ACCENTURE 2016 SARIA-BILBOKO INGENIARITZA ESKOLA

Bilboko Ingeniaritza Eskolako automatika ikasleei dronen programazioa eta kontrola erakutsiko dien softwarea diseinatu du ikasle batek

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/27

  • Aurreko ikasturtean Automatika eta Elektronika Industrialeko titulua lortu zuen eta une honetan  Ingeteam enpresan lanean ari den Alberto Aguadok garatu du software hori, datozen promozioetako bere ikaskideek dronen programazioa errazago ikas dezaten
  • Accenturek  1.800 eurorekin saritu duen Master Amaierako Lanari esker, ikasleek dronaren nabigazio kontroleko funtzio gehiago egin ahal izango dituzte, konplexuagoak edo ez hain konplexuak, bakoitzaren ezagutza mailaren arabera
     

Bilbon, 2016ko maiatzaren 27an.- Bilboko Ingeniaritza Eskolako Master Amaierako Lan Hoberenari ematen zaion Accenture Sariaren epaimahaiak, 1.800 euroko bere XVII. edizioko saria eman dio Alberto Aguado San Millán Automatika eta Elektronika Industrialeko ikasleari. Ikasleak, hurrengo promozioetako bere ikaskideek, tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuen (dronen) programazioa, erabilera eta kontrola errazago ikas dezaten balioko duen softwarea garatu du. Ikasketak aurreko ikasturtean amaitu zituen, eta bere praktikaldia amaitu ondoren Ingeteamen kontratua jaso zuen ikasle irabazleak gaur goizean jaso du saria Eskolako bertako Graduen Aretoan.

Aguadok, unibertsitateko Automatikako ikasleei, MatLab plataforman oinarrituz (hainbat espezialitatetako ingeniariek kalkulu teknikoak eta simulazio matematikoak egiteko gehien erabiltzen dutenetakoa) dronen programazioa ikastea errazten dien tresna garatu du. Accenture Sariaren irabazleak, MatLaben, Windows sistema eragilea duen edozein ordenagailutan aplikagarria den software bat ezartzea proposatzen du. Gainera oso dron modelo ezagunerako (Parrot AR Drone 1.0 koadrikopteroa) dago garatuta. Ezaugarri horiek direla eta, Aguadok egin duen garapenak izaera orokorra du, eta erabiltzaileari sistemaren erabilera maila anitz eskaintzen dizkio (bere ezagutzen eta trebeziaren arabera) eta, gainera, dron horren sistema imitatzen duten sistemetan aplikagarri bilakatzeaz gain, etorkizunean, beste hegaldi plataforma batzuetan ere aplikatu ahal izango da.

Eloy Irigoyen Gordo irakasleak zuzendu duen proiektuan garatu den softwareari esker, erabiltzaileak dronaren nabigazioa programatu ahal izango du, oinarrizko elementuetatik hasita (aireratzea, hegaldiaren kontrola…) eta simulazioak egin ahal izango ditu, bere sistemaren doikuntzak edo modelizazioak egiteko, baina hardwarearekin izan beharreko komunikazioa ere errazten du, wifi bitartez, eta horren bidez, dronari jartzen zaizkion sentsoreek bidalitako seinaleak ere jaso ahal izango ditu. Tripulaziorik gabeko aireko ibilgailu horiek, funtzio militarrak izatetik, aplikazio ugari garatzera igaro dira azken urteetan; adibidez, landaredia handietako izurriak kontrolatzeko eta haize-errota parkeetako sorgailuen mantentze lanak zaintzeko erabiltzen dira dagoeneko, eta Amazon etxea, egiten zaizkion eskariak entregatzeko dronak erabiltzea ere aztertzen ari da.

Accenture Saria
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Master Amaierako Lan Hoberenari ematen zaion 1.800 euroko Accenture Saria, Eskolaren Hezkuntza Lankidetza Programaren barruan 2000. urtean ikastetxearen eta Accenture kontsultoretza etxearen artean sinatu zen akordioaren ondorioz sortu zen. Aurkeztutako lanen izaera berritzailea eta osagai teknologikoa dira saria emateko orduan gehien baloratzen diren irizpideetako bi. Saria, aire-espazioko, automobilgintzako edo errobotikako sektoreetarako garapenetan zentratutako proiektuek jaso dute dagoeneko.

 

Informazio gehiago:
L&V COMUNICACIÓN –Itziar Villamandos
Kale Nagusia, 81-3. solairua, 9. departamentua - 48011 BILBO
Tlfa. 94 416 08 00 -Faxa: 94 479 38 97 - Mugikorra: 657796583
villamandos@lvcomunicacion.com