Albisteak

2021 04 14 - 20/21 denboraldiko Formula Student Bizkaia monoplazak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu larunbat honetan 11:30etik aurrera

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/14

Bilboko Udaltzaingoak eskoltatuta, ibilgailua 11:30ean abiatuko da Bilboko Ingeniaritza Eskolatik eta 30 minutuz zirkulatuko du Sabino Aranatik, Kale Nagusitik, Albia lorategietatik eta Bilboko Udaletxe ingurutik

“Driving Bilbao” ekitaldian, aurtengo udan Formula Student España eta Formula Student UK nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko garatutako lehiaketako FSB 2021 ibilgailu elektrikoaren prototipoa erakutsiko da

Bilboko Ingeniaritza Eskolako 78 ikaslek eta 4 irakaslek osatzen dute Formula Student proiektua

BILBOn, 2021eko apirilaren 16an / Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak kalera aterako du larunbat honetan, apirilaren 17an, 2020/2021 denboraldiko ibilgailua. Bilboko Udaltzaingoak lagunduta, monoplazak ibilaldia egingo du herriko arteria nagusietatik. Ekitaldia 11:30ean hasiko da Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta 30 minutu inguru iraungo du, Sabino Aranatik, Kale Nagusitik, Albia lorategietatik eta Bilboko Udaletxetik igaroz.

Formula Student Bizkaia proiektuaren lehiaketarako ibilgailu elektrikoak hiriko kale nagusiak zeharkatuko dituen “Driving Bilbao” ekimena 2015az geroztik egiten da, EHUk azaroan antolatzen duen Zientzia Astearekin bat eginez. COVID-19aren pandemiak eragindako murrizketen ondorioz, 2020an data larunbat honetara aldatzea erabaki zen.

2006an sortutako Formula Student Bizkaia irakaskuntza-proiektuak Formula motako monoplaza diseinatzeko eta eraikitzeko erronka planteatzen die bertan parte hartzen duten ingeniaritzako ikasleei. Proiektu hori Silverstoneko eta Bartzelona-Kataluniako zirkuituetan egiten diren nazioarteko Formula Student ekitaldietan lehiatzen da, mundu osoko 100 unibertsitate baino gehiagoren kontra. Proiektua Bilboko Ingeniaritza Eskolako 78 ikaslek eta 4 irakaslek osatzen dute.

Bizkaiko hiriburuko kale nagusietatik zirkulatuko duen Formula Student Bizkaia monoplaza, munduko unibertsitate-lehiaketarik ospetsuenetako batean parte hartzeko Bilboko Ingeniaritza Eskolan egingo den hamabosgarrena da. Formula Student ekitaldiak nazioarteko unibertsitateetako ikasleen arteko ingeniaritza-lehiaketa garrantzitsuenak dira, eta mundu osoko 100 taldetako 3.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzte.

FSB2021 prototipoa monoplaza elektriko bat da (80 kW). Ezaugarri hauek ditu: 22 kilometroko autonomia potentzia osoan; atzeko trakzioa motor elektriko bikoitz bidezkoa; monokaskoa eta karbono-zuntzezko pack aerodinamikoa; 212 kilogramoko pisua; 107,5 kilometro orduko puntako abiadura; 3,8 segundoko azelerazioa orduko 0kilometrotik 100era; eta wifi bidezko telemetria.

Aurreko FSB2020ren teknologian oinarritzen da, nahiz eta hainbat arlotan hobekuntzak dituen: txasisa eta aerodinamika batera diseinatu dira kurbetan heltzeko gaitasuna maximizatzeko; esekidura karbono-zuntzez egin da pisua murrizteko eta gidatzeko orduan erraztasunari eusteko; baterien packa optimizatu egin da, tamaina eta pisua txikituz eta paketatzea trinkotuz; eta, azkenik, balaztatzean energia berreskuratzeko sistema bat txertatu da.

Ibilbidea eta ordutegia

Formula Student Bizkaia monoplazak 11:30ean hasiko du Bilboko kaleetan zehar egingo duen 30 minutuko ibilbidea.

Ibilbide osoa hau izango da:

• 1. tartea: Bilboko Ingeniaritza Eskolatik Moyuaraino.

• 2. tartea: Moyuatik Euskadi plazaraino eta buelta.

• 3. tartea: Moyuatik udaletxeraino, plaza biribila igarota.

• 4. tartea: Udaletxetik, Albia eta Moyua lorategietatik, eskolara itzuli arte.

Driving Bilbao promo Bideoa:

     https://youtu.be/cdPtSPSC-V4

Taldeari buruzko informazio bideoa:

     https://www.youtube.com/watch?v=4LfXQ8lQTGY