreko legeria betez beti ere.

29.1 artikulua: Unibertsitatean sartzeko lehiaketak epaimahai batek ebatziko ditu. (…). Ahalegina egingo da gizon eta emakumeen artean parekotasuna egon dadin, legerian xedatutako moduan.

30.1 artikulua: Unibertsitatean sartzeko lehiaketak ebatziko dituzten epaimahaiek bermatuko dute lehiakide guztiek aukera berberak dituztela, eta merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuko -Irakasle eta ikertzaile kontratatuentzat 34.3  eta 34.4 art.-

41.1 artikulua: UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek eskubide hauek izango dituzte, legerian eta estatutu hauetan jasotako beste eskubide edo ahalmenez gain:
c) Karrera profesionalean aurrera egitea, legerian xedatutako moduan, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraiki.
i) Unibertsitatean sartzeko eta zeregin eta jarduera profesionalak burutzeko nahiz karrera profesionala garatzeko benetako genero berdintasuna izatea.

48.1 artikulua: UPV/EHUko Irakasleen Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetzea daukan errektoreordea, eta batzordeko kideak izango dira unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasleen taldekoak izanik irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia duten zortzi lagun, jakintza arlo desberdinetakoak. Gobernu Kontseiluak onartuko duen arautegian zehaztutako moduan aukeratuko dira irakasle horiek. Arautegi horrek emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izateko bidea ezarriko du -87.1 art. Graduko Batzordearentzat; 89.1 art. Gradu-ondoko Batzordearentzat; 99.2 art. Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearentzat; 118.1 art. Euskara Batzordearentzat; 119.2 art. Campuseko Euskara Batzordearentzat; 128.2 art. Ikastegi bakoitzeko Akademia Antolakuntzako Batzordearentzat; 128.3 art. Ikastegi bakoitzeko Kalitate Batzordearentzat-.

54. artikulua: UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileek eskubide hauek izango dituzte, indarrean dagoen legerian eta estatutu hauetan jasotako beste eskubideez gain:
g) Lana eta familiako bizitza bateratzeko erraztasunak izateko eskubidea.
h) Benetako genero berdintasunerako eskubidea, lanpostuak eskuratzeko prozesuetan, zereginak eta jarduera profesionala betetzean eta karrera profesionalean

59.1 artikulua: UPV/EHUk, bere autonomiaz baliatuta, administrazio eta zerbitzuetako langileak hautatuko ditu, funtzionarioak zein lan kontratudunak. Lan eskaintza publikoa egingo du horretarako, deialdi publikoaren bidez, eta indarrean egongo den legerian jasotako sistemen bitartez hautatuko ditu langileak. Edonola ere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta zabalkunde printzipioak bermatuko ditu.

64. artikulua: Errektoreak arautuko ditu aldi baterako premiei eta presazkoei erantzuteko egongo diren poltsak, campuska antolatu ahal izango direnak, kontuan hartuta gerentearen proposamena eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoekin negoziatu ondoren. Edonola ere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta zabalkunde printzipioak bermatuko ditu.

69. artikulua: UPV/EHUk programa bereziak onartuko ditu, gainerako administrazio publikoekin elkarlanean, mota guztietako terrorismoaren biktimek eta genero indarkeriaren biktimek laguntza indibiduala, babesa eta beharrezko egokitzapenak izan ditzaten irakaskuntzaren alorrean.

79.3 artikulua: UPV/EHUko irakaskuntzak ikaslearen heziketa osoa izango du kontuan: izpiritu kritikoa bultzatuko du, bakean eta bizikidetzan oinarritutako balioak indartuko ditu eta gizarteratzea sustatuko du, guztia jasangarritasuna eta gizarte erantzukizuna oinarri hartuta eta, betiere, oinarrizko eskubideak errespetatuta eta gizonen eta emakumeen berdintasunaren errespetuari arreta berezia eskainiz.

91.6 artikulua: UPV/EHUk berdintasunaren arloko ikerketa bultzatuko du eta arlo horretako ikertzaileak prestatzeko laguntza emango, eta ikertaldeetan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko oreka izatea sustatuko du.

112. artikulua: 1.- Unibertsitate hedakuntzaren helburua da bideak bilatu eta sustatzea gizon eta emakumeek zientziaren, teknikaren, gizartearen, giza zientzien eta artearen arloan daukaten ezagutza zabaltzeko unibertsitatean eta gizartean.
2.- UPV/EHUk, campusen ikuspegi eta ekimenak kontuan hartuta, honako hauek sustatuko ditu:
h) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko jarduerak bultzatzea.

114.2 artikulua: Gizarte erantzukizunez aritzeko, UPV/EHUk gizon eta emakumeen berdintasuna eta bakean bizitzeko balioetan eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza bultzatuko ditu, eta unibertsitateko kideen partaidetza, ingurumen balioak eta jasangarritasun irizpideak sustatuko

162.2 artikulua: UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorra garatu eta interpretatzeko Hauteskunde Batzorde Orokorra eratuko da. Batzordearen osakideak Gobernu Kontseiluko kideak izango dira, hauteskunde talde bakoitzetik bat, eta ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen

170.3 artikulua: Unibertsitateko Klaustroak bere arautegian behar diren baliabideak zehaztuko ditu emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen -175.3 art. Gobernu Kontseiluarentzat; 196.2 art. Campuseko Batzarrarentzat; 201.1 art. Ikastegiko Batzarrarentzat; 245.1 art. Klaustroko Estatutuen Batzordearentzat-

183.1 artikulua: Errektoreordeak errektoreak izendatuko ditu, UPV/EHUn zerbitzuak betetzen dituzten irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik. Emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak direla bermatuko da.

184.1 artikulua: Errektoreak zuzendariak izendatu ahalko ditu unibertsitateko kideen artetik errektoreordeei laguntzeko, errektoreordeen proposamenez. Ahalegina egingo da emakumezko eta gizonezko zuzendarien kopuruak orekatuak izan daitezen