Breadcrumb

Eduki publikatzailea

"Egungo euskal saiakeraren historia", azken hiru hamarkadetako ibilbidea aztergai

Politika, gatazka, kultura eta modernitatearen eta tradizioaren arteko lehia dira protagonista analizatutako 12 obretan

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/21

Irudia

Egungo euskal saiakeraren historia izenburuarekin argitaratu berri den liburuan azken hiru hamarkadetako lanen nondik norakoak dira aztergai. Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985) eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak (2009) mugarrien artean dauden beste hamar zutoin aztertzen ditu Euskal Literatura Saileko azken ale honek. Horien artean aurten Euskadi saria irabazi duten bi idazleren saiakerak; hots, Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) (1999) eta Jon Suduperen Hizkuntza ados jartzeko da (2009).

Aztertzen diren liburuen hautaketa egiteko irizpide desberdinak hartu dira kontuan: idazlanaren garrantzia euskal literaturaren bilakaeran, egilearen garrantzia eta joera desberdinak aurkeztearen asmoa, besteak beste. Aipagarria da, hala ere, Euskal Herria bera dela erreferentzia puntu nagusia. Hartara, politika, gatazka, kultura eta modernitatearen eta tradizioaren arteko lehia dira protagonista 12 saiakera horietan.

Sail honetako beste liburuetan agertzen den planteamendua jarraituz, hitzaurre bat aurkituko du irakurleak, non saiakeraren generoak gure artean dituen berezitasunik nabarmenenak aztertzen diren, saiakera bera genero moduan zehazteko zailtasunak aipatzeaz gainera. Sarrera orokorraren ondoren, 12 idazlan aztertzen dira: J. Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985), Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan (1992), Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak (1992), Jon Alonso Fourcaderen Idiaren eraman handia (1995), Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) (1999), Arantxa Iturberen Ai, ama! (1999), Pedro Alberdiren Satorrak baino lurperago (2000), Aingeru Epaltzaren Bezperaren bezpera (2007), Antton Lukuren Euskal kultura? (2009), Juan Bautista Bengoetxearen Ziborgaren otzantasuna (2009), Jon Sudupe Martijaren Hizkuntza ados jartzeko da (2009) eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak (2009).

Jon Kortazaren zuzendaritzapean lanean diharduen UPV/EHUko LAIDA ikerketa taldearen emaitza berri honek Euskal Literatura Sailaren 13. alea osatzen du. Fco. Javier Rojo da alearen arduraduna. XX. mendearen azken hamarkadetatik hasita orain arte euskal literaturak izan duen ibilbidea aztertzen ari da Euskal Literatura Saila bilduma, literatur genero bakoitzari liburu bat eskainiz. Orain arte argitaratu dira eleberriari, poesiari, ipuingintzari, haur eta gazte literaturari eta antzerkiari dagozkion liburuak, eta baita nobela eta zinearen arteko harremanak aztertzen zituena ere. Oraingo saiakerari dagokion lanaren ostean, hurrengoa komikigintzaz arituko da.

Bestaldetik, aipatzekoa da LAIDA ikerketa taldeak bestelako emaitzak ere eskaini dituela. Aurten, besteak beste, talde horretan aritzen diren kideek (taldeka zein bakarka) idazlan hauek plazaratu dituzte: martxoan Oihenart aldizkariaren 27 zenbakia (postmodernitatearen inguruan); apirilean Babelia gehigarria (Letras vascas izenburupean euskal literaturaren ikuspegia eskaintzen da bertan); maiatzean Ínsula aldizkaria (797 zenbakia, Literatura vasca. Puertos abiertos izenburuko monografikoa); ekainean Jon Kortazarrek Contemporary Basque Literature: Kirmen Uribe's Proposal argitaratu du; eta uztaila aldean Cuadernos de Alzate aldizkaria (45. zenbakia; Gerra Zibilak euskal literaturan izan duen isla aztertzen da bertan).