Cabecera

Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Eduki publikatzailea

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko bi ikasle, doitasun ingeniaritzako europako lehiaketa ospetsueneko finalean

Pablo Hernandez eta Raul Lopez lehiaketaren Estatuko finalean lehiatu dira, Teknikerren egoitzan

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/19

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikasleek ohorezko postuak lortu dituzte norgehiagoka honetan 2010ean eratu zenez geroztik

Euspen deritzon 30 herrialdetako enpresariek, ikertzaileek eta erakundeek osatutako eragin handiko sarea arduratu da jarduera sustatzeaz, doitasun-ingeniaritza eta nanoteknologiaren arloko garapen teknologiko desberdinak erraztuko dituen lankidetza bultzatzeko helburuari jarraiki

Bilbon, 2014ko maiatzak 19. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina Erreminta Gelako bi ikasle, doitasun-ingeniaritzako talentuei zuzendutako Euspen Challenge 2014 nazioarteko lehiaketaren Estatuko faseko garaile eta finalista bihurtu dira, hurrenez hurren. Norgehiagoka hau, Euspen Doitasun-Ingeniaritza eta Nanoteknologiaren Europako Elkarteak sustatu du. Elkarte honetako kidea dugu Tekniker zentro teknologikoa, Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Sailarekin lankidetzan Estatuko fasea antolatzeaz arduratu dena.

Norgehiagokako finala IK4-Tekniker zentro teknologikoko UPV/EHU Gelan egin da. Bi finalistek, Pablo Hernandezek eta Raul Lopezek, doitasun nanometrikoko posizionatzaile baten funtzionamenduari buruzko 10 minutuko ahozko aurkezpena egin zuten, eta horren ondoren, epaimahaiak egindako galdera teknikoei erantzun behar izan zieten. Bi ikasle hauek, uztailaren 1etik 3ra bitartean Alemanian jokatuko den nazioarteko finalerako aukeratu dituzte. Ekimenaren helburua, etorkizunean europar esparruko Doitasun-Ingeniaritzaren sektorea zuzenduko duten talentu gazteak aurkitzea da.

Euspen Challenge delakoaren Estatuko fasean nagusitu den Pablo Hernandez irakasleak, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina Erreminta Gelako ikastaroa amaitu ostean, La Caixa Fundazioaren beka bat eskuratuko du 2014an, Zurich-eko Teknologia Institutu Federalean Master bat egiteko aukera izan dezan. Zentro ospetsu honetan jardundako irakasleen artean, 21 Nobel saridun daude, Albert Einstein tarteko dela.

Raul Lopez finalistari dagokionez, Makina Erreminta Gelan egin duen egurren mekanizazioaren inguruko lanak merezitako lekua lortu du Britainia Handiko Ingeniari Mekanikoen Institutuaren aldizkariak plazaratutako fabrikazio teknologiei buruzko lan zientifiko batean.

Ingeniaritzako adar honek prezisiozko fabrikazio prozesuak ikertzen ditu, sistemak, gailuak eta metrologia teknikak, eta azken belaunaldiko materialen diseinuak, nano eta mikro prezisio ingeniaritza alorrean. Nanoteknologia, atomoen eta molekulen eskalan materialen manipulazio eta aplikazio arloan lan egiten duen teknologiari deritzo eta abangoardiako konponbideak eskaintzeaz gain, modu eraginkorragoan lortzen ditu eta aplikazio eremu zabala jasotzen du bere baitan, automozioa, aeronautika, biomedikuntza, elektronika edo energia berriztagarriak adibidez.

Europako Doitasun eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak (EUSPEN), mundu osotik barreiatutako 30 herrialdetako enpresariak, ikerlariak eta erakundeak artikulatu eta kontaktuan jartzen dituen sare eraginkorra eta nazioarteko erakunde bat da. 1999an Britainia Handian sortuta, bere helburua enpresa eta ikerketa institutuen artean kolaborazioa sustatzea da, prezisio ingeniaritza eta nanoteknologia arloan, garapen teknologiko ezberdinak bultzatzeko.

Aurreko edizioetako sariak

Azpimarratu beharra dago, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina-erreminta Gelako bi ikasle izan zirela irabazleak, Euspen Challenge 2012an, Eindhovenen (Herbehereak) iazko uztailean ospatutako finalean beste hainbat mailatan eta herrialde ezberdinetako hiru ikaslez osatutako zortzi talderen artean.

Gogora ekarri, 2010eko lehen edizioan, Eskolako hiru ikaslek espainiar atala irabazi izana eta hauetako batek, orduan Makina-erreminta Gelako ikaslea eta orain UPV/EHUko irakaslea, Europako irabazleen arteko bat izan zela.

Informazio gehiago:

Prentsa Kabinetea

L&V Comunicación (Itziar Villamandos)
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola teknikoko Prentsa Kabinetea Bilbo