Cabecera

Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Eduki publikatzailea

2020 02 27 - BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAK LARRIALDI ZERBITZUETAKO KOMUNIKAZIOAK GARATZEKO FUNTSAK ESKURATU DITU ESTATU BATUETAKO GOBERNUAREN ESKUTIK

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/28

Komunikazio Ingeniaritza Saileko ikerketa talde batek 3,6 milioi dolar jasoko ditu, telefono mugikorrak larrialdien kudeaketarako homologatzeko aukera emango duten tresnak garatzeko

 Estatu Batuetako Merkataritza Sailak ikerketa talde horrengana jotzen duen bigarren aldia da, eta Telekomunikazio ingeniaritzaren mundu mailako abangoardian jartzen du

Bilbon, 2019ko otsailaren 26an. Bilboko Ingeniaritza Eskolako Komunikazio Ingeniaritza Sailak Estatu Batuetako Gobernuaren 3,6 milioi dolarreko diru laguntza lortu du, bere larrialdi zerbitzuek mundu osoan laster erabiliko dituzten sakelakoen homologaziorako gailuak garatzeko. Duela hiru urtetik hona, Estatu Batuak lanean ari dira bere eginkizun kritikoetako komunikazio-sareak, 5G teknologiak estandarizatzeaz arduratzen den erakundeak definitutako MCPTT (Misión Critical Push-to-Talk) teknologiara egokitzeko. Zeregin horretarako, aurretik ere izan dira harremanetan eskolako ikertzaile horiekin, eta orain, herrialde osoko suhiltzaileek, poliziek edo zerbitzu medikoek erabiltzen duten ‘smartphone’ bakoitzaren kalitate-kontrola egiteko tresnak sortzeko agindua eman diete.

“Telefonia mugikorraren potentzialtasunak hor dauden arren, larrialdi zerbitzuek ‘walkie talkie’-ak erabiltzen jarraitzen dute, segurtasuna ematen duten sare propioak behar dituztelako. Sare horiek 4G teknologiara (edo, orain, 5Gra) egokitzeak eskatzen duen inbertsioak urte asko atzeratu du hobekuntza-prozesua, istripu edo hondamendi bat dagoenean lan egiten duten profesionalek abiadura handian sartzeko aukerarik gabe geratu diren unea heldu den arte. Horrez gain, sare berriak nazio mailakoak izatea ere nahi du Gobernuak, estatu bakoitzak beste estatuetako larrialdi zerbitzuek erabili ezin izango duten sare propioa izan ez dezan”, azaldu du Fidel Liberalek, Eskolako Komunikazio Saileko irakasle eta proiektuaren arduradun den NQaS (Networking Quality and Security) ikerketa taldeko koordinatzaileak.

Eginkizun kritikoko komunikazioak egokitzeko, aldez aurretik estandarizazio-lan handia egin eta produktu berriak estandar horiek betetzen dituztela egiaztatu behar da. Testuinguru horretan, Eskolako ikertzaileen zeregina, datozen bi urteetan, terminal horietara konektatuz gaitasun eta erresistentzia probak egingo dituzten gailuak garatzea izango da, baliozkotasuna egiaztatzeko. ‘Beraz, hori izango da gure zeregina; suhiltzaile edo polizia baten eskuetan dagoen mugikor bakoitzak eskatzen zaiona egiten duela bermatuko duten eta estandarrak dioen bezala erantzuten duten gailuak diseinatzea eta garatzea‘, azaldu du Liberalek.

Horrela, Eskolako ikertzaileek, Merkataritza Sailaren menpe dagoen Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionalarentzat egingo dute lan. Eta partzuergo baten buru izanda egingo dute. Partzuergoaren barruan Nemergent Solutions ere egongo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen enpresa-haztegian Liberalek eta Jose Oscar Fajardo ikertzaileak sortutako ‘spin-off’-a. NQaS ikerketa taldearen eta Nemergent Solutions-en artean, Bilbotik proiektu honetan lan egingo duten hogeita hamar bat lagun batzen dituzte.

Horiez gain, eginkizun kritikoko komunikazio-sareak 5Gra egokitzen inplikatutako bi enpresa-talde handienek (TCCA eta PSTA), Estatu Batuetako terminal fabrikatzaile batek (Sonim), larrialdi-zerbitzuetarako soluzio informatikoetan espezializatuta dagoen Austriako GridGears enpresak, transmisio-sareko ekipoen Enensys fabrikatzaile frantsesak eta Texas A&M.Unibertsitateak ere osatzen duten partzuergoa.

 

Eskola, mundu mailako abangoardian

AEBetako Gobernuak Liberalek zuzentzen duen ikerketa taldearen esku uzten duen bigarren proiektua da. 2016an, 1,26 milioi dolar eman zizkion, sakelakoei eginkizun kritikoko komunikazio-sareetan sartzeko eta lan egiteko aukera emango dieten aplikazioak garatzeko.Garai hartan, Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionala, larrialdi-zerbitzuei teknologia mugikor komertzialak erabiltzea erraztuko zieten komunikazio irekien eta estandarren ekosistemak sortzeko Europako proiektu batean egindako lanaren berri izan ondoren jarri zen eurekin harremanetan.

“Lehenengo ‘smartphone’-ak duela hamar urte baino lehenagotik merkatuan dauden arren, oso gutxi dira ‘telekoen’ adar klasikoaren ezagutza Interneten eta sareen sektorearekin lotzen duten ikerketa taldeak eta enpresak. Eginkizun kritikoko komunikazioetarako, bi gauzei buruz jakin behar da, eta merkatuan ez dago bi munduak menderatzen dituen jende askorik“, adierazi du irakasleak, eta profil profesional hori ez zaiola solik Estatu Batuetako Gobernuari interesatzen gaineratu du. “Nik Telekomunikazioen Ingeniaritza Masterreko bigarren mailan ematen ditut klaseak, eta iraileko lehen egunean ikasle guztiak lanean dira jada. Hemen, Euskal Herrian,
enpresek gure saileko ikasleak eskuratzeko borrokatzen dira, eta beti ari gara institutuetara joaten, bokazioak pizteko, merkatuak eskatzen digulako“, azaldu du.


Informazio gehiago: VILLAMANDOS COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos
KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA
Tel.: 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com