Albisteak

2020 02 05 - BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAK ENPLEGU AZOKA ANTOLATU DU SAN MAMESEKO ESTADIOAN, ETORKIZUNEKO INGENIARIEN BILA ARI DIREN EUSKADIKO 50 ENPRESAREKIN

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/06

Ostegun honetan, otsailaren 6an, energia, automatizazio, siderurgia, telekomunikazio, automobilgintza, kontsultoretza… sektoreetako enpresek eta zentro teknologiko nagusiek eurekin lan egingo duen talentua erakartzea aurreikusten dute

Eskolak Enplegurako eta Enpresen Aurkezpenerako antolatzen duen Jardunaldia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, Euskadiko enpresek kualifikazio maila altuko profil teknologikoak izateko duten beharra dela eta

Bilbon, 2019ko otsailaren 6an. Barça ez da izango ostegunean San Mamesek jasoko duen bisita bakarra, eta Kopako final laurdenetako norgehiagoka ere ez da izango estadioan egingo den topaketa garrantzitsu bakarra. Erdiko eraztunak, Euskadiko konpainia garrantzitsuenei Bilboko Ingeniaritza Eskolan ari diren etorkizuneko ingeniariak eurenganatzeko aukera emango dien Enplegurako eta Enpresen Aurkezpenerako Jardunaldia jasoko du goizean. Ordu batzuk geroago belarraren gainean ikusiko denaren inbidiarik izango ez duen benetako talentu kontzentrazioa.

Aurten, berrogeita hamar enpresa inguruk ikastetxeak eskaintzen dien aukera baliatuko dute Eskolako gradu eta master guztietako ikasleak eta tituludunak ‘liluratzeko’, euren proiektuak eta garapen profesionalerako eskaintzen dituzten aukerak erakutsiz. Oso lan gogorra izango da; izan ere, ikasketa horiek erabateko enplegua dute, eta ikasleek negoziatzeko eta baita eskaintzak baztertzeko aukera ere izan dezakete. Lehenengo aldiz, hitzordua goiz bakar batean egingo da (ostegunean, otsailaren 6an, 09:30etik 14:00etara), eta horri esker, gazteek euren lan-aukeren ikuspegi osoagoa izango dute.

Profil teknologikoen eskaria
Hitzorduari hasiera emateko, Enrique Amezua Eskolako zuzendariak aurkezpen labur bat egingo du, profesional espezializatuak aurkitzeko zailtasunen aurrean talentuaren ihesa saihestu beharra gogoratuz. Jardunaldi hau bezalako ekimenak, gainera, gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen, Euskadin enpleguaren susperraldia ondoen prestatuta dauden eta goi-mailako ikasketak dituzten langileengan oinarritzen dela agerian geratzen den heinean. Egiaztapen hori Lankidetzarako eta Ekonomiaren Garapenerako Erakundea (OCDE) bezalakoek baieztatzen dute. Erakunde horrek ohartarazten duenez ikasleen %30ek soilik aukeratzen dituzte karrera teknikoak, enplegagarritasun handia duten arren. Eskola bera da enplegagarritasun horren adibide.

Enpresara egokitutako Eskola
Everis Fundazioak nabarmendu duenez Espainiako Industria Ingeniaritzako campusen artean enplegu-emaileen beharretara ondoen egokitzen dena den Bilboko Ingeniaritza Eskolaren ospeak urtero erakartzen ditu zentro horretan etorkizuneko profesionalak aurkitzea espero duten puntako enpresak. Nazioartean oso zabalduta dauden enpresak dira, eta, besteak beste, Eskolako ikasleen %25ek beste herrialde batean egonaldia egitea eskertzen dute. Hori dela eta, urtero atzerrira ikasle gehien bidaltzen duen EHUko zentroa da.

Parte hartzaileen artean, hainbat sektore estrategikotako, energia, telekomunikazio, automatizazio, siderurgia, automobilgintza, kontsultoretzako… konpainiek euren presentzia baieztatu dute. Aurten, egongo diren enpresen artean hauek aipa daitezke: Accenture, Altran Technologies, Arania, AVS, Batz, Bosonit, CAF Turnkey & Engineering, CMZ Machinery Group, Deguisa, Deloitte, Egile Corporation XXI, EIA21, Elecnor, Etxe-Tar, Euskaltel, Ferchau Engineering Spain, Ferrovial Servicios España, FEV Consulting Iberia, General Electric Renewable Energy, GHI Hornos Industriales, GES-Global Energy Services Siemsa, Grupo Sarralle, Grupo Ulma, Idom, Ingeteam, Inser Robótica, Irizar, ITP, Lointek, Maier, Management Solutions, P4Q, Sener, Serikat Consultoría e Informática, Sidenor eta Tecuni.

Beste erakunde batzuk ere egongo dira, Tecnalia, Ceit Ikerlan eta Tekniker Fundazioa zentro teknologikoak, AIC Automotive Intelligence Center, telekomunikazioen Itelazpi euskal sozietate publikoa edo CIC Energigune, besteak beste. Gainera, elkarte profesionalak ere ez dira faltako, Hegan-Basque Aerospace Cluster, AFM (Makina-erreminta Fabrikatzaileen Elkartea), Euskadiko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkartea (Galdaketaren klusterra), Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoa edo UPV/EHUko Zitek enpresa-haztegia, beste batzuen artean.

Informazio gehiago: VILLAMANDOS COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos
KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA
Tel.: 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com