Albisteak

INGENIARITZA ESKOLA FUNDAZIOAK, BATERIEN BIZITZA ERABILGARRIA KALKULATZEKO ETA ENERGIA BERRIZTAGARRIEN INTEGRAZIOA ERRAZTEKO TRESNA BERRIAK EMATEN DITUEN LAN BAT SARITU DU

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/18

● Bilboko Ingeniaritza Eskolan Telekomunikazio Ingeniaritzan graduatuta dagoen Endika Robles ikasleak 650 lan ordu inguru erabili ditu Tecnaliarekin lankidetzan aurrera eraman duen proiektuan

● Fernando Querejeta Fundazioaren zuzendariaren eskutik saria gaur jasoko duen Robles, ibilgailu elektrikoari buruzko doktoretza tesia ari da egiten une honetan

Bilbon, 2018ko ekainaren 15ean.- Endika Robles, Bilboko Ingeniaritza Eskolan graduatutako Telekomunikazio Ingeniariak, Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioak urtero ematen duen Master Amaierako Lan Onenaren Saria lortu du. Bere ikerketa lanak baterien bizitza erabilgarria kalkulatzeko tresna berriak ematen ditu. Elementu hori funtsezkoa izango da etorkizuneko sare elektrikoetan, eta jatorri berriztagarria duen energia sarean gehiago eta errazago integratzeko aukera emango du.

Sariaren banaketa eta lanaren aurkezpen ekitaldia gaur eguerdiko 12:30ean izango da Eskolako Hitzaldi Aretoan. Enrique Amezua Eskolako zuzendaria eta Fernando Querejeta Fundazioaren presidentea bertan egongo dira, eta azken horrek, sariaren 1.500 euroko txekea emango dio.

“Automatización de ensayos y análisis e implementación de algoritmos para la estimación del tiempo de vida en baterías de iones de litio” izenburua duen lanean, Endika Roblesek energia biltegiratzeko sistema horien bizitza erabilgarria aztertu du. Horien garrantzia funtsezkoa da haize edo eguzki jatorriko iturriak integratu ahal izateko, horiek, definizioz, aurretik jakin ezinak baitira. Une jakin batzuetan sortutako soberakinak biltegiratzea eguzkia edo haizearen indarra nahikoak ez direnean kontsumitu ahal izateko ezinbestekoa da etorkizuneko sistema elektrikoen egonkortasun jasangarria ziurtatzeko.

Roblesek 650 lanordu inguru erabili ditu, Jon Andreu irakaslearen tutoretzapean eta Tecnaliako Energia eta Ingurumen sailean. Horren aurrekaria, ibilgailu elektrikorako diagnostiko sistema batean oinarritutako Gradu Amaierako Lana izan zen. Dena den, lan hori beste ikuspegi batekin egin zen enpresa berean (Industria eta Garraio Sailean), eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren eta euskal teknologia korporazioaren arteko lankidetza proiektu bateratua eragin zuen.

Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioaren Sariaren aurtengo edizioa irabazi duen proiektuan, baterien parametro nagusiak ezaugarritzeko eta horien bizitza denbora ebaluatzeko aukera ematen duten algoritmo berritzaileak inplementatu dira. Lana aurrera eraman ahal izateko, Roblesek, Tecnalia teknologia korporazioaren instalazioetan dagoen baterien entsegurako bankua erabili du.

Ibilgailu elektrikoari buruz ikertzen
Endika Robles Pérezek (Bilbo, 1991) Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritza Gradua egin du, Sistema Elektronikoen espezialitatean eta, ondoren, Telekomunikazio Ingeniaritza Unibertsitateko Masterra egin du espezialitate berean. Une honetan, “Convertidores de potencia avanzados basados en semiconductores de banda ancha para aplicaciones de automoción” gaiari buruzko Doktoretza Tesia egiten ari da, eta prestakuntza fasean dagoen ikerlari beka du Bilboko Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) Teknologia Elektroniko Sailaren esku dagoen APERT ikerketa taldearen barruan.

Enpresa mintegiak

Beste alde batetik, ekitaldi horretan bertan, diplomak banatu zaizkie “Enpresa Mintegiak” programaren hogeigarren edizioan parte hartu duten 15 ikasleei. Ekimen horren bitartez, eskolak gonbidapena egiten die hainbat sektoretan puntan dauden enpresei, euren jarduera eremuen berrikuntzak azal diezazkien ikasleei. Ikasturte honetan egin diren bi mintegietan hauek izan dira partaideak: Sidenor eta Deloitte.

Informazio gehiago:
L&V Comunicación (Itziar Villamandos)
Bilboko Ingenieritza Eskolako Prentsa Kabinetea
Tel.: 94 416 08 00 móvil: 657 796 583
villamandos@lvcomunicacion.com