Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna

Neska gehiagok ikasketa zientifiko eta teknologikoak egin ditzaten beharrezkoa da hezkuntzako lehen etapetan eragitea

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/10

Lehen Hezkuntza hirueleduneko ikasleak, Bilboko Hezkuntza Fakultateko STEAM laborategian. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

2015eko abenduan, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak erabaki zuen urteko egun batean aitortu beharra zegoela emakumeek eta neskek zientzian eta teknologian jokatzen duten paper kritikoa, eta egun hori otsailaren 11 izendatu zuten. Bihar, horrenbestez, zazpigarrenez ospatuko da Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna. Eta urtetik urtera handitzen ari da gizartean egun horrek duen garrantzia.

Datuak, ordea, tematiak dira. Poliki mugitzen dira. 2020-2021 urteko lehen mailako ikasle guztien artean, % 56,30 neskak dira; Zientzien arloan, % 55,6 dira emakumezkoak (iaz baino 4,35 puntu gehiago, eta 2017-2018an baino puntu-erdi gehiago baino ez); Ingeniaritzan eta Arkitekturan, bestalde, % 28,91 (iaz baino puntu bat gehiago, eta duela hiru ikasturte baino 5,5 puntu gehiago). Zenbateko horien aldea ez da horrenbestekoa unibertsitateko ondorengo etapetan [Ikusi grafikoak ].

Oso txikitatik eraikitzen diren eta zientzia oztopatzen duten estereotipoen ondorio dira lehen mailako matrikulak bistaratzen dituen desorekak. “Arazoa ez dago azkenean, 15 edo 17 urte dituzunean, erabakia hartzeko unean. Neskak txikiak direnetik hasten den gaitzespena da; berekin zerikusirik ez duen zerbaiten gisa hautematen dute zientzia”, azaldu du Marta Macho Euskal Herriko Unibertsitateko Matematikako irakasle eta zientzia-dibulgatzaileak, zeinari Berdintasuneko Emakunderen saria eman baitzioten 2016an. Neskato eta mutikoekin egindako ikerketen arabera, hala nola bost hamarkadatako Draw-A-Scientist marrazkien inguruan David Miller-ek egindako azterketa, adingabe gehienentzat zientzialariak bata zuridun gizonezko oso argi eta arraro samarrak dira, lanean bakarrik aritzen direnak. Laborategiko Superman modukoak dira. Neskak ez dira irudi horrekin identifikatzen. “Tradizionalki, mutiko gehienek superman izan nahi dute, eta arreta ematen diete arrakasta-kasu deigarrienek, nabarmenenek. Neskak, horren aurrean, kikildu egiten dira; neskek hezur-haragizko emakumeak ikusi behar dituzte, ez superwoman”. Horrez gainera, autopertzepzioa izan behar da kontuan. 6 urtetik aurrera, neskak sentitzen hasten dira ez direla mutikoak bezain argiak, eta bikaintasunarekin lotzen dituzten jarduerenganako interesa galtzen hasten dira, Science aldizkariak 2017an argitaratutako ikerketa baten arabera. “Txikitatik liluratu behar dira neskatoak matematikarekin eta zientziarekin. Oso goiz hasten dira lotzen ageriago geratzeko edo arreta bereganatzeko mutikoek duten jarrera argiagoak izatearekin”, erantsi du matematikariak.

STEAMeko gaitasunak eta harekiko afektibitatea hobetzea da etorkizuneko irakasleen trebakuntza-erronketako bat

Marta Machok azaltzen duenez, joera hori aldatzeko nahitaezkoa dirudi oso adin txikitan eragitea. Haurtzaroan, familiarekin batera, eskola da neska-mutilen bizitzaren ardatza. Beraz, giltzarrietako bat izan liteke STEM irakaskuntza hobetzea lehenengo hezkuntza-etapetan (STEM Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloetako ingelesezko inizialek osatutako akronimoa da), eta genero-ikuspegitik egitea. “Irakasle gehienek adierazten dute irakasleen trebakuntza hobetu beharra dagoela eta baliabide gehiago behar dituztela (giza baliabideak, espazioak, materialak eta teknologiak) irakasgai horiek eskolan behar bezala eman ahal izateko”, ondorioztatu dute 2020an Lehen Hezkuntzako STEM irakaskuntza genero-ikuspegi batetik ikertu zuten Murtziako Unibertsitateko espezialistek (La enseñanza de STEM en Educación Primaria desde una perspectiva de género). Ikertzaileek, bestalde, hau erantsi dute: “Parte-hartzaileen generoaren araberako desberdintasunak aurkitu direnez (batzuk esanguratsuak), genero-ikuspegia kontuan hartu beharko da —batez ere irakasleen artean— STEM irakaskuntzako esperientziak diseinatzeko eta ezartzeko orduan”.

Zientzia eta teknologiako etorkizuneko irakasleen prestakuntzan sakontzeko, Bilboko Hezkuntza Fakultateak STEAM laborategi berri bat inauguratu zuen 2021eko apirilean (STEAM akronimoak arte eta diseinuko diziplinak adierazten dituen Arts-en A letra batzen du). Laborategiak askotariko baliabideak ditu, besteak bete, robot hezigarriak, eraikuntzako eta objektuak sortzeko ‘lego’ moduko materialak, hezkuntza-programaziorako materiala, kode irekiko elektronika sortzeko plataformak, 3D inprimagailuak, elektronikako osagaiak, teknologikoki aberastutako objektu txikiak sortzeko erremintak eta abar. “Laborategiaren helburua da gure ikasleek ikasle gisa bizitzea trebakuntza-jarduerak, baina, aldi berean, etorkizunean irakasle izatean jarduera horiek erabiltzeak emango dizkien aukerak azter ditzaten nahi dugu”, azaldu du Ainhoa Berciano Alcaraz Berrikuntza, Kalitate, Jasangarritasun eta Ikerketako dekanordeak. Gainera, adierazi du oso garrantzitsua dela jakintza-alor horiekiko aurreiritziak deuseztatzea. “STEAMekiko afektibitate negatiboak eragina izango du bere irakaslanean. Jakintza-arlo horiekiko duten afektibitatea eta gaitasuna hobetzen saiatzen gara, eta etorkizuneko ikasleengan afektibitate hori sustatzeko eta gaitasunak garatzen laguntzeko tresnak ematen dizkiegu”, erantsi du.

Gainera, laborategiak arreta handia jartzen du genero-ikuspegian, eta hori argi geratzen da hormetako bat estaltzen duen horma-irudian. Ikastegiko irakasle eta ikasleek berariaz sortua da, eta hainbat emakumek zientzian, teknologian, matematikan eta literaturan egindako ekarpenak bistaratzen ditu kolore biziz. “Funtsezkoa da genero-ikuspegia STEAM irakasgaietan aplikatzea, baina ez horietan bakarrik, baita gure graduetako gainerako irakasgaietan ere; izan ere, ikasgelako kudeaketa osoan ikuspegi hori txertatzen dugu, ikasgela osoa partaide eta protagonista izan dadin bermatzeko”, gehitu du.

Eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek ikasten duten horrek guztiak eragina izango du beren jarduera profesionalean. “Biharko gizartea hobea, jasangarriagoa eta bidezkoagoa izan dadin, gure ikasleek, etorkizun profesionalak, baliabideak eduki behar dituzte batere hutsalak ez diren erronka horiei aurre egiteko. Funtsezkoa da haurrek estereotiporik gabeko hezkuntza jasotzea, erabakiak hartu ahal izan ditzaten gizarteak markatutako klixeen eraginik gabe”.

UPV/EHUko emakumezko ikasleen bilakaerari buruzko grafikoak

Ondoko grafiko hauek Euskal Herriko Unibertsitateko emakumezko ikasleen bilakaera 2017-2018 ikasturtetik erakusten dute: