Breadcrumb

Eduki publikatzailea

'Harribil' eskultura desestali dute Irakasleen Eskolan Solokoetxeren mendeurrena ospatzeko

José Javier Cruz irakasleak sortu eta oparitu dio Eskolari maisu-maistren omenez

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/22

Irudia

Bilboko Maistren Goi Eskolaren mendeurrena ospatzeko asmoz, goizean 'Harribil' eskultura jarri dute Bilboko Irakasleen Eskolako hall nagusian, Leioan. José Javier Cruz irakasleak maisu-maistren omenez sortu eta ikastetxeari oparitu dio eskultura. Horrez gain, Gurutze Ezkurdia zuzendariak "1992/13-2012/13 100 urteko ibilbidea maisu-maistren eta hezitzaileen formazioan" hitzaldia eman du.

Markinako marmol beltzekoa da eskultura. Bi kono geometrikok osatzen dute, ebakidura batez lotuta. Egituraren aldetik, bi ardatz nagusi ditu mugimendu bikoitza zehazteko: batak, espiralean barrurantz doanak, barne mugimendua adierazten du; besteak, berriz, kanporantz apuntatzen du. Eskulturak honako esanahi sinboliko hau du: barnetiko eta kanporako bidaia.  Izenburuak hori adierazi nahi du, harri eta ibili hitzak batzen baititu.

Martxoan Bilboko Maistren Goi Eskolako mendeurrena ospatzen hasi da. 1912 ikasturtean Solokoetxe eskola martxan jarri zen, nahiz eta ikasketak 1902an abiatu eta 10 urtez behin-behineko egoitzetan egon. Juliana de Arrizabalaga zuzendaria zenaren ahalegin eta lanari esker ikastetxe berria sortu zen. Solokoetxe ikastetxe duina eta maistren prestakuntzarako egokia zen.

Bilboko Irakasleen Eskolak hainbeste ekitaldi antolatu ditu maiatzera arte. Besteak beste, 'Emakumeak, hitza eta bizitza' erakusketa apirilean 2ra arte egongo da zentroan. Eta hil berean, 23an eta 24an, 'Hizkuntzak maisu-maistren eta hezitzaileen prestakuntzan' izeneko tailerra egingo dute.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa